Joan eduki nagusira

zoom Aitor Eguzkitza Diego ingeniaria, NUPeko doktore berria

Aitor Eguzkitza Diego ingeniaria, NUPeko doktore berria

Aitor Eguzkitza Diego Telekomunikazioa ingeniariak (Iruñea, 1984) osasun elektronikoko plataforma bat diseinatu du, informazioa estandarizatzen duena bateragarria izateko ospitale edo osasun zentro bakoitzeko sistema informatikoekin. Ospitale eta osasun zentroen artean historia klinikoak trukatzea ahalbidetuko luke horrek, eta arian-arian tresna berriak erabiltzea sortzen diren behar medikoei erantzuteko. Sistema hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) bere doktoretza-tesirako egin du, eta gaixoei arreta hobea ematea ahalbidetuko luke.

Egun, osasun zerbitzuek erosi egiten dituzte informazio-sistema elektroniko itxiak, gaixoen historia klinikoak dituztenak, eta etengabe egokitu behar dira, eta, kasu batzuetan, modernoago batzuekin ordeztu, funtzionaltasun berriak erabiltzea ezinezkoa denean. Horrek kostu ekonomiko handia dakar, eta horrek ere ez du ziurtatzen bertsio berri bat zaharkituta geratuko ez denik etorkizunean.

“Adibide bat jarri beharko banu, esango nuke historia kliniko elektronikoko egungo sistemak merkaturatu zituzten telefonia mugikorreko lehenengo terminal ‘itxien’ antzekoak direla. Osasun elektronikoko plataformaren proposamena, berriz, oraingo ‘smartphoneen’ antzekoa litzateke —azaldu du Aitor Eguzkitzak. Bere doktoretza tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa — lortu du. Lehenengo mugikorrek oinarrizko funtzio berberak zituzten erabiltzaile guztientzat; aldiz, mugikor adimendunek, oinarrizko zerbitzuez gainera, aplikazio berriak izan ditzakete erabiltzaile bakoitzaren behar zehatzen arabera. Horri erantsi behar zaio aplikazio horiek bateragarriak direla fabrikatzaile desberdinek emandako mugikorren ereduekin. Hau da, osasun zerbitzu bakoitzak bere sistema pertsonalizatu eta parametro berriak sartzeko aukera izango luke, ahalmen handiagoko beste terminal bat erosi beharrik gabe".

Bitartekaririk gabeko sistema arinago bat

Indarrean den historia kliniko elektronikoan, medikuek eremu berri bat sartu behar badute, zerbitzu informatikoei eskatu behar diete instala dezaten.  Eskari horrek ahalegin burokratikoa eta denbora galera handia dakarzkie bi aldeei. Tesian proposatutako osasun elektronikoko plataformaren bidez, medikuek beraiek gaitasuna izango lukete bitartekaririk gabe kudeatzeko beren prozesu klinikoetako bakoitzean erregistratutako informazioa.

“Abantaila nagusia da software medikoko enpresa txikiek osasun egoera oso zehatzetarako tresnak proposatu ahal izango lituzketela, enpresa handi batek bere informazio klinikoko makro-sistemaren hurrengo bertsioan konponbide generiko bat ezarri arte itxaron ordez”, esan du Aitor Eguzkitzak. Luis Javier Serrano Arriezu eta Jesús Daniel Trigo Vilaseca Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakasleek zuzendu eta José Andonegui Navarro Nafarroako Ospitaleguneko Oftalmologia Zerbitzuko buruak gainbegiratu du doktoretza tesia.

Horretaz gainera, ikertzaileak gaineratu du, tresna batek arrakasta badu, enpresa batek gara lezakeela plataforma desberdinetarako. “Mugikorren aplikazioekin gertatzen denez, zeinak bai Android sistemarekin, bai iOS sistemarekin erabil baitaitezke, osasun elektronikoko plataformen kasuan, estandar zehatzetan oinarrituta daudenez, informazio klinikoa arazorik gabe trukatu ahal izango lukete”, erantsi du.

Probak hiru gaixotasun oftalmologikorekin

Osasunbidearekin lankidetzan, Eguzkitzak bere plataforma probatu du hiru prozesu klinikorekin, kudeaketa hobetzeko helburuarekin. Hiru gaixotasun oftalmologiko kroniko dira, Oftalmologia Zerbitzuko itxaron-zerrendak luza ditzaketenak, espezialista gutxi baitaude gaixoen jarraipena egiteko aholkatutako tarteetan: erretinopatia diabetikoa, adinarekin lotutako makulako endekapena eta glaukoma kronikoa, itsutasun eragozgarriaren zio ohikoenak Europan.

Sistema tradizionalean, proba diagnostikoak oftalmologoaren kontsultan pilatzen dira. Beraz itxaron-zerrendaren luzera mediku espezialista bakoitzaren lanerako gaitasunaren araberakoa izango da. Plataforma elektronikoarekin proposatzen den beste aukera da lana zenbait aretotan banatzea eta prestakuntza espezifikoa duten erizainek proba diagnostikoak egitea banaka. Horrela oftalmologoak urrutitik ebaluatzen ditu probak eta diagnostiko urgenteena duten gaixoentzat lehenesten du kontsultako denbora. “Sistema informatikoak ahalbidetuko luke baliabide teknikoak eta giza baliabideak eraginkortasun handiagoz birbanatzea, eta horrek gaixoei emandako arreta hobetu eta itxaron-zerrendak askatuko lituzke arreta espezializatuko kontsultetan”, esan du amaitzeko.

Curriculum laburra

Aitor Eguzkitzak Telekomunikazioko Ingeniaritza Teknikoko titulua lortu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, non Ingeniaritza Biomedikoko Masterra egin baitzuen gero. Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko Ingeniaritza Biomedikoko ikerketa taldean prestatu zuen bere doktoretza-tesia. Horretaz gainera, bai nazioko bai nazioarteko zenbait biltzar eta argitalpenetan aurkeztu du bere ikerketa lana.