Joan eduki nagusira

zoom Ainara Erice Casado, sariduna.

Ainara Erice Casado, sariduna.

Ainara Erice Casado Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbideko graduatuak eta Abokatutzarako Sarrerako Masterreko tituludunak irabazi du Giza Eskubideen eta Garapenerako Lankidetzaren Jaime Brunet Unibertsitateko Saria, zeina izen bereko fundazioak ematen baitu. Saria 2.000 eurokoa da, eta irabazleari egiaztagiri bat ematen zaio. Gizabanakoen eskubideen defentsa eta babesa eta garapenerako lankidetzako gaietan hobekuntza eta proposamenak ardatz dituzten Gradu eta Master Amaierako Lanak saritzen dira.

Ainara Ericeren Master Amaierako Lanak “Mutilación genital: relevancia del fenómeno cultural en su tratamiento jurídico-penal” du izena, eta Leticia Jericó Ojer Unibertsitateko Zuzenbide Publikoko Saileko irakasleak zuzendu du. Lan horretan, Afrikako eta Ekialde Ertaineko zenbait herrialdetan indarkeria sexistaren eta sexuan oinarritutako diskriminazioaren molde hori sufritzen duten 200 milioitik gora emakumezkoren egoera azaltzen du Ericek. Indarkeria mota hori debekatu egiten du nazioarteko legeriak, eta zigortu, Espainiakoak. Lanaren egilearen esanean, jardunbide horrek “gizonezkoen mende jarri nahi ditu emakumezkoak”, besteak beste, ohitura, tradizioa, higienea, osasuna eta erlijioa aitzaki hartuta.

Emakumezkoen egoera hori aztertzeko, nazioarteko eta Espainiako legeria kontsultatu ditu Ainara Ericek. Espainiako kasuari dagokionez, zenbait lege neurri analizatu ditu, hala nola genitalen mutilazioaren delituaren berariazko tipifikazioa eta justizia unibertsalaren printzipioari dagokionez Botere Judizialaren Lege Organikoak izandako aldaketa, bai eta jurisprudentzia zabal bat ere.

Bestalde, Ericek sakon aztertu du genitalak mutilatzea penalki zigortzen duen araua eta jardunbide hori eta, batez ere, debekuzko okerraren garrantzia berariaz zigortzeko beharra. Kasua debekuzko okertzat jotzen da egileak uste badu zilegi dela modu jakin batean jokatzea, eta delituaren egileei –biktima adingabearen gurasoak normalean– zigorra txikiagotzeko edo zigorra kentzeko erabiltzen da”. Delitua zigortzeko neurriez gainera, lanean azaltzen da “Espainiak prebentzio neurriak hartu dituela ablazioa sufritzeko arriskuan dauden neskak eta emakumeak babesteko. Neurri horietan garrantzitsuena da generoa dela eta asilo eskubidea emateko aukera”, egilearen aburuz.

Jaime Brunet Unibertsitateko Sariaren epaimahaia

NUPeko hiru irakasle izan dira Jaime Brunet Unibertsitateko Sariaren epaimahaiko kide: Antonio Gorri Goñi (Gizarte Laneko Saila) eta José María Rifá Soler (Zuzenbide Publikoko Saila) katedradunak eta Francisco Javier Blázquez Ruiz (Zuzenbide Publikoko Saila) unibertsitateko irakasle titularra.

2014. urtetik Jaime Brunet Fundazioak ematen du Jaime Brunet Unibertsitateko Saria. Giza Eskubideak Sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Saria ere ematen du Fundazioak 1998tik. Giza eskubideak defendatzen dituzten gizabanakoen eta erakundeen ibilbide aparta saritzen du azken sari honek. Hala ere, Jaime Brunetek berak gisa horretako ikerketa lanak nabarmentzeko interesa zuenez, sari bat antolatzea erabaki zen, unibertsitateko ikasle baten lana saritzeko urtero.

Jaime Brunet Fundazioa kultura fundazio pribatua da, gizarte interesa eta izaera iraunkorra dituena, eta bere helburuak dira giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak errotik desagerraraztea. Fundazioak helburu horietara bideraturiko jarduerak eta balio horien errespetuarekin loturiko azterketak sustatzen ditu.

Jaime Brunet Romerok (Baiona, Frantzia, 1926 - Donostia, 1992) eman dio izena Fundazioari. Brunet Zuzenbidean lizentziatu zen Valladolideko Unibertsitatean. Ondorengo zuzenik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurka oldarrarazten zuten sentimenduek bultzatuta, erabaki zuen bere ondarea oinordetzan uztea, hiltzen zenean bere izena izango zuen fundazio bat sortzeko, eta giza eskubideen alde egindako lanarengatik aitorpena jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzeko. Hala bada, Jaime Brunet Romero Fundazioa sortu zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezarri zen egoitza, testamentuaren bidez jasotako borondateari jarraituz.