Ana Munárriz Iriarte (Iruñea, 1995), Ekonomiako graduaren laugarren ikasmailako ikaslea Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ikasleen Kontseiluko buru hautatu dute. Ikasleen Kontseilua ikasleen eztabaida, kontsulta eta ordezkaritzarako organoa da, eta gradu, graduondo eta doktoretza titulazioetako talde-ordezkariek eta talde horretako klaustrokideek osatzen dute. Munárrizek Edurne Zaratiegui Morales ordeztuko du, zeina 2016ko azaroan Kontseiluko buru izendatu baitzuten.
Kontseiluko buru berria Ikasleen Kontseiluaren osoko bilkuran hautatu zuten. Horretaz gainera, Batzorde Iraunkorreko mahaikideak berritu eta saileko kontseiluetako, ikastegiko batzordeetako (fakultateak eta eskolak) eta zentroetako kalitate bermerako batzordeetako ordezkariak hautatu zituzten. Bilkura Arrosadiko campuseko Ikasgelategian egin zen, eta ikasleen komunitateko hirurogeitik gora kidek parte hartu zuten, Tuterakoak barne (hauek, bide telematikoaren bidez).
Bi hautagaitza izan dituen hauteskunde lehiatu batzuen ondoren lortu du Ana Munárrizek kontseiluburutza, eta idazkari eta koordinatzaile izendatu ditu, hurrenez hurren, Iñigo García Gimeno Komunikazio Teknologietako Ingeniaritzako graduko ikaslea eta Inés Matellanes Muruzábal Gizarte Laneko graduko ikaslea.
Halaber, Ikasleen Kontseiluaren osoko bilkuran Batzorde Iraunkorreko mahaikideak hautatu zituzten. Hauek dira, alfabetoaren hurrenkeran: Garazi Aizkorbe Escriche (Zientzia Juridikoen Fakultatea), Julen Montilla Colás (Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea), Lander Iturbide Izaguirre (Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatea), Leire Vigor Olmos (Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa), Leyre Arbilla Echalecu (Osasun Zientzien Fakultatea), Miguel Preciados Horcada (Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa), Simón Muriel Marín (Tuterako campusa).
Kontseiluaren eskumenak
Ikasleen Kontseilua eztabaida, kontsulta eta ordezkaritza organo gorena da, eta Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzaren mendekoa da. Bere eskumenen artean daude, besteak beste, ikasleen ekimenak bideratu, eztabaidatu eta proposatzea; unibertsitateko komunitateari buruzko informazioa biltzea ikasleei helarazteko; Unibertsitateko zerbitzuen ebaluazio prozesuetan parte hartzea; eta Kalitate Batzordean dituen ordezkariak hautatzea eta ikastegietako batzorde eta sailetako kontseiluetako kide izango diren ordezkariak hautatzea.
Ikasleen kontseilu berriaren taldeko argazkia. Ezkerretik eskuinera, Miguel Preciados, Inés Matellanes, Leyre Arbilla, Lander Iturbide, Iñigo García, Ana Munárriz, Leire Vigor, Garazi Aizkorbe eta Julen Montilla Colás.
Horretaz gainera, ordezkaritza-lanak egiten ditu, maila nazionalean, hainbat organotan, esaterako Estatuko Unibertsitateko Ikasleen Kontseiluan (CEUNE), eta unibertsitateetako ikasleen kontseiluak biltzen dituzten hainbat elkartetan.
Ikasleen Kontseiluaren organoak hauek dira: osoko bilkura, zeina gutxienez urtean behin bildu behar baita irakaskuntza-aldian; eta Batzorde Iraunkorra, batzordeburuak, idazkariak eta zortzi mahaikidek osatua (sei ikastegi bakoitzeko, doktoretzako ikasleen zazpigarren ordezkari bat eta beste bat Tuterako campusekoa).
Kontseiluburu berriari buruzko azalpen laburra
Ana Munárriz Iriarte Ekonomiako graduaren laugarren ikasmaila egiten ari da. Joan den ikasturtean Batzorde Iraunkorreko idazkari izan zen, eta, duela bi, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko batzordekide lanetan aritu zen.
Unibertsitatean, Tutoretza Planaren Jarraipen eta Ebaluazio Batzordearen ordezkari izan da, baita Nazioartekotze eta Lankidetza Batzordearena eta Beka Batzordearena ere. Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateari dagokionez, Fakultateko Batzordean eta ikastegiko Kalitate Batzordean parte hartu du.
Kargu horiez gainera, kontseiluburu berria errektorea aukeratzeko azkeneko hauteskundeetan Ikasleen Kontseiluak proposatu zuen Mentoretza Planaren sustatzailea izan zen. Programa horretan, sartu berri diren ikasleek goragoko ikasmailetako beste batzuk izaten dituzte gidari, unibertsitatean dauden bitartean. Era berean, ordezkari izan da Unibertsitate Publikoetako Ikasleen Ordezkarien Koordinakundean (CREUP), eta zenbait bileretara joan da, NUPen ordezkari gisa.
Joan den ikasturteaz geroztik eta Unibertsitatearen lankidetza-beka bati esker, proiektu bat egiten ari da Matematika Sailean, “Matematika-beharren ebaluazioa Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko graduetan” gaiari buruz. Proiektu hori Unibertsitateak eta Hezkuntza Departamentuak antolatutako “Matematika-irakaskuntzari buruzko Nafarroako V. Jardunaldietan” aurkeztu da.