Joan eduki nagusira

zoom Pablo Archel (ezk.) eta Javier Husillos ikertzaile eta artikuluaren egileak, NUPen.

Pablo Archel (ezk.) eta Javier Husillos ikertzaile eta artikuluaren egileak, NUPen.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) bi irakaslek, beste bi ikertzaile britainiarrekin lankidetzan, artikulu bat argitaratu dute Espainiako kontu-ikuskari publiko eta pribatuen elitearen bereizgarri soziokulturalei eta beren jardun profesionala garatzeko orduan daukaten eraginari buruz, eta lan hori 2017an “Human Relations” aldizkarian argitaratutako onenen artean kokatu dute. Sage izeneko multinazionalaren argitalpen hori munduko diziplina anitzeko aldizkaririk onenetako bat da, gizarte zientzien arloan daukan eragin-faktorea dela eta.

Artikuluaren egileak Pablo Archel Domench, Javier Husillos Carqués (biak NUPeko Enpresen Kudeaketako Saileko irakasleak), Crawford Spence (Londresko King’s College) eta Chris Carter (Edinburgoko Unibertsitatea) ikertzaileak dira. “Human Relations” aldizkariaren argitalpen-kontseiluak hautatutako ikerketa horren emaitzen arabera, Espainiako kontu-ikuskaritza publikoaren eremuko elite profesionalaren kultura-maila “sektore pribatuko homologoek agertutakoa baino nabarmenki handiagoa da”. Profesional horiek espezializatuta daude, alde batetik, erakunde publikoen eta, bestetik, enpresen kontuen eta egoera ekonomikoaren berrikuspenean eta egiaztapenean.

“Aztertutako kontu-ikuskari publikoek ezagunago dituzte eta gehiago atsegin dituzte genero artistikoak, eta berezko balioarengatik eta bere maila artistikoarengatik balioesten dute kultura —azaldu du Javier Husillosek—. Aldiz, badirudi aztertutako kontu-ikuskaritza pribatuaren eliteak interes askoz txikiagoa daukala balio intelektual handiko produktuak kontsumitzeko, eta bere maila artistiko-kulturala txikiagoa da. Hala, mota horretako produktuen kontsumoan, merkatuan arrakasta handiagoa izateko datuak eta informazioa bilatzen ditu batik bat”.

Enpatiatik enpresen onura maximora

“Taste matters: Cultural capital and elites in Proximate Strategic Action Fields” (“Gustua garrantzizkoa da: kapital kulturala eta eliteak hurbileko ekintza estrategikoko eremuetan”) izeneko artikuluaren arabera, kontu-ikuskari publikoek “gaitasun handiagoa agertzen dute konplexutasun handiko eta diziplina anitzeko diskurtso landuak garatzeko, beren lanean kudeatu behar dituzten arazo sozialak modu enpatiko eta holistikoan aztertu ahal izateko (arazoaren dimentsio ezberdinak aldi berean aintzat hartuz), eta alderdi horretan maila intelektual nabarmenki handia ere erakutsiz”.

“Bestalde, aztertutako kontu-ikuskaritza pribatuaren elitearen nortasuna eta pentsamoldea teknikoagoa izanik, badirudi beren lanbidean buru-belarri jardutera eramaten dituela kontu-ikuskari horiek, bereziki lantoki duten enpresaren etekina maximizatzeko helburuz”, gehitu du Pablo Archelek.

Ikerketan egiaztatu ahal izan da, halaber, kontu-ikuskari pribatuek, denborak aurrera egin ahala, gero eta maizago egiten dituztela lehenago soil-soilik sektore publikoko lankideen ardura ziren kontu-ikuskaritzako lanak. “Horrekin batera, sektore publikoaren paradigma ere aldatzen ari da; izan ere, merkatuan erabiltzen diren parametroek gero eta eragin handiagoa daukate sektore publikoan”, adierazi du Javier Husillosek.