Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Urretxindorra Proiektuan parte hartzeko beste beka deialdi bat ireki du. Ekimen honen helburua da unibertsitateko ikasleek 2017-2018 ikasturtean zentro publikoetan Lehen Hezkuntza eta/edo Bigarren Hezkuntza egiten ari diren adingabeei laguntza ematea, adingabeok eurentzat positiboa den eredu bat eduki dezaten. Zehazki, Iruñean, Barañainen eta Lakuntzan daude proiektua garatuko duten ikastetxeak.
Programa honek hemezortzi postu eskaintzen ditu, guztira, eta 2017ko urritik 2018ko maiatzera garatuko da. Eskaerak NUPeko erregistroan aurkeztu behar dira, irailaren 22ko 14:00ak baino lehen, Unibertsitateko Gizarte Ekintzarako Unitateari zuzenduta. Unitate hori Unibertsitate Proiekziorako eta Erakunde Harremanetarako Errektoreordetzaren mendekoa da. Deialdiaren oinarriak, bai eta eskabide eredua eta ekimen honetan parte hartzeko aurkeztu behar den dokumentazioa Unibertsitatearen webgunean daude kontsultatzeko.
Ikasle gidariek harreman pertsonala garatu beharko dute adingabeekin, laguntza eskaintzeko eta haiendako eredu positiboa izateko. Mentoretza lana bideratuta dago laguntzan oinarritutako harreman positibo bat eraikitzera adingabeekin, hauen garapen pertsonal eta soziala ahalbidetzeko. Aldi berean, unibertsitateko ikasleentzat aukera ezin hobea da, helduaren eredu positibo bat garatzeko. Horrez gainera, proiektuak ekarpena egingo dio gizarte eta kultura elkarrizketari, topaguneak partekatu ohi ez dituzten errealitate sozial desberdinetako pertsonak eta taldeak harremanetan jarriz.
Deialdiari buruzko xehetasunak
Deialdi hau zuzentzen zaie 2017-2018 ikasturtean matrikulatutako ikasleei, betiere bigarren ikasmailako edo hurrengo ikasmailetako ikasketak egiten ari badira graduko, gradurako egokitzapeneko, lehen eta bigarren zikloetako, graduondoko edo titulu berekietako titulazioetan. Eskatzaileak diren ikasleek harreman pertsonaletarako trebetasunak eta gizarte gaietarako sentsibilitatea eduki behar dute, haurren aisialdian jolas eta kultura jarduerak egiteko denbora edukitzeaz gainera (bi eta hiru ordu bitarte astean, eskola orduetatik kanpo).
Ikasleak deialdi publikoaren bidez aukeratuko dituzte. Deialdi horretan, curriculuma baloratuko da, eta elkarrizketa pertsonal bat egingo da. Aukeratutako pertsonek prestakuntza jasoko dute beren lana hobeki egiteko.