Joan eduki nagusira

zoom Mirentxu Marín Malo ikertzailea.

Mirentxu Marín Malo ikertzailea.

Prebentzio lana (langileei prestakuntza ematea eta proba medikoak edo ausazko testak egitea, besteak beste) zigorrak baino hobea da, oro har, lanean alkohola kontsumi dadila saihesteko. Hori da Mirentxu Marín Malo (Martzilla, 1987) ikertzailearen ondorio nagusia, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu eta Beatriz Rodríguez Sanz de Galdeano Unibertsitateko Zuzenbide Pribatuko Saileko irakaslearen zuzendaritzapean egindako tesian. Tesiak “La prevención del consumo de alcohol en el medio laboral. Obligaciones empresarial y medidas preventivas” du izenburu, eta kalifikaziorik handiena lortu du: bikain “cum laude”.

Bere ikerketan, Marín Malok alkohol kontsumoak lanean daukan benetako eragina analizatu du, Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak egindako inkesta batean (laneko EDADES inkestan) lortutako emaitzak aztertuz, baita beste erakunde batzuek egindako inkestetako emaitzak ere, hala nola CCOO eta UGT sindikatuek eta estatu eta probintzia mailako beste zenbait erakunde publikok. Inkesta hauetan ikusten da alkoholaren kontsumoa lanean errealitate bat dela, eta bereziki handia da sektore jakin batzuetan. Esaterako, alkoholaren kontsumoaren indizea handiagoa da eraikuntzan, lehen sektorean eta ostalaritzan, non langileen % 30,9k edan ohi dutela esaten baitute. Alkoholik gehien kontsumitzen duen langile motari dagokionez, inkestek erakusten dute gizonezkoak direla, kategoria profesional behekoak, eta 24 eta 34 urte artekoak.

Lehen ere esan den bezala, ikertzailea langileek alkohola edatea galarazteko neurriak hartzearen aldekoa da, baita enpresaren zehapen araubidea mantentzearen eta erabiltzearen aldekoa ere, kontsumoa ez denean lan arriskurako faktoretzat hartzeko modukoa, ezta lanaren ondorioa ere, eta "nahiz eta ahal diren prebentziozko neurri guztiak ezarri, langileak jokabide horrekin segitzen duenean". "Kontua da zehaztea, argi, zer kasutan hartu behar dituen enpresariak prebentziozko neurriak, eta noiz erabiltzen ahalko duen zehapen araubidea, defentsa gabeziaren egoeran egon ez daitezen ez langilea  (prebentziozko neurriak izan ez direlako), ezta enplegu emailea ere (inoiz ezin duelako zehapena erabili)", adierazi du Marinek.

Enpresentzako, produktibitaterako eta osasunerako arriskuak

Bere tesian, langileek alkohola kontsumitzearen ondorioz sortzen diren arazoak hiru multzo handitan sailkatzen ditu ikertzaileak: ekoizpena, absentismo handiagoa eta kontsumitzailearen beraren osasuna, baita lan ezbehar-tasa handiagoa ere.

Ikerketaren arabera, alkoholaren kontsumoaren arazoari aurre egin ohi zaio enpresen zehapen araubidea eta Langileen Estatutuko 54. artikulua aplikatuz, baina tesiak prebentziozko ikuspegiaren alde egiten du argi eta garbi. Alde horretatik, gogorarazi da Lan Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko Legeak enpresaria behartzen duela berarentzat lan egiten duten langileen segurtasuna eta osasuna babestera, lanarekin zerikusirik duten alderdi guztietan, eta alkohola kontsumitzeak enpresaren segurtasun mailetan eragiten duenez, "beharrezkoa da aztertzea arazo horri nola egiten zaion aurre prebentzioaren eremutik", esan du ikerketaren egileak.

Horretarako, ikerketan alkohola lanean kontsumitzearen bi kasu bereizten dira: lehena, lan arrisku bat bezala tratatu behar denean (arriskutsua baita norberaren edo beste inoren segurtasunerako edo osasunerako); eta bigarrena, ezarri behar dira enpresariaren betebeharrak zein diren langileak alkohola kontsumitzea lan baldintzen ondorioa denean; hau da, alkoholaren kontsumoa lanaren ondorioa den lan arriskutzat hartu behar denean. Ezberdintasun hau ezarri eta gero, tesian sakon aztertzen dira zer neurri dauden enpresariaren esku, kasu bakoitzean, lanean alkohola kontsumitzen ote den igarri eta, baiezkoan, kontrolatzeko. Ikertzaileak aztertu du, bereziki, langileei osasun azterketak egitearen aukera, helburu honekin, baita hautemate-testak (ausazkoak) erabiltzea ere, prebentziozko neurri bezala.

Lan honetan ezartzen da, baita ere, enpresariak nola jokatu behar duen konturatzen denean enpresan langile bat alkoholaren efektuaren pean dagoela, lan arriskuen prebentziorako araudia behar bezala betetzeko asmoz. Arlo honetan berebiziko garrantzia daukate, ikertzaileak esaten duen bezala, alkohola kontsumitzen duen langilea bereziki sentiberatzat hartzeak, eta erabaki horretatik erator daitezkeen ondorioek. Auzi horiek denak sakonean aztertzen dira tesi honen barruan.

Ikertzailearen curriculum laburra

Mirentxu Marín Malo Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako graduatua da, eta Lan Arriskuei Aurrea Hartzeko masterduna (hiru espezialitaterekin). Ikasketa horiek Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egin ditu. Gradu Amaierako Lan Onenaren Saria irabazi zuen lan honekin: “Reconocimientos médicos para la detección del consumo de alcohol en el trabajo: contenido y límites”.

Mirentxu Marín gaur egun NUPeko ikertzailea da. Zenbait enpresatan lan egin izan du, lan aholkularitzan, giza baliabideen arduradun, edo lan arriskuen prebentzioan. Bost argitalpen egin ditu Zientzia Juridikoen arloko argitalpenetan, eta beste hainbeste biltzarretara joan da, ekarpenen bat eginez.