Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) graduko 21 titulazioetako (18 gradu eta hiru gradu bikoitz) 7.000 ikasle laster itzuliko dira ikasgeletara Iruñeko eta Tuterako campusetan. Ikasle guztiek irailaren 4an, astelehenean, hasiko dituzte 2017-2018 ikasturteko eskolak. Baina lehenengo ikasmailan matrikulatutako ikasleek (1.700 gutxi-gehiago) aurreko ostiralean, irailaren 1ean, hitzordu bat dute, ohiko Harrera Eguna egingo baita. Egun horretan lehenengo ikasmailako ikasleak informazio saio batera joango dira. Alfonso Carlosena errektorea izango da buru, eta NUPek ikasleei eskaintzen dizkien ikasketa eta zerbitzuak aurkeztuko dira.
Zehazki, Harrera Egunean, Arrosadiko campusean, Unibertsitatearen webgunean kontsultatzeko dagoen programan adierazten den bezala, aurkezpen orokor bat egingo da eskolen eta fakultateen arabera (ordu desberdinetan, zer Fakultate den) Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan, eta gero hitzaldi espezifikoak egingo dira titulazio bakoitzari buruz, Ikasgelategiko eta Sario eraikineko beste gela edo areto batzuetan. Tuterako campusari dagokionez, saio guztiak NUPeko ekitaldi-aretoan egingo dira.
Hurrengo astelehenean, irailaren 4an, hasiko dituzte eskolak graduko ikasleek. Talde, ordu eta ikasgelei buruzko informazioa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.
NUPeko zerbitzuei buruzko informazio guneak
Unibertsitateko zuzendaritza-taldeko kideek eta irakasleek emandako informazio hitzaldiez gainera, informazio guneak jarriko dituzte Fernando Remacha aretoaren ingurumarietan, Unibertsitateko zerbitzu eta elkarte nagusien berri emateko. Zerbitzuei dagokienez, zerbitzu nagusiei buruzko informazioa emango zaie ikasleei: zerbitzuen ataria eta NireIkasgelategia, biak "online", eta Mentoretza Programa, zeina joan den ikasturtean jarri baitzen abian.
Horretaz gainera, NUPeko Antzerki Taldeak “Entre colegas” izeneko mikroantzerkiko lan bat antzeztuko du Óscar Orzaizen zuzendaritzapean eta Daniel Haro eta Javier Redínen interpretazioekin 9:30ean, 11:00etan eta 12:30ean.
Zerbitzuen atariaren bidez, Unibertsitatean matrikulatutako ikasleek sarbidea daukate, esaterako, web postara, ikasketa-espedientera, Liburutegiko zerbitzu jakin batzuetara edo jarduera eta ekitaldien agendara, bai eta NireIkasgelategira ere. NireIkasgelategia irakasteko, ikasteko eta lankidetzan aritzeko plataforma birtual bat da, ikasleek Unibertsitatean dauden bitartean beharrezkoa dutena. Plataformak hainbat zerbitzu eskaintzen dizkie ikasleei. Esaterako, matrikulatuta dauden irakasgaietarako sarbidea.
Bestalde, Mentoretza Programaren bidez Unibertsitateko ikasleek irakaskuntza eta administrazio gaietan informazioa eta orientazioa ematen diete beren titulazio bereko lehen ikasmailako zazpi ikasleri gehienez ere.