Joan eduki nagusira

zoom Argitalpenaren egileen argazkia. Ezkerretik eskuinera, Soledad Barber, Unai Belintxon, Leticia Jericó, Roldán Jimeno, Cristina Zoco, Javier Chinchón eta Alicia Chicharro

Argitalpenaren egileen argazkia. Ezkerretik eskuinera, Soledad Barber, Unai Belintxon, Leticia Jericó, Roldán Jimeno, Cristina Zoco, Javier Chinchón eta Alicia Chicharro

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zuzenbide Publikoko Saileko Soledad Barber Burusco eta Roldán Jimeno Aranguren irakasleek liburu bat argitaratu dute, berriki NUPen egin den eta erakunde horretako Unesco Katedraren bitartez antolatu den “Desagertutako umeak, isilarazitako emakumeak” biltzarreko aktak bilduz. Liburua Tirant lo Blanch argitaletxeak kaleratu du, paperezko formatuan nahiz elektronikoan. Argitalpenaren xehetasunak ezagutzera eman dira gaur, azaroak 30 (osteguna), Unibertsitateko Errektoretza eraikinean egin den prentsaurreko batean.

Gaurkoan azaldu den moduan, adingabeen lapurretaren gai korapilatsua aztertzen da argitalpenean, Nazioarteko Zuzenbide Publikoaren, Nazioarteko Zuzenbide Pribatuaren, Konstituzio Zuzenbidearen, Zuzenbide Penalaren eta Zuzenbidearen Historiaren ikuspegietatik. Azterlan gehienek diktadura frankistan bortxaz desagerrarazitako neska-mutilen kasuak dauzkate ardatz, eta salatzaileek zigor-arloko prozesuetan ikerketek aurrera egiteko izan ohi dituzten zailtasunei erreparatzen diete. “Denboraren joana, preskripzioa edo Espainiako operadore juridikoek agertutako zenbait buru-egite eta aurreiritzi ez datoz bat nazioarteko zuzenbideak umeen bortxazko desagerpenak gizateriaren aurkako krimentzat hartzearekin”, adierazi dute argitalpenaren editoreek.

Monografikoaren egileak NUPeko irakasleak eta ikertzaileak dira batik bat, eta, lanean, beste ikuspegi bat ere jaso dute, aztergaia nazioarteko kasurik garrantzitsuenekin alderatuz: Irlandako Errepublikan ostutako neska-mutilen eta legez kontrako adopzioen kasuarekin, batetik, eta Argentinan ebatsitako adingabeenarekin, bestetik, Maiatzeko Plazako Amonak elkarteko kideen lekukotasunaren bidez. Halaber, emakumeek frankismoaren garaian zeukaten kondizio sozialari buruzko hurbilketa bat egin da, bai emakumezkoen lanaren araubidea eta bai espetxeratutako emakumeen errealitatea jorratuz.

Egileak eta argitalpenean bildutako artikuluak

Hauek dira argitalpenean parte hartu duten egileak eta beren artikuluen izenburuak: Alicia Chicharro Lázaro (“Las desapariciones forzadas de niños a la luz de la Convención de las Naciones Unidas de 2006”), Unai Belintxon Martín (“Derecho internacional privado y niños robados: algunas cuestiones para la reflexión en torno a la protección del menor”), Cristina Zoco Zabala (“Niños robados en España e integridad moral: un estudio constitucional”), Leticia Jericó Ojer (“La respuesta jurídico-penal a la sustracción de menores: especial referencia al caso de los niños robados durante el franquismo”) eta Javier Chinchón Álvarez, “La sustracción de menores en el Derecho Internacional: teoría (jurídica) y práctica (española)” lanarekin.

  Adierazi bezala, adingabeen ebasketaz gainera, frankismoan espetxeratutako emakumeen eta emakumezkoen lanaren araubidearen gaiak landu dira monografikoan. Hala, Paz Francés Lecumberrik bere ikuspuntua eman du “Mujeres presas en el franquismo: el impacto de la dictadura en la incorporación de la perspectiva de género en las prisiones españolas” artikuluan, baita Elisa Sierra Hernaizek ere, “La regulación del trabajo femenino: de la normativa falsamente protectora a la igualdad de derechos en el mercado laboral” izenekoan.

Aipatutako egile guztiak NUPeko Zientzia Juridikoen Fakultateko irakasle eta ikertzaileak dira, Javier Chinchón Álvarez izan ezik, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Zuzenbide Publikoko Sailekoa baita. Gainera, argitalpenean Maiatzeko Plazako Amonak GKEaren testu bat jaso da, eta bertan azaltzen da Argentinako 1976ko estatu-kolpearen ondoren izandako jaioberri-lapurreten egoera.