Joan eduki nagusira

zoom Idoia Labayen Goñi, NUPeko Osasun Zientzien Saileko ikertzailea.

Idoia Labayen Goñi, NUPeko Osasun Zientzien Saileko ikertzailea.

Idoia Labayen Goñi Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzailea da, eta 8 urtetik 11 urtera bitarteko 1.247 adingaberekin egindako ikerketa batean lan egin du Gaztela-Mantxako eta Granadako unibertsitateekin batera. Ikerketari esker ikusi du bihotz-birikak egoera onean edukitzeak arrisku kardiobaskularra txikiagotzen duela haur gizenen artean. Izan ere, arrisku metabolikoa, zeina baldintzatzen baitu triglizeridoen kontzentrazioak, HDL kolesterola (“ona” esaten diotena) eta odoleko glukosa, bai eta arterietako presioak ere, txikiagoak dira gaitasun aerobiko ona duten haur gizenen artean, pisu normala eduki arren egoera fisiko txarra duten haurren artean baino. Nolanahi ere, ikerketak beste datu esanguratsu bat ematen digu: arrisku kardiometabolikoa eta intsulinaren aurkako erresistentzia areagotu egiten dira adin horietan gorputzaren gehiegizko pisua handiagotzen den neurrian.

Emaitza horiek “Diabetes Care” endokrinologiari eta metabolismoari buruzko aldizkari ospetsuenetako batean argitaratu dituzte, eta bat datoz pertsona helduekin egindako beste ikerketa batzuekin, zeinetan ikertzen baita “Fat but Fit” (“gizena, baina sasoian”) paradoxaren hipotesia. Paradoxa horren arabera, gehiegizko pisua eduki edo gizenak izan arren, egoera fisiko ona duten gizabanakoek ez dute gaixotasun kardiobaskularragatik hiltzeko arrisku handiagoa pisu normala eduki arren egoera fisiko txarrean daudenek baino.

Jarduera fisiko handiagoa adingabeengan

“Osasun publikoko nazioarteko erakundeek eta sozietate zientifikoek aholkatzen dute gizentasunaren epidemiari 2 motako diabetes mellitusari aurrea hartzeko programak ezartzea —azaldu du Idoia Labayenek—. Nolanahi ere, gizentasunaren ohiko tratamenduak, pisua galtzeko dieta hipokalorikoan oinarritutakoak, ez du arrakastarik eta jarraitzeko zaila da populazio pediatrikoaren kasuan”.

Emaitzak ikusirik, ikertzaileek iradokitzen dute haurren bihotz-biriken egoera hobetzeko jarduera fisikoaren sustapena gizentasunari aurrea hartzeko eta tratatzeko programa hauetan sartu beharko litzatekeela bizitzan goizik.

Idoia Labayen Osasun Zientzien Saileko irakasle titularra da, eta PREDIKID proiektua (“Prevention of Diabetes in Kids”, haurretan diabetesari aurrea hartzearen siglak ingelesez) zuzentzen du. Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatzen du proiektua, gizartearen erronketara orientatutako I+G+b-ko estatuko programaren bidez.