Joan eduki nagusira

2018/19 ikasturtean ezarri nahi dituen graduko lau titulu berriren txostenak Unibertsitateen Kontseilura bidaltzea erabaki du Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Gizarte Kontseiluak. Titulu hauek dira: Gradua Bioteknologian, Gradua Zientzietan eta Gradua Datuen Zientzietan; horiek guztiak Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoaren (NIGMET) mendekoak; eta Gradua Ingeniaritza Biomedikoan; Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoari (TIIGMET) atxikia. 

Lau graduetako txostenak egiaztatu behar ditu orain Unibertsitateen Kontseiluak eta gero Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak eta Nafarroako Gobernuak onetsi behar dituzte. Unibertsitateen Kontseilua Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren mendekoa da. 

Unibertsitateak lau titulazio berri horien alde egindako apustuak STEM izenekoen langile eskariari erantzuten dio (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikaren siglak ingelesez), zeina bi digituen gainetik haziko baita Europan 2020ra arte, berriki egindako estimazioen arabera. Espainian, adar horietako profesionalak unibertsitario guztien %1 dira. Beraz, egun eten bat dago eskaintzaren eta enpresen eskariaren artean. Bestalde, lau gradu horiek erabat lerrokatuta daude S3 Nafarroako Espezializazio Adimendunaren Estrategiarekin; bereziki Osasunaren eta Elikatze katearen arlo ekonomikoetan.

Gradua Bioteknologian

Bioteknologia Gradua Espainian gehien eskatzen den titulazioetako bat da, sektore horrek eta berau osatzen duten enpresek gero eta garrantzi handiagoa dutelako, eta graduaren xedea da profesionalak gaitzea,  organismo bizidunetan aplikatutako teknologiak erabili ahal ditzaten, xede anitzekin. Bere edukiak NIGMETeko ikerketa taldeekin lerrokatzen dira. Arlo hauekin lotuta daude: animalia-ekoizpena, genetika, genomika, mikrobiologia, gene-adierazpena, landare-ekoizpena, ingurumena, landare fisiologia, sendagaien eta bioerreaktoreen garapena.

Gradua Zientzietan

Zientzietako Graduaren xedea da diziplina anitzeko profil zientifikoa eta zientzia esperimentalekin eta matematikarekin lotutako arloen ezagutza globala duten profesionalak prestatzea, ikerketa zentroetan edo hainbat sektoretako enpresatan (kimika, ingurumena, ingeniaritza, programazioa, biomedikuntza, farmazeutika, nekazaritzako elikagaiak, etab.), lanean has daitezen ikerketa eta garapeneko, kalitate kontroleko, diseinuko eta produktu berriak garatzeko edo lan osasuneko sailetan, besteak beste.  Bestalde, graduak Bigarren Hezkuntzako irakasleak trebatuko ditu Zientzien esparruan.

Datuen Zientzia

Datuen Zientzietako gradutitulazioak datuen prozesatzean dauden profesional adituen beharrei erantzuten die. Behar horiek areagotu dituzte Interneten eztandak, sentsoreak gero eta gehiago erabiltzeak eta ordenagailuen konputazio gaitasuna merkatzeak. Eskainiko ditu matematika eta estatistika tekniken ezagutza sakona, programazioko ezagutza handiak, eta konponbide berritzaileak diseinatzeko gaitasunak, Matematika eta Estatistika Zientzietako oinarrizko prestakuntza sendo batekin.

Gradua Ingeniaritza Biomedikoan

Praktika medikoan agertzen diren arazoak konpontzeko gai diren profesionalak prestatuko ditu Ingeniaritza Biomedikoko graduak. Prestakuntza oinarritzen da fisika, matematika edo ingeniaritzako printzipioen aplikazioan industria eta enpresa arloetan, ospitaleetan eta kudeaketa publikorako zentroetan eta ikerketa sailetan.

Esparru horretan egin daitezkeen jardueretako batzuk hauek dira: elektromedikuntzako, medikuntza irudiko eta instrumentazio biomedikoko ekipo eta sistemen diseinua, instalazioa eta mantentzeko lanak; seinaleak, irudiak eta datu biomedikoak tratatu, kudeatu, gorde eta transmititzeko software aplikazio espezifikoen garapena; gailu eta aplikazio terapeutikoak, ortotikoak, errehabilitaziorako eta kirolerako, ingeniaritza mekaniko, elektroniko eta automatikoan oinarrituta daudenak; biosentsore eta biomaterialen garapena erabilera klinikoetarako; teknologiaren kudeaketa ospitale eta osasun sistemetan, bai eta aurreko alderdietan egindako oinarrizko ikerketa edo ikerketa aplikatua ere. 

Beste hiru graduren esperoan

NUPek lanean dihardu graduko beste hiru titulaziotan, Historia eta Ondarearen, Psikologiaren, eta Nazioartekotzearen eta Lankidetzaren esparruetan. Gobernu Kontseiluak hurrengo hilabeteetan onetsiko dituela espero dute.