Aluminio-silizio aleazio arin bati buruz ari gara. Aleazio hori oso interesgarria da industrian, batez ere automobilarenean, eta prozesu berri baten bidez lortzen da, egoera erdisolido batetik abiaturik. Aleazioak propietate mekaniko hobeak ditu (trakzioaren kontrako erresistentzia, elastikotasuna eta gogortasuna), eta korrosioaren aurkako jokabide hobea, presio altuko ohiko prozesuen bidez lortzen denak baino. Hau da Leire Solaberrieta Ostolaza (Zarautz, Gipuzkoa, 1984) ingeniariak erakutsi duena Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defenditu duen doktoretza tesian.
Solaberrietaren ikerketa NUPeko Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritzako Saileko Materialen Arloko ikerketa-taldearen barruan gauzatu da. Ikerketa honi ekiteko arrazoia da industriak (batez ere automozio arloko industriak) interes handia duela gaur egun erabiltzen direnak baino arinagoak diren metal aleazioak lortzeko, betiere propietate mekanikoei eutsi eta korrosioaren aurka erresistenteak izateko baldintzak betetzen badituzte.
Automobiletan asko erabiltzen den aleazioa
Helburu honekin, ikertzaileak aluminio-silizio aleazio bat hautatu zuen (AA380 aleazioa), automozioaren industrian asko erabiltzen dena, eta aztertu zuen galdaketak eta moldekatzearen bidezko fabrikazioak nola eragiten zieten bere propietate mekanikoei eta korrosioaren aurkako jokabideari. "Lagin batzuk lortu ziren baina laginak lortzeko bi prozedura ezberdin erabiliz: alde batetik, High Pressure Die Casting edo HPDC izenekoa erabili zen, hau da, azken hamarkada honetan industrian gehien erabili dena, zeinean metalak moldean injektatzen baitira egoera likidoan; eta gero Semi Solid Rheocasting edo SSR izeneko prozedura erabili zen, hau da, sektoreko industria aurreratuenetan nagusitzen ari den prozesu berri bat, zeinean metal erdisolidoak injektatzen baitira", azaldu du Leire Solaberrietak. Javier Fernández Carrasquilla irakasleak zuzendu du Solaberrietaren tesia, bikain "cum laude" kalifikazioa lortu duena.
Ondoren, Leire Solaberrietak aztertu eta alderatu zituen lortutako materialen mikroegitura, teknika batzuen bidez eta analisiak eginez. "Bi material moten arteko ezberdintasunik handiena alearen tamaina da. Handiagoa da SSR teknikaren bidez lortutako laginetan —adierazi du doktore berriak—. Hori dela eta, prozesu honen bidez lortzen diren aleazioen propietate mekanikoak hobeak dira: gogortasuna, elongazioa eta trakzioaren kontrako erresistentzia handiagotzen ditu, eta talka-energiaren xurgapena antzekoa da".
Materialek korrosioaren aurrean daukaten jokabidea aztertzeko, industria-saiakera ohikoak erabili ziren, baita teknika elektrokimiko aurreratuak ere. "Aztertu zen aleazioak jokabide txarra dauka korrosio prozesuetan, bi kasuetan, kobre edukiera handia duelako. Hala ere, SSR teknikaren kasuan, emaitzak apur bat hobeak dira", esan du.
Azkenik, ikertzaileak aleazio hauek babesteko bi teknika aztertu zituen: estaldura polimerikoena eta anodizatua, hau da, piezen gainazaleko oxido geruza naturalaren lodiera handiagotzea. "Moldekatzeko burdinurtuaren bidez lortutako materiala anodizatzea zailagoa da forjaketaren bidez lortzen dena baino, silizio edukiera dela eta. Hala ere. SSR teknikaren bidez moldekatutako laginek silizio kantitate txikiagoa daukate, eta horri esker, sortzen den anodizatu-geruza handiagoa da beste prozesua erabiliz lortzen diren laginetan agertzen dena baino", esan du, amaitzeko.
Curriculum laburra
Leire Solaberrieta industria ingeniari teknikoaren titulua lortu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, Mekanika espezialitatean, eta Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritzako Masterra egin zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Doktoretza tesia egin zuen bitartean, NUPeko Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritzako Saileko Materialen Zientziaren Arloko ikerketa-taldeko kidea izan zen. Gainera, sei nazioko eta nazioarteko biltzarretan parte hartu izan du, eta zenbait lan argitaratu ditu.