Mar Rubio-Varas eta Joseba de la Torre Campo irakasleak, Espainiako energia nuklearraren historia ekonomikoari buruzko liburuaren egileak, NUPen.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) María del Mar Rubio-Varas eta Joseba de la Torre Campo irakasleek talde-liburu bat argitaratu dute, ingelesez, Espainiako energia nuklearraren iraganari buruz. Lanak “The Economic History of Nuclear Energy in Spain. Governance, Business and Finance” du izenburua (“Espainiako energia nuklearraren historia ekonomikoa. Gobernamendua, enpresa eta finantzak”), eta Palgrave Macmillan multinazionalak eman du argitara. Bertan, paradoxa batean sakontzen da; izan ere, “Europako hego-periferian gutxien garatutako ekonomietako bat, teknologia eta industria maila oso txikikoa, nazioarteko lehiaren eraginpean ia-ia jarri gabeko enpresak zituena eta, gainera, diktadura baten mendekoa, gai izan zen energia nuklearraren arloan mundu mailan aurreratuen zeuden herrien artean kokatzeko”, bi adituek adierazi dutenez.
Liburuan, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko, Granadako Unibertsitateko, Pompeu Fabra Unibertsitateko (Bartzelona), Salamancako Unibertsitateko eta NUPeko zenbait ikertzailek hartu dute parte. Nafarroako erakundeari dagokionez, Ekonomia Saileko aipatu bi irakasleez gain, Gloria Sanz Lafuentek ere kapitulu bat idatzi du. Lan hori Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatutako ikerketa-lan baten emaitza izan da, eta, iturri gisa, Espainiako, Estatu Batuetako, Frantziako, Ingalaterrako eta Alemaniako agiritegi eta liburutegi ezezagunak edo gutxi ustiatuak aztertu ditu.
“Liburu hau analisirako eta kontzeptualizaziorako ahalegin bat da, eta ikuspuntu mikroekonomiko batetik aztertzen ditu erabakiak hartzeko eta nazioarteko adarkadurak dituen enpresa-ekosistema bat konfiguratzeko prozesuak”, laburbildu dute argitaratzaileek.
Herrialde industrial aitzindariak
“Herrialde gutxik daukate energia nuklearraren inguruko historia ekonomiko, enpresarial eta finantzarioa —adierazi du Joseba de la Torre katedradunak—. Eskuarki, energia nuklearraren historiak ardatz gisa hartu ditu 1945 aurretik ia-ia garatu gabeko energia-iturri berri horren aitzindari aritu ziren herrialde industrialak, hots, Estatu Batuak, Erresuma Batua, Kanada, Frantzia eta orduko Sobietar Batasuna eta Mendebaldeko Alemania”.
Liburuaren argitaratzaileen iritziz, herrialde industrial horiek “erronka teknologiko berri horren berritzaileak izan ziren, industrian, osasunean eta elikaduran zeuzkan aplikazioen hedatzaileak —gizateriaren betiereko oparotasuna hitzematen zuten—, eta, gainera, plutonioaren erabileren kontrol militarraren arduradunak Gerra Hotzean eta haren ondoren”.
Indar txikiko herrialdea, “a priori”
Nolanahi ere, beste herrialde batzuen “indar ekonomikoa ez zen nahikoa, ‘a priori’, halako proiektuari eusteko”. “Espainia horietako bat izan zen, eta inork gutxik erreparatu dio haren historiari —aipatu du Mar Rubio-Varas Historia eta Erakunde Ekonomikoetako irakasle titularrak—. 1950 eta 1985 bitartean, gai izan zen zentral nuklearren programa bat sustatzeko, Mendebaldeko Alemaniak eta Japoniak beste erreaktore instalatzeko asmoz, Indiak, Hegoafrikak, Argentinak edo Brasilek baino gehiago”.
Liburua zortzi kapitulutan bananduta dago, eta, horietan, egileak oinarrizko zenbait elementu aztertzen eta ebazten saiatu dira, erakundeek eta enpresek nazioarteko testuinguruarekin etengabeko lotura daukan historia horren funtsak nola taxutu zituzten azaltzeko.
Hala, lehenengo kapituluan, ikuspegi orokor bat eskaintzen da, mendebaldeko munduan ekonomia nuklearrak oinarri hartu zituen bilakaera makroekonomikoaren eta politikoaren ezaugarriak laburbilduz, eta historia konparatu baterako gakoak emanez. Bigarren kapituluan, eragile nagusiak zehatz identifikatzen eta analizatzen dira: energia nuklearraren arloko adituak, zientzialariak, militarrak, “policy makers” delakoak (legegileak), sustatzaileak, ingeniariak, aholkulariak eta hartzaileak (kontsumitzaileak), frankismotik trantsizio demokratikora bitartekoak. Hirugarren kapituluan, “lobby” (presio-talde) elektronuklearrak Espainiako ereduaren egiturazko arazoetako baten ebazpen-fasean eduki zituen erroak eta portaera azaltzen dira. Kontua zen, besterik gabe, negozio nuklearraren jabea nor izango zen: Estatua ala merkatua. Horrek inbertsio-erabaki oso arriskatuak zekartzan berekin.
Sektore elektrikoaren espekulazio burbuila
Zentral atomikoen enpresa sustatzaileek zeukaten zorra dolarretan xehatzean (ordura arte bere zenbatekoa ezezaguna izan da, eta bosgarren kapituluan jaso da), baieztatu egiten da sektore elektrikoa espekulazio burbuila batean murgildu zela, eta horren bitartez azaltzen da zergatik izan zen beharrezkoa Estatuak enpresak berrerostea, 1984ko moratoria nuklearraren testuinguruan. Zor horren parte handi bat Ipar Amerikako eta, neurri txikiagoan, Frantziako eta Mendebaldeko Alemaniako industriaren eredu teknologikoa inportatzera bideratu zen. Aldi berean, Alemaniako, Frantziako eta Estatu Batuetako laborategiekiko harremanen ondorioz, denbora laburrean espezializazio maila handiko giza kapitala lortu zen (laugarren kapitulua).