Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (NIGMET) bisita gidatuak antolatu ditu Iruñeko Arrosadiko campuseko Praktiketarako eta Nekazaritzako Ikerketarako Etxaldeko fruta-arboletara eta mahastietara, desgaitasunen bat duten eta ASPACE Nafarroako Egoitza Fundaziokoak diren pertsonentzat. Ekainetik irailera, garun paralisia duten ia 80 lagunek fruta bildu dute Unibertsitatearen instalazio horretan, non 20 hektarea baino gehiagoko labore lursail eta lorategiak baitaude. Berrogeita hamar ikasle boluntariok parte hartu dute ekimenean.
Bisitak antolatzen dira gerezia biltzeko garaian (ekaina), eta sagarra, muxika, madaria eta mahatsa biltzeko garaian (iraila). Bisitariek, fruta bildu eta naturaren erdian jateaz aparte, etxaldeko lorategiak ere bisitatzen dituzte, non hazten baitira zuhaitzak (zumar handiak, astigarrak eta ezkiak), forma geometrikodun ezpel-heskaiak eta 48 aldaerako arrosa bilduma. ASPACEren zentroetara itzultzen direnean, sukalde lantegi batean parte hartzen dute, eta han, bildu duten frutarekin, mermeladak, zukuak eta tartak prestatzen dituzte. Erakunde horren iritziz, halako bisitak jarduera pedagogiko-terapeutiko egokiak dira, eta desgaitasunen bat dutenei hezkuntza eta gizarte aukerak ematen dizkie.
Txanda bakoitzean, desgaitasunen bat duten hogei bat lagunek parte hartzen dute, ASPACEko sei profesionalen laguntzarekin. Desgaitasuna dutenak ASPACEren zentro hauetatik datoz: Orreagako Amabirjina Hezkuntza Bereziko Ikastetxetik eta Ramón y Cajal Eguneko Zentrotik eta Iruñeko Carmen Aldave Egoitzatik.
Horietako gehienak gurpildun aulkian mugitzen direnez, boluntarioen laguntza beharrezkoa baino gehiago ezinbestekoa da; bestela, ezinezkoa izango bailitzateke ekimena gauzatzea. Horretarako, Gizarte Ekintza Unitatearen mendeko Unibertsitatearen Boluntzariotza Programak ikasle boluntarioak koordinatzen ditu (egun bakoitzean, hamabost eta hogei artean). Horietako gehienak NUPeko Esperientziaren Gelakoak dira, eta bisitariei behar duten laguntza ematen diete. Horiekin batera aritzen dira Unibertsitateko ikasleak, batez ere nekazaritza ingeniaritzako titulazioetakoak, gidari ibiltzen baitira fruta-arbolei, laboreei, landareei eta ingurumen hezkuntzako edukiei buruzko informazioa emateko.
Zerbitzu lana eta ikasteko aukera
Boluntarioek ematen duten zerbitzua osatzeko, ASPACEren Ramón y Cajal Eguneko Zentroan garun paralisiari eta horren antzeko asaldurei buruzko prestakuntza saio bat egiten da. Han, bertatik bertara ezagutzen dute ikasleek erakundeak aurrera eramaten duen hezkuntza eta laguntza programa terapeutikoa nolakoa den.
Jarduera horretan parte hartzeak edozein titulaziotako ikasleen prestakuntza akademikoa osatzen du, aukera ematen baitie desgaitasunen bat duten pertsonak ezagutu eta haiekin harreman zuzena izateko, eta dauzkaten behar espezifikoak zein diren identifikatzeko eta konturatzeko; izan ere, ikasleek izaten duten lanbidea edozein dela ere, kontuan hartu beharko dituzte behar horiek (aplikazioak, espazioak, produktuak eta zerbitzuak diseinatzeko), edozein eremutan (hezkuntza, gizartea, eremu juridikoa...).
Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (NIGMET) konpromiso sozialeko beste zenbait jarduera ere egiten ditu etxaldean, esaterako, ikasketa zerbitzuko esperientzia bat: apirilean eta maiatzean, astero barazkiz hornitzen dute Iruñeko Paris 365 jantoki soziala. Ikasketa zerbitzuko esperientzia hau izan da NUPeko Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza Graduari EUR-ACE® ingeniaritzetarako Europako kalitate ziurtagiria eman dion akreditazio agentzia independenteak balioetsi duen irakaskuntza metodologietako bat.
Bestalde, Nafarroako Foru Erkidegoko hiru erakunde sozialek oliba olioaren 180 litroko dohaintza jaso dute berriki. Lacarra Adinekoen Elkarteko kideek Praktiketarako Etxaldean bildutako olibekin egin dute olioa Arroizko Mendia errotan. Erakunde sozialak hauek dira: Izarbeibarko Oinarrizko Zerbitzu Sozialen Mankomunitatea (egoitza Garesen dauka), Iruñeko Udaleko Emakumeei Arreta Emateko Udal Zerbitzua eta Apoyo Mutuo-Elkarri Laguntza elkartea, zeinak Hipotekak Kaltetutakoen Iruñeko Alde Zaharreko Plataformaren elikagai banku bat kudeatzen baitu.