Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) banatu ditu, lehen aldiz, Irakasleen Bikaintasun Sariak. Sari hauen bidez hainbat sail eta arlotako hamar irakaslek azken bost urteetan egindako lanaren aitorpena egin dute. Saria emateko ekitaldia duela gutxi izan da Gurbitzak eraikineko Nicolás Oresme aretoan. Alfonso Carlosena errektoreak eta Manuel Rapún Ekonomia, Plangintza eta Irakasleen gaietarako errektoreordeak zuzendu zuten ekitaldia. Aitortza eman zieten irakasleen ordezkari-lanak Cristina Azcárate Camiok, Unibertsitateko Estatistika eta Ikerketa Operatiboko Saileko irakasleak egin zituen, hitz batzuk esanez.
Aipatu irakasle hau ez ezik, hauek dira saria jaso zuten beste bederatzi irakasleak: Jesús Álvarez Mozos (Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Saila), José Javier Astráin Escola eta Federico Fariña Figueredo (biak Matematika eta Informatika Ingeniaritza Sailekoak), Rosa Maria Canals Tresserras eta Miren Kizkitza Insausti Barrenetxea (Nekazaritzako Ekoizpen Saila), Jorge Elso Torralba (Automatika eta Konputazioa Saila), Juan Ignacio Latorre Biel (Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritzako Saila), Óscar Martín Martín (Enpresen Kudeaketa Saila) eta Pablo Sachis Gúrpide (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saila).
Irakaskuntzaren bikaintasuna ebaluatzeko prozesua
Irakaskuntza lana ebaluatzeko aplikatu den metodoa Unibertsitatean 2007tik gai honi buruz dagoen araudi baten gaurkotze baten ondorioa da. Ebaluazioa borondatez eskatzen da eta hiru kontu biltzen ditu: egokitasuna (alegia, ematen diren edukiak Unibertsitateak, ikastegiak eta titulazioak dauzkaten ildoekin bat datozen, plan estrategikoetan eta ikasketa planetan biltzen dituzten moduan), gogobetetasuna (jarduerak ikasleen eta arduradun akademikoen aldeko iritzia edukitzea), eta irakasleak berak bere jarduerari buruz egiten duen gogoeta eta jarduerari aplikatu zaion hobekuntza (batzordeetan eta bileretan parte hartzearen bidez, eta gaian eta irakaskuntza-estrategietan egindako prestakuntzaren bidez).
Aurkeztutako eskaerak batzorde batek ebaluatzen ditu. Batzorde horren partaideak hauek dira: Gobernu Kontseiluak izendatzen duen eta NUPekoa ez den unibertsitateko irakasle bat, gaian aditua dena, irakasleen gaien arduraduna den errektoreordea, ikastegiak eta sailak ordezkatzen dituzten irakasleak, Unibertsitateko ikasleen ordezkari bat, eta Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak (ANECA) izendatzen duen eta NUPekoa ez den unibertsitateko irakasle bat.