Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ematen duen Giza Eskubideak Sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Sariaren epaimahaikoek erabaki dute 2017ko saria Vicente Ferrer Fundazioa (VFF) garapenerako gobernuz kanpoko erakundeari (GGKE) ematea “Indiatik pobrezia desagerrarazteko eta hango herritar guztien funtsezko eskubideak defenditzeko egindako lanarengatik ”; eta zehatzago esateko, “bazterkeriarik handiena pairatzen duten komunitateen eskubideen alde, esaterako dalit edo ukiezinak bezalakoen alde, 40 urte baino gehiagoan egindako lan garrantzizkoarengatik, non eta planetako tokirik pobreenetako batean”. Saria 36.000 eurokoa da.
Atzo, abenduaren 10ean, igandea, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatu zen, eta gaur, abenduaren 11n, astelehena, egun horretatik hurbilen dagoen data denez, ezagutarazi da saria jaso duen erakundearen izena. Hauek egon dira ekitaldian: Joaquín Mencos Doussinague, epaimahaiko burua eta Brunet Fundazioaren buruordea; Ines Olaizola Nogales, Unibertsitatearen idazkari nagusia, eta Alejandro Torres Gutiérrez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Konstituzio Zuzenbideko katedraduna eta epaimahaiaren idazkaria.
Nazioarteko Sariaren epaimahaiak nabarmendu du, bere erabakian, “egindako lana ikuspegi orokor batetik, bere barnean hartu dituena hezkuntza, osasuna, etxebizitza, desertizazioaren aurkako borroka, emakumearen sustapena eta desagaitasuna daukaten pertsonen aldeko laguntza”. “Honela, aitortu nahi da –gaineratzen du erabakiak-, bere laguntza jaso duten komunitateen ahalduntzea, komunitateak berak izan daitezen beren eraldaketaren protagonistak, elkarteak sortzea, lankidetza eta laguntzaren onuradunek beren etorkizunarekiko erantzukizuna har dezaten sustatuz”.
Saritutako GKEren historia
Vicente Ferre Fundazioa garapenerako GKE bat da, Indiako alde pobreen eta baztertuenetako bateko eraldaketarekin konprometitua dagoena: Andhra Pradesh eta Telangana estatuak eta zaurgarrienak direneta bazterkeria arriskurik handiena duten komunitateak, esaterako dalit komunitatea, tribu taldeak eta kastarik behartsuenak. Erakundeak Espainian eta Indian lan egiten du, eta Vicente Ferrerrek (Bartzelona, 1920) sortu zuen, eta hau hil zenean, 2009an, Ana Ferrer bere emazteak jarraitu zuen lanarekin. Ana Ferrer da, egun, erakundeko burua.
Fundazioa erakunde humanista bat da, ekintzaren filosofian oinarritzen dena, desberdintasunak desagerraraztearekin eta gizarte guztiaren sentikortzearekin konprometitua. Gaur egun, bi milioi eta erdi pertsona baino gehiago dira Fundazioaren garapen orokorraren programaren onuradunak, 125.473 umek aita-amabitxi daukate, 1.796 pertsona artatzen dituzte bere ospitaletan, eta 96.324 pertsona artatu dituzte lan egiten duten hamasei landa-kliniketan. VFF erakundea 3.235 herritan dago.
Dauzkan giza baliabideei dagokienez, GGKE honek, Indian, 2.837 langile ditu (haietatik % 98 herrialde horretakoak dira, eta langile finkoen % 46,42 emakumezkoak dira). Espainian 108 pertsonak lan egiten dute Fundazioan, eta beste eta 26 boluntariok, batez beste, urteko hil bakoitzean.
Jaime Brunet Fundazioa eta Saria
Jaime Brunet Fundazioa kultura fundazio pribatua da, eta bere helburuak dira giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak errotik kentzea. Beste jarduera batzuen artean, Jaime Brunet Romero sarirako deialdia egiten du, saritzeko zientzia-lan bat, literatura lan bat edo ikus-entzunezko lan bat, edo giza baliabideen sustapenean nabarmendu den gizabanako edo erakunde baten ibilbidea. Guztira, Fundazioak 1998tik Jaime Brunet hamazortzi Nazioarteko Sari eman ditu; azkena, 2016an, Reprieve Fundazioa britaniarrari.
Jaime Brunet Romero (Baiona, Frantzia, 1926-Donostia, Gipuzkoa, 1992) XVIII. mendean Gipuzkoara etorri zen ekintzaile kataluniarren familia batean jaio zen. Gipuzkoan (industria jarduera garrantzitsua izan zuten). Bizi zuen aldiarekin kritikoa zen jarrera liberal eta kritikoarekin hezi zuten. Aitak bideratu zuen Zuzenbide ikasketetara. Jaime Brunet Goitia, bere aita, Alderdi Errepublikanoaren burua eta Udaleko alkateordea izan zen Donostian, non bere aitona eta birraitona alkate izandakoak baitziren lehenago. Valladolideko unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta han irakasle laguntzaile ibili zen.
Irakurtzeko zaletasunaz gainera, hizkuntzak ikasteko grina ere bazeukan, eta hizkuntzei esker aise moldatu zen makina bat bidaiatan. Orduko zailtasunak gorabehera, hogeita hamarretik gora herrialdetan ibili zen. Bidaia horietan, aitortzen zuenez, ohartu zen eta ulertu zuen zenbat diskriminazio eta bortizkeria, zenbat gehiegikeri jasanarazten dieten boteretsuek ahulei oraindik ere gure mendean, eta nolako erraztasunarekin urratzen diren egunero gizakiaren oinarrizko eskubideak.
Bere bizitzako azken urteetan, giza eskubideen egoerarekiko sentsibilitatea eta herritarraren askatasunaren defentsa izan zituen etengabeko kezka. Ondorengo zuzenik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurka oldarrarazten zuten sentimenduek bultzatuta, erabaki zuen bere ondarea oinordetzan uztea, hiltzen zenean bere izena izango zuen fundazio bat sortzeko, eta giza eskubideen alde egindako lanarengatik aitorpena jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzeko. Hala bada, Jaime Brunet Romero Fundazioa sortu zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezarri zen egoitza, testamentuaren bidez jasotako borondateari jarraituz.