Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Andrea Zambrano eta María Navarro.

Ezkerretik eskuinera, Andrea Zambrano eta María Navarro.

Andrea Zambrano Ardila (Antsoain, 1995) NUPeko Zuzenbideko graduatu eta Abokatutzarako Sarrerako Masterreko ikasleak desgaitasunarekin lotutako Ikasketa Amaierako Lan onenaren II. saria irabazi du Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Unibertsitatea eta Desgaitasuna Elkarteak, NUPeko irakasleek eta Administrazio eta Zerbitzuetako langileek osatutakoak, antolatzen du lehiaketa, eta aurtengo saridunak tableta elektroniko bat irabazi du sari gisa. Lehiaketaren epaimahaiak, era berean, akzesit bat eman dio María Navarro Oraá (Iruñea, 1994) Unibertsitateko Gizarte Laneko graduatuari.

Sariaren banaketa-ekitaldia gaur izan da, abenduaren 1ean (ostirala), Desgaitasunen bat duten Pertsonen Nazioarteko Eguna baino bi egun lehenago, NUPeko Arrosadiko campusean. Ekitaldian, NUPek desgaitasuna duten pertsonak enpleguratzeko antolatutako ikastaroko (LaborAble) ikasleek parte hartu dute, baita Pablo Sotés Ruiz haren zuzendari eta Psikologia eta Pedagogia Saileko irakasleak ere. Halaber, bertan izan da Carlos Alonso Vega ere, sari horiek antolatzen dituen Unibertsitatea eta Desgaitasuna Elkarteko lehendakaria. Izan ere, elkartearen helburua desgaitasunaren inguruko ikerketa eta irakaskuntza babestea da, baita behar dutenei beren esperientzia eta laguntza helarazi ahalko dieten pertsonak harremanetan jartzea ere. Unibertsitateko Gizarte Ekintzarako Unitateko teknikariak ere bertaratu dira ekitaldira.

Saritutako lanak, zehatz-mehatz

Irabazle suertatu den lanak “Derecho de los discapacitados ante la Administración Pública: la accesibilidad universal” du izenburua, eta Zuzenbide Publikoko Saileko José F. Alenza García irakaslea izan da zuzendaria. Lan horretan, ikuspuntu juridikotik aztertzen dira desgaitasunen bat duten pertsonek zer eskubide dauzkaten administrazio publikoen aurrean –irisgarritasun unibertsalarena, hain zuzen–, eta zehaztu egiten da pertsona horiek, beren eskubideak urratzen direnean, zer erreakzio-aukera dauzkaten. 

Horretarako, alderdirik kontzeptualenei eta teorikoenei heltzen die, hala nola desgaitasunari, oztopo eta irisgarritasunari, irisgarritasun unibertsalak barne hartzen dituen eremuei, hura lortzeko bideei, eta abarrei. Halaber, irisgarritasun unibertsala arautzen duen arau-esparrua ere aztertzen du lanak, zenbait arlotan oinarrituta: nazioartekoan, komunitatekoan, estatukoan, Nafarroakoan (erkidegokoan) eta Iruñekoan (tokikoan). Azkenik, desgaitasunen bat daukaten pertsonek irisgarritasun-gaietan sufritzen dituzten eskubide-urraketen aurrean defentsarako dauzkaten mekanismo juridikoak aztertu dira ikerketan.

Akzesita jaso duen lanak, bestalde, “En el olvido: hermanos y hermanas de personas con discapacidad intelectual” du izena, eta Gizarte Laneko Saileko  Alicia Olza Esteba irakaslea izan da tutorea. Adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Nafarroako Elkartean (ANFAS) aurrera eramateko bi ekintza proposatu dira lan horretan.

  Jarduerak bideratuta daude belaunaldien arteko topaguneak ahalbidetzera, adimen urritasuna duten pertsonen anai-arrebek esperientziak partekatu eta elkar aberastu ahal izan dezaten. Lanean proposatu da taldeok aldian behin elkar daitezkeela, gizarte-langile batekin batera, ANFASen lokaletan. Horrez gain, esperientzia pilotu bat izan daitekeela pentsatu da; izan ere, denborak aurrera egin ahala, kide berriak egongo dira Zahartze Aktiborako Programan, eta horiek ere eduki ditzakete laguntza emozional edo sozio-terapeutikoko talde batean parte hartu nahi duten anai-arrebak.