Joan eduki nagusira

zoom Enplegurako Topaketa, ikasle eta tituludunak enplegatzaile izan daitezkeenekin harremanetan jartzeko azoka.

Enplegurako Topaketa, ikasle eta tituludunak enplegatzaile izan daitezkeenekin harremanetan jartzeko azoka.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitate-Gizarte Fundazioak kudeatzen duen tituludunentzako praktika programak parte-hartzaileen % 65 lan-munduan sartzea lortu du, 2016ko jardueren txostenak ematen dituen datuen arabera. Ekitaldi horretan, 1.441 egresatuk eta ikaslek egin zituzten praktikak enpresetan, Unibertsitate-Gizarte Fundazioak 479 enpresa eta erakunderekin dituen aliantzei esker.

2017-2018 ikasturtetik aurrera, TalentUpna Programa izena hartuko du tituludunentzako praktika programa horrek. Graduondo bat izango da, eta haren helburua da tituludun berriak lan-munduan sar daitezen bultzatzea, eta, horretarako, tituludunei baliabideak ematea graduko titulazioetan eskuratu dituzten gaitasun teknikoak osa ditzaten egiazko inguruneetan prestakuntza eta praktika esperientziak eginez.

Osotara, Unibertsitate-Gizarte Fundazioak 4.203.021 euro bildu zituen praktiketako ikasleentzat eta tituludunentzat,enpresen eta erakundeen  beken bidez, eta 738.835 euroko diru-sarrera jaso zuen praktiken eta enplegu eskaintzen kudeaketagatik.

Horretaz gainera, Fundazioak kudeatzen duen Enplegu Zerbitzuak 3.573 laguni eman zizkion lan orientaziorako zerbitzuak, eta 1.000 parte-hartzaile eta 47 enpresa izan ziren Fundazioak antolatutako  Enplegurako eta Ekintzailetzarako  Topaketan, zeina ikasle eta egresatuak enplegatzaileekin harremanetan jartzeko azoka bat baita.

Graduondoko ikasketak

Prestakuntzaren arloan, Unibertsitate-Gizarte Fundazioak osotara 3.021 lagun izan zituen Fundazioak antolatutako 151 prestakuntza-ekintzetan. Horietatik 715ek graduondoko ikasketa berekiak egin zituzten (Unibertsitatearen 8 titulu bereki, 10 espezializazio ikastaro eta profesionalentzako 12 ikastaro labur).

Halaber, Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren mendekoa den Hizkuntzen Goi-mailako Ikastegiak 973 ikasle izan zituen ikasturtean zehar, ingelesean, frantsesean, alemanean eta atzerritarrentzako espainieran, eta ikastegi horrek kudeatzen dituen hizkuntza diploma ofizialak eskuratzeko azterketetan (ingeleseko TOEFL, frantseseko DELF/DALF eta espainierazko DELE eta CCSE) 1.453 pertsonak parte hartu zuten.