Bakhtiyar Orazbayev fisikariak (Karagandy, Kazakhstan, 1988), Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurri duen doktoretza-tesian, bi ikusezintasun-kapa mota garatu ditu. Bata baliagarria da sentsoreak eta antenak ezkutatzeko eta, hala, interferentziak deuseztatzea lortzeko, horrek komunikazio-sistemen errendimendua hobetuko baitu; bestea, berriz, ingurune difusoetan aplika daiteke, giza ehunetan esaterako, eta hori interesgarria da biologiarako eta medikuntzarako. Ikerketa hori metamaterialetan oinarritzen da, hau da, naturan ez dauden ezaugarriak izan ditzaten diseinatutako egitura artifizialetan.
“Ikusezintasun-kapak baliagarriak izan daitezke, besteak beste, objektuak gure begien aurretik ezkutatzeko, zientzia-fikziozko filmetan gertatzen den bezala, adibidez —azaldu du Bakhtiyar Orazbayevek—. Elkarren oso hurbil dauden antenen kasuan, interferentziak sortzen dira. Alabaina, antenen inguruan metagainazal batean oinarritutako ikusezintasun-kapa mehe bat ipiniz horiek ikusezin bihurtzen badira, seinaleak argiagoak izango dira, antena horiek ez dituztelako besteak ‘sentituko’ eta interferentzia gutxiago egongo direlako. Halaber, sentsoreetan ere aplika daitezke, ematen dituzten neurrietan zenbait interferentzia gehitu ohi baitituzte. Sistema honekin, interferentziarik ez gehitzea lor daiteke”.
Miguel Beruete Díaz Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakasleak zuzendu du doktoretza-tesia, zeinak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu baitu. Hala, lan horren beste ekarpen bat argi difusorako erabil daitekeen kapa baten diseinua izan da, ingurune difusoetan aplika daitekeena, ehunetan edo lainoan, esaterako. “Interesgarria da biologiaren eta medikuntzaren arloetarako. Kirurgia-operazio batean, paziente baten gorputzean dagoen objektu bat ezkuta liteke, hala nola bisturi bat, zirujauak organoa oztoporik gabe ikusi ahal izateko eta ebakiduren zehaztasuna hobetzeko. Gainera, kapa hau lagungarria izan daiteke lainopean objektuen arteko distantzia neurtzeko ere, haien artean elementuren batek oztopo egiten duenean”, baieztatu du.
Bere doktoretza-tesian, halaber, bereizmen handiko hiru lente motaren garapena landu du, radar- eta telekomunikazio-sistemak hobetzeko balio dutenak. “Lenteak erabiliz, antena konpaktuagoak eta errendimendu optimokoak lor daitezke. Telekomunikazio-sistemetan aplikatuta, baliagarriak izan daitezke elkarren oso urruti dauden bi punturen artean seinale bat bidaltzeko, hau da, hartzailea eta transmisorea distantzia handiagoan koka daitezke, seinalea bermatuz”, erantsi du, amaitzeko.
Curriculum laburra
Bakhtiyar Orazbayev Fisikan titulatu zen Herrien Adiskidetasunaren Errusiar Unibertsitatean (Mosku). Ondoren, Komunikazioko master bat eta doktoretza-ikasketak egin zituen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, antenen ikerketa-taldearen barruan. Ikerketa-egonaldiak egin ditu Texasko Unibertsitatean (Austin, Estatu Batuak), Valentziako Politeknikoan (Espainia) eta Londresko King’s College ikastegian (Erresuma Batua), eta bere ikerketa-lana nazioko nahiz nazioarteko zenbait biltzar eta argitalpenetan aurkeztu du. Egun, Lausanako (Suitza) École Polytechnique Fédérale eskolan aritzen da, doktoretza ondoko ikertzaile kontratatu gisa.