Sergio Rota Rodrigo telekomunikazio ingeniariak (Iruñean, 1985) zuntz optikoan oinarritzen den monitorizazio sistema bat garatu du, intentsitatean oinarritutako sentsoreen sentikortasuna 50 aldiz baino gehiago handiagotzeko gaitasuna duena. Sistema honen funtsa da zuntz optikozko laser batean txertatutako eraztuneko egitura erresonante bat, non sentsorea kokatzen baita. Teknologia honek azpiegituren (zubiak, zubibideak, oliobideak, gasbideak...) egitura-osasuna monitorizatzeko bidea ematen du, eta intentsitatean oinarritzen diren sentsore optikoetan erabiltzen ahal da (zeinek sistemako argi-kantitatea aldatzen baitute aldaketa fisikoak edo kimikoak gertatzen direnean). Horixe da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurri duen doktoretza tesiak esaten duena.
“Zuntz optikoa telekomunikazioetan sartu zenetik, bere propietateetan oinarritzen diren garapen mordo bat sortu da —esan du Sergio Rota, zeinaren doktoretza tesia NUPeko Komunikazio Optikoen Ikerketa Taldeko arduraduna den Manuel López-Amo Sainz katedradunak zuzendu baitu—. Horrela, azken hamarkadetan, zuntz optikoan oinarritzen diren sistemen bilakaera azkarrak, eta merkatuan beste gailu batzuk agertzeak aurrera eraman dute era nabarmenean ikerketa, arlo honetan. Zuntz optikoa telekomunikazioetan erabiltzeaz gain, beste aplikazio batzuk ere sortu dira, eta horrela gailu-familia berriak sortu dira. Bereziki interesgarriak diren horietako bi zuntz optikozko laserrak eta zuntz optikozko sentsoreak dira".
Zuntz optikoan oinarritutako gailuak
Bi gailuek zuntz optikoan dute oinarria, zeina informazioa argiaren bitartez bideratzen duen baliabide bat baita. Laserra anplifikazio optikoaren bidez eta erradiazio elektromagnetikoaren jaulkipenaren estimulazioaren bidez argia emititzen duen gailu bat da. Beste alde batetik, zuntz optikozko sentsoreak gailu batzuk dira, zeinetan neurtuko den parametroak (fisikoa, kimikoa, biologikoa edo bestelakoa) aldaketak edo modulazioak sortzen baititu bertako sistema optikoaren argiaren ezaugarriren batean, eta, beraz, monitorizatzen ahal baita.
Hain zuzen ere, Sergio Rotak egin duen ikerketaren oinarria zuntz optikozko egitura aurreratuak garatzea izan da, laserretarako eta sentsoreetarako. “Helburua zen bien eta beren monitorizazio sistemen ezaugarriak hobetzea, eta dauzkaten arazoei aurre egitea”, adierazi du doktoretza tesiaren egileak. Tesiak bikain "cum laude" nazioarteko aipamenarekin kalifikazioa lortu du.
Zuntz optikozko laserren kasuan, Rayleigh sakabanatzearen bidez banatutako hutsune-laser bat garatu du ("random laser" izenez ezagutzen dena), orain arte egin den estuena. Laser mota hauen ezaugarria da laser konbentzionaletan erabiltzen diren elementu islatzaileak ez daudela, eta horrela gailu horiek sentsoreak monitorizatzeko dauzkaten espektro elektromagnetikoaren propietateak hobetzen direla.
Gainera, sentsoreen monitorizazioaren alorrean, gailu horiek dauzkaten elementuen parte bat hobetu du, eta modu horretan irismena bezalako parametroak hobetu ditu (250 kilometrotarako neurketetaraino helduz), baita sentikortasuna eta egonkortasuna ere.
Curriculum laburra
Sergio Rotak (ezk.) saria jaso du Optika eta Fotonikaren Nazioarteko Elkarteko (SPIE) lehendakari Robert A. Libermanen eskutik Brasilen egin zen Zuntz Optikozko Sentsoreen Nazioarteko Biltzarrean.
Sergio Rotak Telekomunikazioko Ingeniaritza Teknikoa egin zuen NUPen, lehen, eta Telekomunikazio Ingeniaritza gero, eta ondoren Komunikazioetako Unibertsitate Masterra egin zuen, NUPen beti. Tesia defenditu eta gero, doktoretza ondoko ikertzaile lan egin izan du Bordelen (Frantzia) LP2N deiturikoan (Fotonikaren, Teknologia Digitalaren eta Nanozientzien Laborategia, frantseseko sigletan). Laborategi hau Akitaniako Optikaren Institutuaren Bordeleko Unibertsitatearen eta CNRS (Ikerketa Zientifikoaren Zentro Nazional, frantseseko sigletan) zentroaren mendekoa da.
Sergio Rotak NUPeko lau ikerketa proiektutan lan egin izan du, eta gaur egun beste lau proiektutan dago sartuta LP2N laborategian, horietako bat elkarlanean NUPekin. Bere ikerketan zehar, hamahiru artikulu argitaratu ditu nazioarteko aldizkari indexatuetan, zazpi ekarpen nazioarteko biltzarretan eta beste bi biltzar nazionaletan, eta horretaz gainera ikerketa egonaldiak egin izan ditu Kantabriako eta Oportoko (Portugal) Unibertsitateetan.
Gainera, doktoretza tesia egin bitartean, ikasle batek aurkeztutako artikulu onenaren saria irabazi zuen 2015ean Curitiban (Brasilen) egin zen Zuntz Optikozko Sentsoreen Nazioarteko Biltzarrean (OFS). Intentsitate sentsore baten sentikortasuna, egonkortasun handiarekin handiagotzen duen sistema berri bat aurkeztu zuen. Horretarako bere eraztun erresonanteen konfigurazioa berria erabili zuen "random" laser batekin konbinatuta.