Joan eduki nagusira

zoom Ikerketa NUPeko Kimika Aplikatuko Saileko Kimika ez-organikoaren Laborategian

Ikerketa NUPeko Kimika Aplikatuko Saileko Kimika ez-organikoaren Laborategian

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Gobernu Kontseiluak 2017. urteko Ikerketa Taldeen Katalogoa onetsi du. Katalogoan, gaur egungo 105 ikerketa taldeen osaera, ikerketa lerro oinarrizkoak eta harremanetarako datuak zehazten dira. 1.145 ikertzaile ari dira lanean talde horietan. Unibertsitatearen ikerketa oinarrizko unitate hauetan egituratzen eta antolatzen da, eta lau jakintza-arloren inguruan eratzen dira: Oinarrizko Zientziak eta Osasun Zientziak (32 talde), Ingeniaritza eta Teknologia (26 talde), Giza eta Gizarte Zientziak (25 talde) eta Zientzia Ekonomikoak eta Juridikoak (21 talde).

Ikerketa taldeak borondatez osatzen diren ekipoak dira, ikerketa lerro komunak dituztenak, eta talde-arduradun baten inguruan eratzen direnak. Taldeok beren proiektuak ikerketa laguntzeko deialdietan aurkezten dituzte, hauek publikoak (Europar Batasunarenak, Espainiako eta Nafarroako Gobernuarenak...) edo pribatuak izanik. Finantzaketa lortzeko, taldeen kalitatea, ibilbidea, bikaintasuna eta ikerketa-profila erabakigarriak dira.

Ikerketa taldeek denboran zehar izandako bilakaerari dagokionez, Nafarroako Unibertsitate Publikoak 74 talde zituen erregistratuak 1999an; 88, 2002an; 98, 2005ean; 105, 2010ean; eta 111, 2012an (kopururik handiena). Azken hiru urteotan, 106 ikertzaile izan dira 2014an, 105 2015ean eta 106 2016an.

Halaber, ikertzaile kopurua aldatu egin da azken hamarkadan: 2006an, 827 ikertzaile zeuden erroldatuta; gaur egun, berriz, 1.145. Azken urteotan, beraz, handitu egin da ikertzaile kopurua. Hala, 2010ean 943 zeuden; 2011n 893; 2012an 948; 2013an 903; 2014an 885; 2015ean 892; eta 2016an 1.179. Azken gehikuntza honen arrazoia da Ikerketa Batzordeak, ofizioz, tesia egiten ari diren doktoretzako ikasleak sartu dituela.

Urteko katalogoa

Ikerketa Batzordeak urtero egiten dituen datu baseen bidez eguneratzen da katalogoa. Onetsi ondoren, argitaratu egiten da katalogoa, Unibertsitateko ikertzaile izan daitezkeenentzat gida gisa balio dezan lehen hurbilketa egiteko.

Azken hamabost urteetan, NUPeko ikerketarako barne politika osoa talde horiek indartzera zuzendu da. Horretarako taldeen etengabeko hobekuntza sustatu da, hala oinarrizko ikerketan nola orientatuan, eta ezagutza sektore produktiboari eta gizarteari bestetaratzerakoan. Horregatik, aipatu taldeek beren produktibitatearen eta balioespenaren kanpo zein barne ebaluazioa pasatzen dute, eta beren finantzaketa lortzen dituzten emaitzen araberakoa izaten da.

Ekimen hau Sustapen Planaren bidez (urteko barne ebaluazioa) eta Lehiakortasun Planaren bidez (bi urtean behin egiten den kanpo ebaluazioa) egiten da. Biak 2005ean jarri ziren martxan. Unibertsitatea aitzindaria izan da Espainian, bai taldeak finkatzeari dagokionez, baita kanpo ebaluazioari dagokionez ere.