Joan eduki nagusira

zoom Eduardo Burguete Archel ingeniaria, NUPeko doktore berria.

Eduardo Burguete Archel ingeniaria, NUPeko doktore berria.

Eduardo Burguete Archel (Iruñea, 1986) industria ingeniariak bihurgailu elektroniko mota bat diseinatu du, aerosorgailu handienek (6,6 kilovoltiora artekoak) ekoizten duten energia sare elektrikoan sartzeko aukera ematen duena. Gailu hauek energia galerak murritzen dituzte, eta potentzia handiagoarekin lan egiten ahal dute, itsaso zabalean gaur egun ezartzen diren errotek daukaten potentziarekin, esaterako. Garapen hau bere doktoretza tesian aurkeztu du. Tesia Nafarroako Unibertsitate Publikoan defenditu du, eta bikain "cum laude" lortu.

Aerosorgailuen potentzia gero eta handiagoa da, eta gero eta potentzia handiagoa daukaten errotak proiektatzen dira, batez ere itsaso zabalean paratzeko. Orain arte lehorrean jarri ohi diren aerosorgailuek 0,6 kilovoltioko tentsioarekin lan egiten dute, baina itsasoan 3,3 kilovoltiorainoko beste batzuk jartzen ari dira dagoeneko.

Aerosorgailu hauek haizearen energia zinetikoa energia mekaniko bihurtzen dute, helize baten bidez, baita energia elektriko ere, alternadore bati esker. "Energia hori sare elektrikoan sartu ahal izateko, beharrezkoa da bihurgailu elektronikoen bidez eraldatzea, korrontearen uhin-forma egokitzen baitute. Transistoreek osatzen dituzte bihurgailu hauek. Transistoreak tentsio eta korronte muga bat daukaten gailu erdieroaleak dira", azaldu du Eduardo Burguetek.

Potentzia handiagotzea

Aerosorgailuen potentzia handiagotzean, transistoreek ezin dute potentzia hori guztia bihurtu, beren tentsio eta korronte mugak direla eta. Bihurgailuaren potentzia handiagotzeko, erdieroaleen paralelizazioa eta serializazioa erabili dira. Bi prozesuok mugak eta potentzia galerak dauzkate.

Horregatik, hirugarren aukera bat da maila anitzeko bihurgailuak izenekoak erabiltzea da. Hauek hainbat transistorek osatzen dituzten egiturak dira, lan-tentsioa handiagotzea lortzen dutenak (eta galerak murrizten dituzte), eta ziurtatzen dutenak transistoreek, zer tentsio blokeatzeko diseinatu diren, tentsio hori (eta ez handiago bat) blokeatzen dutela. Gainera, bihurgailu hauek korronte-iragazpen txikiagoa behar dute, sare elektrikoan txertatzeko.

Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakaslea den Jesús López Tabernak zuzendu duen doktoretza tesian, Burguetek bost mailatako bihurgailuak proposatzen ditu, kondentsadore handi bat edo bi dauzkatenak, baita beste lau txiki ere, fase bakoitzeko. “Eredu hauen berrikuntza nagusia kondentsadore txiki hauek dira, transistoreen serializazioa galarazten baitute, eta tentsioa euren artean banatuko dela ziurtatzen baitute, eta gainera transistoreak piztu eta amatatzean agertzen diren gaintentsioak txikiagotzen baitituzte. Kondentsadore txiki hauek aukera ematen dute transistoreek azkarrago kommutatzeko, eta horrela, galerak txikiagotzeko, eta bihurgailuak korronte handiagoarekin, eta beraz potentzia handiagoarekin, lan egin ahal izateko”, esan du.

Proposatzen diren bihurgailuak simulazioaren bidez probatu ziren. Halaber, eskalako prototipo bat eraiki zen, ongi funtzionatzen ote zuen ikusteko eta bere abantailak egiaztatzeko. “Emaitzek erakutsi zuten bihurgailu hauek txikiagotzen ahal dutela transistoreek, amatatzean, jasaten duten tentsio-estresa, eta horrela galerak txikiagotzen direla, edo eraldatzen den energia handiagotzen dela, eta gainera ez da beharrezkoa elementu osagarririk transistoreen blokeo-tentsioaren banaketa ziurtatzeko", adierazi du ikertzaileak.

Curriculum laburra

Eduardo Burguetek Industria Ingeniaritzako titulua lortu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Elektronika berezitasunean, eta Energia Berriztagarriak: Sorkuntza Elektrikoa Masterra egin zuen. 2010etik 2014ra erakunde honetan lan egin izan zuen, “offshore” (itsaso zabalean) energia eolikoa delakoari buruzko proiektu baten barruko irakasle eta ikertzaile lanak eginez. Egin dituen ikertzaile lanen ondorioz, artikulu batzuk argitaratu ditu aldizkari zientifikoetan, eta nazioarteko biltzar batzuetan parte hartu du. Gainera, bi patente erregistratu ditu (bat turbina eolikoekin lotuta, eta bestea, tesian agerrarazten duena: maila anitzeko potentzia-bihurgailu elektroniko bat).

2014tik Ingeteam Power Technology enpresako Energia Eolikoaren Saileko I+G ingienari bezala lan egiten du. Enpresa hau multinazional bat da, bere produktuak egiten dituena energia sektorerako eta metal-eraldaketaren industrietarako, itsasontzi eta trenbide-industrietarako.