Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bere 30. urteurrena ospatzen du gizarteari irekitako ekitaldi programa batekin. Ekitaldiak urriaren 2tik 6ra bitartean egingo dira, eta Foru Komunitatearen garapenarekin lotutako bost gairi buruzko ikuspegia eskainiko dute. Erakusketa bat, saio zientifikoak, erakustaldiak eta dibulgazio hitzaldiak Kondestablearen jauregian, sarbide irekiko eskolak Iruñeko Arrosadiko eta Tuterako Campuseko Ikasgelategian eta kaleko jolas jarduerak daude programaren barruan, eta unibertsitateko komunitateko kideen ekarpenarekin egin da. Informazio guztia erabilgarri dago kontsultatzeko webgune espezifiko batean. Hiru hamarkada hauetako argazki oroitzapenekin eta bideografikoekin ari dira webgune hori elikatzen. Horretaz gainera, badago kontu bat Instagram sare sozialean ikasle ohiek bere irudiak parteka ditzaten eta Twitterren #MomenticoUPNA etiketarekin bere bizipenak berri ditzaten.
Ekitaldien programa eta 30. urteurrena ospatzeko bideo bat aurkeztu ditu gaur, astelehena, irailak 18, Alfonso Carlosena errektoreak Arrosadiko Campusean. Errektorearekin batera izan dira aurkezpenean bere gobernu taldeko bi kide: Inés Olaizola Nogales, idazkari nagusia; eta Joaquín Romero Roldán, kudeatzailea.
Bost egun, bost mintzagai
Jarduerak bost gairen inguruan antolatu dituzte, eta egun bakoitzean gai bat garatuko da. Hauek dira gaiak: Historia, ondarea, kultura eta komunikazioa (astelehena, urriak 2); Osasun publikoa XXI. mendean (asteartea, urriak 3); Elikatze katea (asteazkena, urriak 4); Industria 4.0. Automozioa (osteguna, urriak 5); eta Energia garbi iraunkorra (ostirala, urriak 5). Gai hauek bat datoz Nafarroako Espezializazio Adimendunaren Estrategiako zenbait arlorekin. Estrategia Europako Batasunak diseinatutako tresna bat da, eskualde baten garapen ekonomikoa bultzatzeko baliabide publiko eta pribatuak metatuz, beste lurralde batzuetatik lehiakortasunaren ikuspegitik bereizten duten sektore edo arloetan. Gai horietako bakoitzean, NUPek bere ikuspegia eskainiko du ikuspuntu desberdinetatik .
Iruñeko Udalak ekarpena egin dio programari Kondestablearen jauregia utzita. Jauregia Kale Nagusian dago. Eraikin horretan egingo dira jarduerak. Hala, bost egunetan eta 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era “Zabalik” erakusketa bisitatzeko aukera egongo da. Erakusketak, proposamen kronologiko batetik harago, nabarmendu nahi du NUPeko ikerketaren emaitzak herritarren eguneroko bizitzan daudela, sarri herritarrak horren jakitun izan gabe. Rural Kutxak babestu du erakusketa, eta hiru esparru nagusitan (etxea, hiria eta ingurunea) eta unibertsitateko zenbait egituratan antolatuta dago, hala nola Liburutegian, Ikasgelategian, Sailetan eta Errektoretzan. Baliabide digital eta interaktiboak ere baditu, Unibertsitateko Zientziaren Museoko elementuak eta Leoncio Urabayen Guindo (1888, Erroz-1968, Iruñea) geografo nafarraren argazki bildumako zati bat. Geografoaren artxibo profesionala erakundeari utzi zion Miguel Urabayen Cascante semeak.
Ikastetxeei eta edonori zuzenduta daude, halaber, “Erakustaldia” izeneko ekitaldiak. Kondestablean egingo diren esperimentu eta jarduera parte-hartzaileak dira, jolas ikuspegi bat dutenak, eta haien helburua da ikerketa jarduerarekiko jakin-mina piztea. Esaterako, bertako sagar eta mahats barietateen dastaketa egingo da, osasun gaien lantegiak, intsektuekin egindako elikagaien erakusketa bat, ariketa fisikoko test bat, elektronika eta robotikako erakustaldiak, ardo dastaketa bat eta ekonomiako jokoak, besteak beste. Saioak 12:00etatik 14:00etara egingo dira.
