“Zer gertatzen da kontserbak egostean?”. Hori da “Zientzia tabernan” saileko bideo berriaren izenburua, izen bereko webgunean argitaratu berri dena. Joaquín Sevilla Moróder Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Jakintzaren Zabalkunderako arduradunak eta Javier Armentia Fructuoso Iruñeko Planetarioko koordinatzaileak azaldu dute zergatik den beroa gai mikroorganismoak hiltzeko, adibidez, bakterioak eta onddoak, zeinek kristalezko latetan edo potetan kontserbatutako elikagaiak degradatzen ahal baitituzte.
Zientzia dibulgatzaile horiek ukitu historikoa eman diote azalpenari, 1810ean kokatu baitute teknika horren jatorria. Garai hartan, Napoleonek lehiaketa bat antolatu zuen soldaduei iraupen handiko elikagaiak hornitzeko moduak bilatzeko, eta Nicolas Appert frantziar sukaldariak irabazi zuen. Mende erdi geroago, Louis Pasteur frantziar bakteriologoak elikagaien kontserbazioa agente patogenoen indargabetzeari egotzi zion. Hala erantzuten diete Unibertsitateko Esperientziaren Gelako ikasleek egiten dituzten galderei. Esperientziaren Gelak prestakuntza eskaintzen die 50 urte baino gehiago dituztenei, Giza eta Gizarte Zientzietan.
Ziklo honetako ikus-entzunezko piezen ezaugarri komuna da taberna batean egiten direla, kasu honetan NUPeko Arrosadiko campuseko jantokien eraikineko kafetegian. Beren azalpenetan, adituek taberna batean arruntak diren materialak eta elementuak erabiltzen dituzte, esaterako, katiluak, platerak, kopak edo kafeontziak, haiek “tabernako esperimentuak” izendatzen dituztenak egiteko. Bideoak www.cienciaenelbar.com webgunean eta YouTubeko http://www.youtube.com/user/cienciaenelbar kanalean ikusten ahal dira.
NUPek abian jarri duen ekimen hau Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT) – Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatu du, eta haren xede nagusia eduki zientifiko eta teknologikoak jende guztiarentzat zabaltzea da, hizkera erraz eta ulergarrian. 2014tik gaur arte argitaratu diren 35 bideoek 341.500 bisita eduki dituzte guztira.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kultura Zientifikoaren Unitateak (KZU) bultzatzen du proiektua, eta Iruñeko Planetarioak laguntzen du. Abiapuntutzat hartzen du Zientziaren Lagunen Klubak 2013an martxan jarri zituen “Zientziaren ostegunak” (gaur egun, “Zientzia tabernan”), gai zientifikoak lasai eta lagunarteko giroan jende guztiarengana hurbiltzeko xedez sortu zen ekimena.