Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Nafarroako Ondare Materiagabearen Katedraren bidez eta Nafarroako Gobernuak lagundurik, gaur, asteazkenez, Ondare Materiagabe Nafarraren inguruko II hitzaldi eta formakuntza zikloari jarraipena emanen dio. Denera dohako hiru hitzaldi, hiru tailer eta mintegi bat izanen dira.
Batetik, Nafarroako Museoak bi hitzaldi hartuko ditu etnolinguistikaren bizitasunari buruz, horrek hizkuntzaren beraren erabileran eta ondare materiagabearen kultur agerpenetan nola eragiten duen aztertuz. Lehena gaur izanen da, urriak 4, 19:00etan, eta Andoni Egaña eta Julio Soto bertsolariak izanen dira bertan, bertsolaritzaren gaineko hitzaldi-errezital bat eskaintzen. Bertsolaritzaren artearen azalpen elebidunak Julio Sotoren zuzeneko kantuak izanen ditu adibide. Bigarren hitzaldia, leku berean izanen dena, heldu den urriaren 11n 19:00etan, Josemari Espartza eta Iñaki Reta jota nafarraren etorkizunaz arituko dira mahai-inguru/errezital batean, zuzeneko musika ere lagun dutela.
Formakuntza tailerrei dagokienez, urriaren 16 eta 17an tailer bana antolatuko dira haur hezkuntzako eta bigarren hezkuntzako lehen ikasturteetako irakasleei zuzendurik, Katedrak sortutako bi bildumaren erabilera bultzatzeko. Urriaren 16an gaztelaniaz izanen da tailerra Mónica Aznárez eta Cosuelo Alluéren gidaritzapean, kantutegi tradizionalaren bidez gaztelania hizkuntza eta literatura irakasteko proposamen didaktikoez. Urriaren 17an aldiz, euskarazko tailerraren txanda izanen da Paula Kasaresen eskutik, haur folklorearen bidez euskararen irakaskuntzarako proposamen didaktikoen gainean.
Orobat, kamishibai tailer bat ere ospatuko da (bai gaztelaniaz, bai euskaraz). Butai edo egurrezko antzokitxo batean agertzen doazen irudien laguntzaz ipuinak kontatzeko teknika da hori. Kamishibaiaren Lagunen Elkartearekin batera, tailerra urriaren 19an ostegunez, 24an asteartez, 25ean asteazkenez eta 26an ostegunez ospatuko da. 8 orduko iraupena izanen du bi ordutako lau saiotan, eta Alfredo Asiain, Carmen Aldama eta Piluka Labaienek gidatuko dute. Katedraren Facebook orrialdean aurki daiteke informazio osoa.
Nafarroako Ondare Materiagabearen Katedra
2014ko urtarrilean UPNA/NUPen Nafarroako ondare materiagabearen artxiboaren Katedra eratu zen. Nafarroako eta Nafarroa Behereko Ondare Kultural Materiagabearen dokumentazio eta kudeaketa zentroa sortzeko 2006an abiatutako lana nabarmendu zen modu honetan. Proiektu honen xedea Ondare Kultural Materiagabearen Babeserako UNESCOren hitzarmenak jasotzen dituen aholkuetan kolaboratzea da: identifikazioa eta dokumentazioa; zaintza eta kontserbazioa; promozioa eta hedapena, eta babesa eta berpiztea.
Katedraren xedeetako bat Ondare Kultural Materiagabe nafar eta baxenafarraren gaineko ikerketa bultzatzea da. Ondarearen azterketarako eta eta aplikazio didaktikoak sortzeko metodologia eta teknologia aproposak garatu nahi ditugu, transmisioa ziurta dadin. Testuinguru honetan txertatzen da hitzaldi sorta hau, baita ondorio gisa baliatuko dugun formakuntza