Siby Garcés Polo ingeniari kimikoak eta Kolonbiako Unibertsitate Libreko Ingeniaritza Fakultateko Ikerketa Zentroaren zuzendariak frogatu du, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurri duen doktoretza tesian, material mota jakin batzuk (hidrotalzitatik deribatutako oxido mistoak) gai direla karbono dioxidoa (CO2) gas sintesi bihurtzeko, zeina nahaste baliagarria baita erregai likidoak eta konposatu petrokimikoak produzitzeko. Ikerlariak, gainera, frogatu du esperimentu kondizio jakin batzuetan oxido misto horiek baliagarriak izan daitezkeela gasak atxikiz negutegi efektuko gas hori harrapatzeko.
Siby Garcésen doktoretza tesiaren helburua da karbono dioxidoaren emisioak murrizteko eta haiei balioa eransteko aukera emango duten prozesuak garatzea eta hobetzea. Horretarako, oxido mistoko materialak aztertzen hasi aurretik, erreferentzia modura, material mikroporotsu batzuk ikertu zituen orain arte gutxi analizatu diren kondizio eta tenperatura batzuetan. “Tesiaren abiapuntutzat hartu ditudan materialak ezagunak eta aski aztertuak dira. Horietako sei, hain zuzen, komertzialak dira —dio ikerlariak—. Nolanahi ere, ikerketa konparatibo berritzaile bat egin dut presio eta tenperatura baxuko esperimentu kondizioetan, eta orain arte aintzat hartu gabeko parametro batzuekin. Bada, ikerketatik ondorioztatutako zenbait datu lehenbizikoz eman dira material horiei buruzko bibliografian”.
Ikerketak frogatu du ikertutako material mikroporotsuak gai direla karbono dioxidoa beren gainazalean itsasteko, egituran barneratu gabe. Horren alde ona da, besteak beste, material mikroporotsuekin energia gutxiago behar dela karbono dioxidoa harrapatzeko. “Zehaztu dut zer material mota diren egokienak prozesu horretarako. Izan ere, prozesu horren bidez, CO2 gasa material solidoaren poroetan metatu daiteke gasa harrapatzeko teknologia batzuen bidez. Karbono dioxidoa zentral termikoen errekuntza prozesuetan atmosferara isurtzen diren gasetako bat da. Zeolitak, adibidez, beste material mikroporotsuek baino gaitasun handiagoa du karbono dioxidoa harrapatzeko, eta, beraz, ekonomikoki errentagarriagoa da, gasen atxikipenean oinarritutako gasak harrapatzeko teknologiak erabiliz inplementatuz gero”, dio Siby Garcések. Kimika Aplikatuko Saileko Antonio Gil Bravo eta Sophia A. Korili irakasleek zuzendu dute tesia, eta bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du.
Materialen mugak
Material mikroporotsuek mugak ere badituzte, ordea, tenperatura baxuetan erakusten baitute gaitasun handiena karbono dioxidoa harrapatzeko. Garatzen ari diren teknologia jakin batzuek, aldiz, tenperatura ertainak eta altuak behar dituzte, eta, beraz, material horiek ez lirateke aplikagarriak izango. Hori dela eta, Siby Garcések beste material batzuk ere ikertu ditu, oxido mistoak, eta ikusi du egokiagoak direla tenperatura ertain eta altuetan, eta hobeto egokitzen zaizkiola atmosferara isurtzen diren berotegi efektuko gasen tenperaturari. Berotegi efektuko gasen, esaterako, CO2-aren, kantitate handiak sortzen dituzte energia produzitzeko zentralek.
“Energia-zentraletan edo zentral termoelektrikoetan sortzen den gasa karbono dioxidoaren, metanoaren eta ur lurrunaren nahaste bat da —azaldu du ikerlariak—. CO2-a zenbait teknologiaren bidez bereizten da, ikerketan hautatutako tenperatura eta presio kondizioetan. Ikerketak frogatu du nikelaren oxido mistoak abantaila nabarmenak dituela beste material batzuekin konparatuta, eta material baliagarria izan daitekeela CO2-a presio altuan eta tenperatura ertainetan harrapatzeko”.
Azkenik, oxido mistoek CO2-a balio erantsi handiko produktu bihurtzeko daukaten gaitasuna ebaluatu du Siby Garcések. Premiazkoa da atmosferara CO2 gutxiago igortzea, eta horretarako proposatzen den mekanismoetako bat karbono dioxidoa harrapatzea eta metatzea da. Karbono dioxidoa, ordea, aplikazio industrial asko dituen produktu kimiko bat da. “Ikerketak frogatu du berotegi efektuko gasei balioa eransteko bideetako bat erabiliz, hots, CO2-arekin metanoaren erreformatze lehorra egiteko erreakzio izenekoa baliatuz, kobaltoaren eta nikelaren oxido mistoek balio dezaketela karbono dioxidoa sintesi gas deritzon nahaste bihurtzeko, zeina baliagarria baita erregai likidoak eta konposatu petrokimikoak produzitzeko. Hori dela eta, tesiaren ekarpena garrantzitsua da balioa erantsi zaiela berotegi efektua eragiten duten bi gasi: karbono dioxidoari eta metanoari”, esan du azkenik ikerlariak.
Curriculum laburra
Siby Garcés Polok Ingeniaritza Kimikoko titulua lortu zuen Kolonbiako San Buenaventura Unibertsitatean, eta Ingeniaritza Kimikoko Maisutza egin zuen Venezuelako Zulia Unibertsitatean. Ondoren, doktoretza ikasketak egin zituen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, non Ingurumen Teknologiak eta Aplikazioak (TAMA) ikerketa taldeko kidea izan baitzen. Horrez gain, ikerketa egonaldiak egin ditu San Luiseko Unibertsitate Nazionalean (Argentina), zenbait ikerketa proiektutan parte hartu du, zenbait ikerketa lan aurkeztu ditu biltzarretan, eta zenbait artikulu argitaratu ditu Espainiako eta nazioarteko argitalpenetan.