Dibulgazioa da, halaber, “Etikari, Humanismoari eta Zientziari buruzko Elkarrizketak” hitzaldi-zikloaren xedea. Zenbait adituk eguneroko gaiarekin lotutako gai berriak aztertuko dituzte 19:30etik 21:30era. Gonbidatuen artean, nabarmentzekoak dira Andoni Luis Aduriz sukaldaria eta Iñaki Gabilondo kazetaria. Ziklo hori Laboral Kutxarekin lankidetzan antolatu da, eta egunero zuzenean eta "streaming" bidez jarraitzeko aukera egongo da Zentral Tabernako pantaila handi baten bidez (Santo Domingoko merkatua).
Ikertzaile, aditu eta profesionalak dira “Saio zientifikoen” hartzaileak. Egun bakoitzarekin lotutako edukiekin lotutako gaiei buruzko topaketak ere egingo dira Kondestablean. Nolanahi ere, edonork izango du bilera horietako batzuetarako sarbidea. Asteleheneko saio bat da: Nafarroako azken errege-erreginen azken dokumentu funtsei buruzkoa (13:00etan); astearteko hiru saio: osasunean datuak aztertzeko adimen artifiziala aplikazioaren benetako kasuei bururuzkoak (10:00etan), epidemien simulazioetako teknika adimendunei buruzkoa (16:00etan) eta zinearen bidezko zuzenbidearen eta medikuntzaren irakaskuntzari buruzkoa (hori ere 16:00etan); osteguneko bat: 4.0 industriako robotei eta enpleguari buruzkoa (10:00etatik aurrera); eta ostiraleko bi saio: basoei buruzkoa, “Gutik Zura” dokumentalaren emanaldiarekin eta ondorengo eztabaidarekin; eta literatura fantastikoari eta zuzenbideari buruzkoa (“Eraztunen Jauna" eta "Tronuen Jokoa”) (12:00etan). Parte hartu nahi duten pertsonek izena eman beharko dute aldez aurretik.
Unibertsitateko eskola irekiak
Iruñeko Arrosadiko Campusean “Gela Irekia” garatuko da. Goizez egingo dira saioak, eta aukera egongo da Unibertsitate bateko eskola batera joateko ematen diren egiazko irakasgaiekin, irakasleak zein diren, gaztelaniaz, euskaraz edo ingelesez. Batez ere Batxilergoko, LHko eta DBHko bigarren zikloko ikasleei zuzenduta daude, baina ikasle ohiek eta beste edonork ere badute parte hartzeko aukera. NUPeko irakasgaietako batzuk nola ematen diren jakinaraztea da xedea. NUPeko ikasgeletan 35.000tik gora tituludunek jaso dute prestakuntza urte hauetan guztietan.
Programaren barruan daude, halaber, jolas jarduerak eta herritarrei zuzendutakoak arratsalde-gaueko orduetan. Badaude kalekoak, hala nola astelehenekoa, 17:30etik aurrera, koreografia bat egingo baita Iruñeko Kale Nagusian Nafarroa osoko haurren eskutik, Irakasletzako ikasleek zuzenduta, Eskola Normalaren sorreraren 186. urteurrena ospatzeko. Burgoen plazan eta Zentral tabernan egingo da “Zona Ocio 30” izenekoa, NUPeko ikasleei eta edonori zuzendua, musika, antzerkik edo “nazioarteko juevintxo” batekin.
Jarduera instituzionalak egitea ere aurreikusi du antolakuntzak. Esaterako, NUPeko aurreko errektoreen topaketa bat, herri bazkari bat unibertsitateko komunitateko kideentzat eta Unibertsitate Enpleguko X. Topaketa, ostegunean, Iruñeko Arrosadiko Campuseko Sario eraikinean enpresa eta eta erakundeetako erakusketariekin eingo den azoka bat. Web-orrialde honetan azken ekitaldi horri buruzko argibide gehiago daude: http://webfus.unavarra.es/encuentroempleo.
Aurrerapen kulturala, zientifikoa eta teknikoa
Nafarroako Parlamentuak 1987ko apirilaren 21ean onetsitako 8/1987 Legearen bidez sortu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Foru Erkidegoaren kultura, zientzia eta teknika aurrerapena laguntzeko helburuarekin. Bere sorreraren xedea zen zegoen titulazio eskaintza zabaltzea eta ordu arte erakunde ezberdinen mende zeuden ikastegi publikoetan ematen ziren unibertsitate ikasketak biltzea.
Hogeita hamar urte geroago, Nafarroako Unibertsitate Publikoa erreferentziako jakintza zentroa da, nafar gizartearen aktibo garrantzitsua denez, era oso nabarmenean laguntzen baitu jakintzan oinarritutako baliabide produktiboak lortzen: giza kapitala, kapital teknologikoa eta kapital ekintzailea, guztiak ere ezinbestekoak Nafarroa bezalako eskualde batentzat, lehiakortasunari eutsi eta hobetu nahi baldin badu.