

“Tronuen jokoa” ardatz duen literatura fantastikoari buruzko mintegiaren argazki bat. Hori izan zen azkeneko deialdian hautatutako kultura proiektuetako bat.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzak deialdi berri bat ireki du unibertsitate komunitateak bultzatzen dituen kultura proiektuak aukeratzeko, Unibertsitatearen kultura programazioan 2018an sartuko direnak.
Proiektuak azaroaren 17ko 14:30ak arte aurkezten ahal dira Unibertsitateko Erregistro Orokorretan, Iruñean eta Tuteran. Proiektuek sormena, aniztasuna eta elkartasuna bezalako balioak sustatuko dituzte, eta gizartearen parte-hartzea unibertsitate komunitatearen kultura jardunean bultzatuko dute. Deialdi honen oinarriak Unibertsitatearen webgunean aurki daitezke.
Parte-hartzaileak eta lanen ebaluazioa
Deialdi honetan parte hartzen ahal dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa ofizial eta ez ofizialetan matrikulatuta dauden ikasleek, baita Irakasle eta Ikertzaileek (I-I) eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileek (AZL) ere, eta proiektuak nork bere izenean edo talde baten barruan aurkezten ahal dira.
Ebaluazio batzordeak aintzat hartuko ditu, beste batzuen artean, proiektu berritzailea den, dirua irabazteko asmorik gabea, Unibertsitate osorako interesgarria, unibertsitate komunitateko kide guztiei irekia (bereziki ikasleei), edo eta Unibertsitate barruko edo kanpoko beste erakunde edo talde batzuekin egitekoa den. Proiektuen aukeraketaren ebazpena Unibertsitatearen webgunean argitaratuko dira abenduaren 30a baino lehen.
Joan den urteko deialdian hamar proiektu hautatu ziren guztira; haien artean, mintegiak eta literatura lehiaketak, idazketa lantegi bat, saharar herria hobeki ezagutzeko saioak edo kontzertuak, besteak beste.