Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Nazioartekotze Errektoreordetzaren bitartez, 904.645 euro jaso ditu guztira Europar Batasunarengandik, Erasmus+ programan jasotako ekintzak (Goi Mailako Hezkuntzaren eremuko mugikortasuna eta berrikuntzarako eta praktika onen trukerako lankidetza) eta “Jean Monnet” jardueretan kokatutako proiektu bat gauzatzeko, 2017/2018 ikasturte honetan.
Erasmus+ programan kokatutako lehenbiziko ekintza ikasleen, irakasleen eta administrazioko langileen mugikortasun programa da. Horretan, NUPek 238 postu kudeatuko ditu Europako zenbait unibertsitatetan (398.000 euroko finantzaketarekin), eta beste 46 Estatu Batuetako, Guatemalako, Kubako, El Salvadorreko, Boliviako, Peruko eta Palestinakoetan (138.240 eurorekin). Bestalde, “2. ekintza gakoa: berrikuntzarako eta praktika onen trukerako lankidetza” izenekoari dagokionez, elkartze estrategikoen alorrean NUPen partaidetzarekin aurkeztutako bi eskaerak hautatuak izan dira, 368.405 euroko zenbatekoarekin.
Lankidetzako eta berrikuntzako ekintzak
Alde batetik, “2. ekintza gakoa: berrikuntzarako eta praktika onen trukerako lankidetza” delakoaren esparruan aurkeztutako eskaeretako bat simulazio klinikoko errealitate handiagotuaren aplikazio bat da (ARSIM2CARE izeneko proiektua), eta 294.910 eurorekin finantzatuko da. Gaur egun goi mailako hezkuntza-erakundeetan erabiltzen den simulazio-metodologian errealitate handiagotua integratzeko software bat diseinatzean datza, osasunaren arloko etorkizuneko langileek prozedura tekniko inbaditzaileak ikas ditzatela ahalbidetzeko. Proiektua NUPek koordinatzen du, eta goi mailako hezkuntzako beste bi erakundek ere parte hartzen dute: Coimbrako Escola Superior de Enfermagem (Portugal) ikastegiak eta Erasmushogeschool Brussel (Belgika) eskolak. Gainera, Industrial Augmented Reality (Espainia) nafar enpresak ere parte hartzen du.
Beste aldetik, NUPek bigarren proiektu batean parte hartuko du bazkide gisa, “At Home” izenekoan, zeina PEHTRA izeneko eta Institut Régional de Formation Sanitaire et Sociale Aquitaine (IRFSS) institutuak koordinatutako aurreko proiektu baten jarraipena baita. Bertan, beste erakunde bazkide batzuk ere dira partaide, hala nola Association de Maintien et de Soins à Domicile de la Haute Gironde (Frantzia), Pour la Solidarité (Belgika), Portoko Institutu Politeknikoa (Portugal), Obra Diocesana de Promoçao Social (Portugal) eta Collectif Formation Societé (Belgika). Proiektu horren helburua etxeko laguntzaren oinarrizko gaitasunak eskuratzeko zenbait tresna garatzea da, esaterako etxez etxeko lanaren aurkezpen-bideo bat, MOOC sorta bat (unibertsitateetatik emandako “online” prestakuntza-ikastaroak), eta mugikorrerako aplikazio bat. NUPek 52.195 euro jasoko ditu, proiektu horri guztira esleitutako 321.085 euroetatik.
Langileen zirkulazioa Europar Batasunean
NUPek “Jean Monnet” jardueren barruan aurkeztutako modulu-eskaera ere onartua izan da. “Langile nazionalen eta EBko beste herrialdetakoen zirkulazio askea eta lekualdatzea” du izenburua, eta proiektuaren helburu nagusia hau da: Europar Batasuneko langileen zirkulazio askea aztertzea eta, bereziki, horri buruzko araudiak testuinguru ekonomikoan eta sozialean planteatzen dituen erronketako batzuei aurre egitea. Proiektua 21.300 eurorekin finantzatuko da.
Jean Monnet ekintzak Erasmus+ programaren parte dira, eta Europar Batasunaren gaiaren inguruko ikasketetan goi mailako hezkuntzaren bikaintasuna mundu osoan bultzatzera bideratzen dira. Bere helburua da herrialde kideetako unibertsitate, ikertzaile eta politikarien arteko zubiak eraikitzea, eta EBko integrazioaren arloko azterketa eta ikerketa dauzka lehentasun, baita Europak mundu globalizatuan daukan tokia ulertzea ere.