Joan eduki nagusira

zoom Ainara López Maestresalas ingeniaria, NUPeko doktore berria.

Ainara López Maestresalas ingeniaria, NUPeko doktore berria.

Ainara López Maestresalas ingeniariak (Iruñea, 1984) zenbait tresna ikertu ditu, nekazaritzako elikagaien industriari kalitate kontrol handiagoa lortzea ahalbidetuko diotenak modu ez-suntsitzaile, eraginkor eta iraunkorrean, munduan gehien ekoiztu eta kontsumitzen den laboreetako batentzat: patatarentzat. Zehazki, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurritako doktoretza tesiak jasotzen duenez, erradiazio infragorriaren bidez identifikatu ditu barietate kardioasungarrienak, eta modu goiztiarrean identifikatu ditu ale kaltetuenak, zeren horiek kontsumitzaileen etxeetara iristen badira, olio gehiago xurgatzen baitute frijitzean.

Patataren kalitatea ebaluatzeko, bere ikerketan teknika jakin bat erabili du: espektroskopia infragorri hurbila (edo NIR, bere siglak ingelesez). Materiak infragorri hurbilaren uhin-luzeran, hau da, espektro elektromagnetikoan argi ikusgaiaren bukaeran dagoen eremuan, energia nola xurgatzen eta igortzen duen aztertzen da teknika horren bidez. Patataren konposizio kimikoak eta barne egiturak eragin zuzena dute aztertu behar den laginean igorritako argiaren xurgapen eta sakabanatzean. Beraz, argi hori nola islatzen den aztertzeak alderdi horiei buruzko informazioa ematen du.

Aipatu teknologia eta beste estatistika teknika batzuk elkartuz, Ainara Lópezek patataren konposatu kimikoen sailkapen eta zehaztapen bat egin zuen. "Batetik, analisi kualitatibo bat garatu nuen patataren barietateak sailkatzeko, eta, bestetik, analisi kuantitatibo bat, zenbait konposatu kimikoren kontzentrazioa zehazteko. Patatak, bereziki pulpa moreko barietateak, bitaminen, esaterako C bitaminaren, eta polifenolen eta karotenoideen iturri bikaina dira”, azaldu du ikertzaileak. Silvia Arazuri Garín eta Carmen Jarén Ceballos Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Saileko irakasleek zuzendu dute bere tesia.

Ikerketan 471 tuberkulu erabili zituzten, mami gorri eta moreko hamazortzi barietatetakoak. “Lortutako emaitzei esker identifikatu ahal izan ziren konposatu fenolikoen, gaixotasun kardiobaskularrak murrizteko lagungarriak diren konposatuen, kopuru handia duten barietateak —zehaztu du Lópezek—. Emaitza horiek erakusten dute bideragarria dela metodologia horiek hobekuntza genetikoko programetan erabiltzea, nahi diren konposatu kimikoen kontzentrazio handia duten lerroak aukeratzeko".

Patata kaltetuen detekzio goiztiarra

Berritasun gisa, irudi hiperespektralak erabili ziren, halaber, tesian. Irudi horiek zehaztapen handiagoa eskaintzen dute analisietan, tuberkuluen konposizio kimikoan edo barne egituran dauden aldaketak, kalteek eragindakoak, bistaratzeko aukera ematen baitute. Ainara Lópezek barne belztura –begi hutsez ikusezina den kalte mota bat– detektatzeko irudi hiperespektralak erabiltzen dituzten bi sistemaren potentziala ebaluatu zuen. Kalte mota horrek galera ekonomiko handiak eragiten ditu, baita patataren alde hori iluntzea ere, eta hori dela-eta patatek olio gehiago xurgatzen dute frijitzean. Beraz, oso interesgarria da kalte horiek identifikatzeko gai diren teknika ez-suntsitzaileak edukitzea, tuberkuluak azken kontsumitzailearengana iritsi baino lehen”, esan du.

Ikerketaren atal hori egiteko, 188 lagin (a priori, kalterik gabekoak) erabili ziren, eta bi taldetan banatu ziren: kalterik gabekoak eta kaltetuak. Azken horiei kalteak eragin zitzaizkien. Patatak irudi hiperespektralen bi sistemekin aztertu ziren denbora tarte jakin batzuk igaro ondoren, zeinak ordubetetik hogeita lau ordu bitartekoak baitziren. “Emaitzen bidez, barne kalteak hauteman ziren tuberkuluetan, beren garapenaren lehenengo faseetan, % 95ekoa baino zehaztapen handiagoarekin —azaldu du Ainara Lópezek—. Horri esker, tuberkulu kaltetuak modu goiztiarrean aurki daitezke, eta, horrenbestez, tuberkulu horiek kontsumitzaileengana iristea eragotz daiteke”. Hortaz, tesi honetan lortutako informazioarekin oinarriak ezartzen dira kalitate kontroleko sentsoreak garatzeko nekazaritzako elikagaietan, zeinak arinak, ez-suntsitzaileak eta iraunkorrak izango baitira.

Curriculum laburra

Ainara López Maestresalasek Nekazaritzako Ingeniari Teknikoaren titulua lortu zuen NUPen, Nekazaritza eta Abeltzaintza Ustiapenak espezialitatean, eta gero Eskoziara joan zen master bat egiteko Edinburgh Napier Universityko Ingurumen Iraunkortasuna programan, eta energia berriztagarriei buruzko graduondoko ikasketak, Open University of Scotlanden.

Bere doktoretza tesiak bikain "cum laude" kalifikazioa lortu zuen nazioarteko aipamenarekin, eta tesia egin bitartean bi ikerketa egonaldi egin zituen: lehenengoa, Copenhagueko Unibertsitatean (Danimarka); eta bigarrena, Lovainako Unibertsitate Katolikoan (Belgika).

Horretaz gainera, Nekazaritza eta Elikagaien Ikerketa eta Teknologiako Institutu Nazionalak (INIA) eta Nekazaritza Ikerketako eta Garapeneko Euskal Institutuak finantzatutako bi proiektutan parte hartu du ikertzaile gisa. Lau artikulu idatzi ditu nazioartean eragina duten aldizkarietan, bai eta dibulgazioko zenbait artikulu ere. Elsevier Herbeheretako multinazionalak argitaratutako “Advances in Potato Chemistry and Technology” (“Aurrerapenak pataten kimikan eta teknologian”) liburuko kapitulu bat ere idatzi du.