Artikuluaren idazleetako bi: Mikel Izquierdo (ezk.) eta Robinson Ramírez-Vélez ikertzaileak, argazkia ateratzeko jarrita NUPen.
Ikerketa berri batek aditzera eman du intentsitate handiko bitartekako entrenamendu deritzona, “High-Intensity Interval Training” (HIIIT) ingelesez, modu “eraginkorra eta efektiboa” dela 2 motako diabetesa garatzeko arriskua murrizteko, intsulinarekiko erresistentzia maila edozein dela ere. Ikerketa “Frontiers in Physiology” aldizkarian argitaratu da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Mikel Izquierdo Redín katedradunak parte hartu du, Txileko Los Lagos Unibertsitateko Cristian Álvarez eta Rodrigo Ramírez Campillo eta Kolonbiako Rosario Unibertsitateko Robinson Ramírez-Vélez ikertzaileekin batera. Intsulinarekiko erresistentziak esan nahi du gorputza hormona horri ez erantzuten hasten dela. Intsulinak glukosa prozesatzen laguntzen dio giza gorputzari, batik bat, muskuluetan eta gibelean. Prozesu horrek huts eginez gero, beraz, diabetesa sortzen da. Ikerketan aztertu duten entrenamendua honelakoa da: lau-sei aldiz errepikatzen dira zenbait ariketa, iraupen laburrekoak (30 segundo eta 4 minutu bitartekoak) eta intentsitate handikoak (gehieneko bihotz-maiztasunaren % 85-95etik gorakoak), eta hiruzpalau minutu erabiltzen dira indarberritzeko. 2 motako diabetesa izateko arriskuan dauden emakume batzuek egin dute entrenamendu mota hori, eta, entrenamendu-programan parte hartu ondoren, hobetu egin zaie osasun kardiobaskularra.
Diabetesa izateko arrisku-faktoreak dituzten gaixoei, adibidez, intsulinarekiko erresistentzia maila handia dutenei, jarduera fisikoa areagotzeko eskatzen zaie maiz, diabetesa gara ez dezaten. Haatik, ikusi da ariketa fisikoak ez duela modu berean funtzionatzen denengan. Aski ezaguna da ariketa fisikoarekiko erantzuna diferentea dela gaixo batetik bestera, baina oro har erresistentzia-ariketa tradizionaletako programetan parte hartzen duten pertsonak ikertu dira. Intentsitate handiko bitartekako entrenamendua, ordea, eraginkorragoa da denbora luzean, eta frogatu da aukera berri horrek osasunarekin lotutako zenbait aldagai hobetzen dituela.
Pisua, arteria-presioa eta gerria
Artikulua sinatu duten ikertzaileek jakin nahi zuten ea intentsitate handiko bitartekako entrenamendua lagungarria ote zen odoleko intsulina eta glukosa mailak eta 2 motako diabetesa garatzeko arriskua murrizteko, pazienteen intsulinarekiko erresistentzia maila edozein dela ere. Horretaz gainera, pisua, arteria-presioa eta gerriaren perimetroa ere neurtu zituzten, gaixotasun kardiobaskularrekin lotzen diren parametroak baitira. Ikertzaileen helburua zen modu eraginkor bat aurkitzea etorkizunean halako gaixotasun kardiobaskularrak garatzeko arriskua txikitzeko, eta zehaztea nork aterako liokeen probetxurik handiena ariketa fisikoko programei.
Horretarako, berrogei emakume heldu eta sedentariok parte hartu zuten programan, zeinek 2 motako "diabetes mellitus" gaixotasuna izateko arriskua baitzuten. Hamar astez egin zuten intentsitate handiko bitartekako entrenamendua, haien osasun kardiobaskularra zaintzen zuten bitartean. Bi taldetan banatu zituzten emakumeak, intsulinarekiko erresistentzia mailaren arabera, eta emakumeek ariketa-programari emandako erantzunen arteko diferentziak konparatu zituzten ikertzaileek. Oro har, entrenamendu mota horrek aldaketa positiboak eragin zituen osasun kardiobaskularreko adierazleetan. Arrisku handieneko taldeko emakume gehienek onurak sumatu zituzten, batez ere, arteria-presioaren eta odoleko intsulina eta glukosa mailen indizeetan. Bi taldeetako emakumeek pisua galdu eta gorputzeko gantz kantitatea murriztu zuten ariketa-programa egin eta gero.
Emaitza horien argitan, artikuluaren egileek aditzera eman dute intentsitate handiko bitartekako entrenamendua etorkizun handiko ariketa-programa dela, eta jende askori osasun kardiobaskularra hobetzeko aukera ematen diola. Era berean, ikerketa aurrerapauso bat da ulertzeko zenbaitek zergatik ez dieten aurreikusi bezala erantzuten ariketa fisikoko programei eta zer motatako jarduerek lagun
Nolanahi ere, Mikel Izquierdoren esanean, gaixoentzako ariketa-programa onena zein den zehazteko, etorkizunean kontuan hartu beharko da genetikaren eta beste gaixotasun kardiometaboliko batzuen, adibidez, hipertentsioaren, eragina.