Azken elektronika-jardunaldiko parte-hartzaileak, ISCren eta RS Components enpresaren lankidetzari esker antolatutako ekitaldian. Ezkerretik eskuinera: Ignacio Castro Arias (RS Components–Iberiako kontu giltzarrien kudeatzailea), Xabier Crespo (Fagor Electrónica enpresa gonbidatuko I+G Saileko kidea), Carlos Ruiz Zamarreño (ISCko ikertzailea eta Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakaslea), Mónica Vaz Iglesias (Fagor Electrónicako salmenta teknikoen kudeatzailea), Carlos López Ruiz (Nafarroako Gobernuaren Ekonomia Garapenerako Lehendakaritzaordeko Enpresen Sustapen Zerbitzuko 4.0 Industriaren Sustapen Ataleko burua) eta Carlos del Río Bocio (ISCko zuzendaria).
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Smart Cities Institutuak (ISC) eta RS Components enpresak, hots, osagai elektronikoen eta industriako mantentze-lanen mundu mailako banatzaile nagusiak, lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute. RS enpresak ingeniaritza elektronikoko eta mekanikoko proiektuetarako softwarea emango dio ingurune adimendunetan espezializatutako ikerketa-institutu horri. Horretaz gainera, zenbait ekitaldi ere antolatuko dituzte, besteak beste, ikasleentzako robotika-lehiaketa bat eta elektronikari buruzko jardunaldi bat. Erresuma Batuko enpresa horrek egoitza du Espainian, eta RS University programaren bidez betetzen du hezkuntzarekiko konpromisoa. Programa horretan, zenbait unibertsitatek parte hartzen dute, eta NUP da Espainiako lehenengoa.
RS Components enpresak NUPen ISC institutuari emandako softwareari esker, zirkuitu inprimatuko xaflak diseinatuko dira (elektronika-proiektuetarako), bai eta hiru dimentsioko prototipoak ere (mekanika-proiektuetarako), zeinak 3D inprimagailuetan fabrikatu baitaitezke. Ingelesez, DesignSpark PCB eta DesignSpark Mechanical dute izena, hurrenez hurren, proiektu horiek. Irakaskuntza-proiektuetarako ere baliatuko dituzte ISCko kideek, esaterako, ingeniaritza-titulazioetako ikasketa-amaierako lanetarako.
RS Components enpresak, bere aldetik, hiru robotika-proiektu sarituko ditu, NUPeko ingeniaritza-ikasleek diseinatutako proiektuen erakusketa egiten denean.
Elektronika-jardunaldia urtero
Hitzarmenari esker, ofizialtasuna emango zaio NUPen eta RS Components enpresaren arteko lankidetzari; izan ere, lehenago ere, lau urtez antolatu zuten elkarrekin elektronika-jardunaldia. GM Vending, Lab Circuits, Fagor Electrónica eta RS enpresetako ordezkariak aritu ziren hizlari aurreko jardunaldietan, eta produktu elektronikoen fabrikazioa, zirkuitu inprimatuko xaflak, osagai elektronikoak eta 4.0 industria izan zituzten, besteak beste, hizpide.
RS Components elektronika- eta elektrizitate-osagaien eta industriako mantentze-lanen mundu mailako banatzaile nagusia da. Hogeita hamabi herrialdetan dihardu, 1,6 milioi bezerori ematen die zerbitzu, eta 2.500 fabrikatzaileren 500.000 erreferentzia eskaintzen ditu, hala nola erdieroaleak, elektromekanika, instalazio elektrikoa, proba eta neurketa, tresnak, kontsumo-gaiak, eta automozioa eta kontrola. Londresko burtsan kotizatzen du, eta 1.270 milioi liberako (1.420 milioi €, gutxi gorabehera) diru-sarrerak izan zituen azken zerga-ekitaldian. Iberiar penintsulan, 1992az geroztik ari da lanean taldea, eta 40.000.000 € baino gehiago fakturatzen du urtero.