Óscar Herrero, Leire Beisti, Joaquín Ansa (Gizarte Kontseiluko burua), Cristina Bayona (Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordea), Juan Gallego (Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren Enplegu Arloaren arduraduna), Leyre Catalán eta Arantxa Bujanda.
Óscar Herrero Mola eta Irene Beisti Antoñanzas Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Industria Ingeniaritzako Masterreko ikasleek irabazi dute Ekintzailetza proiektuak dituzten Ikasketa Amaierako Lanen I. Sariak. NUPek egiten du sariketaren deialdia, Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako Errektoreordetzaren bidez. Sari nagusi gisa 1.000 € jaso dituzte kategoria bakoitzeko irabazleek.
Herreroren lanaren izenburua “Diseño y construcción de un banco de ensayos para medir resistencias térmicas de contacto” da; Beistirena, berriz, “Estudio y simulación térmica de una aleación hiperheutéctica de aluminio-sicilio utilizada en procedimientos de inyección de alta presión”.
Kategoria bakoitzean, bigarren gelditu direnak ere 500 €-rekin saritu dira. Graduko kategorian, pareko balorazioa izan dute bi ikasle hauen lanek, eta saria bien artean partekatuko dute beraz: Asier Garciandía López (Industria Teknologietako Ingeniaritzako gradua), “Visualización en tiempo real para aplicaciones microfluídicas” izeneko lanagatik, eta Arantxa Bujanda Saiz de Murieta (Erizaintzako gradua), “Propuesta de intervención con mentores de adolescentes con diabetes mellitus tipo 1” lanagatik.
Masterreko kategorian, Leyre Catalán Rosek irabazi du bigarren saria, “Development of a computational model for the study and optimization of thermoelectric generators based on high-enthalpy superficial geothermal anomalies of volcanic origin” lanari esker.
Lehiaketaren helburua
Sariketa honen bidez, Unibertsitateak berrikuntza, sormena eta berrikuntzan oinarritutako ekintzailetza-ideien sorkuntza sustatu nahi du, gazteen autoenplegua errazteko.
Ikasketa amaierako lanak baloratzeko, epaimahaikideek kontuan hartu dituzte, besteak beste, proposamenaren berrikuntza-maila, lehiarako abantaila, merkatu/bezero ikuspegia, proiektuaren heldutasuna eta jakintza-arlo anitzeko izaera.
NUPek ekintzailetzarekin duen konpromisoaren beste adierazgarri bat dira sari hauek, IV. Plan Estrategikoan (2016-2019) jasota dagoen bezala. Izan ere, berrikuntza da planeko balioetako bat, eta horrek pertsonen izaera ekintzailea bultzatzea eskatzen du, ideia berriak sortu eta gizarte- eta negozio-aukeratan gauzatzeko.