Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Nafarroako Gobernuak eta Leringo Udalak osatzen duten Amado Alonso Fundazioak Amado Alonso Literatura Kritikako Nazioarteko 2017ko Sariaren deialdia egin du. Sariaren bidez, Amado Alonso, Harvardeko Unibertsitateko (Estatu Batuak) Espainiar Hizkuntza eta Literaturako nafar irakaslea, ekarri nahi da gogora, eta literatura kritikari buruzko ikerketa eta dibulgazio jarduerak sustatu. Saria 5.000 eurokoa da, eta lanak aurkezteko epea azaroaren 30ean amaituko da.

Sariaren oinarrietan jasotzen denez, jatorrizko ikerlanak, argitaratu gabeak, aurkeztu behar dira, gaztelaniaz idatziak, eta, gehienez ere, 800.000 karakterekoak. Fundazioaren Patronatuak horretarako izendatutako epaimahai batek emango du epaia, eta saritutako lana argitaratu egingo da Pre-Textos valentziar argitaletxearekin batera. Deialdi honen oinarriak Amado Alonso Fundazioaren webgunean kontsultatu daitezke: http://www.f-amadoalonso.com/premio.html.

Amado Alonso Fundazioa 2001ean eratu zen, eta bere helburua da Amado Alonso irakasle nafarraren bizitza hobeki ezagutzen laguntzea, bai eta haren testuinguru historikoa ere Nafarroa, Espainia eta beste herrialde batzuetako arlo akademiko eta sozialean; ikertzaile horrek espainiar filologia, espainieraren didaktika, eta literatura teoria eta kritikaren esparruan egindako zientzia ekarpenen balioa aldarrikatzea; Amado Alonsoren eta haren lankide eta ikasleen lan ildoak eta espiritua garatzeko ikerketa eta dibulgazio jarduerak bultzatzea; eta egile horri buruzko dokumentazio bilketa sustatzea.

Literatura kritikako nazioarteko sari hau 2002an sortu zen eta, ordutik, hamahiru edizio egin dira. Irabazleak hauek izan dira: Mª. Isabel López Martínez (2002), Gloria Estela González-Zenteno (2003), Ángel Pérez Martínez (2004), Miguel Zugasti Zugasti (2005), Josep María Rodríguez Cabrera (2006), Alberto Santamaría Fernández (2007), Magda Beatriz Lahoz de Klins (2009), Alejandro Bekes (2010), Mario Martín Gijón (2011), Toni Montesinos Gilbert (2012), Gabriel Insausti Herrero-Velarde (2014), Walter Cassara (2015) eta Álex Matas Pons (2016).

Amado Alonso, Irakaskuntzako Erakunde Libreko irakaslea

Amado Alonso (Lerin, 1896-Arlington, Estatu Batuak, 1952), Filosofia eta Letretan lizentziatu zen 1918an Madrilgo Unibertsitate Zentralean, eta Américo Castro eta Menéndez Pidalekin batera lan egin zuen Historia Ikasketen Zentroan. Han, fonetikaren arloan sakondu zuen, eta gero espezialitate horrekin jarraitu zuen Hanburgoko Unibertsitatean (1922-1924). Espainiara itzuli zelarik, Irakaskuntzako Erakunde Libreko irakaslea izan zen. Aldi berean, Valle-Inclánen “Sonatei” buruzko doktoretza tesia prestatu zuen, zeina 1927an irakurri baitzuen. Urte horretan berean, Atlantikoa zeharkatu zuen Buenos Aireseko Unibertsitateko Filologia Institutuaren zuzendaritzaz arduratzeko. Han ia hogei urte egin zituen.

1946an, Amado Alonso Harvardeko Unibertsitateko (Estatu Batuak) Espainiar Hizkuntza eta Literaturako irakaslea izan zen, hasiera batean, seihileko baterako, baina, Argentinako arazo politikoak zirela medio, ezin izan zen itzuli. Estatu Batuetan egon zen herriminak jota, Espainiara itzuli ezin zelako, 1952an hil zen arte.

Amado Alonsoren lan aipagarriak dira, besteak beste, “Espainiera Amerikan” eta “Gaztelaniaren Erdi Aroko ahoskeratik ahoskera garaikidera”, eta “Revista de Filología Hispánica” argitalpena ere sortu zuen, baina hizlari gisa ere nabarmendu zen, asko landu baitzuen arlo hori. Horri esker, makina bat unibertsitatetan egon zen. Chicagoko Unibertsitateko "honoris causa" doktore inbestitu zuten, eta Filadelfiako Amerikako Sozietate Filosofikoko eta Letretako Argentinar Akademiako kidea izan zen. Joan Evansekin ezkondu zen, eta lau seme-alaba izan zituzten. Horietako bat (Juan Alonso) idazlea eta irakasle emeritua izan zen Tufts University unibertsitatean (Estatu Batuak), eta Amado Alonso Fundazioaren Patronatuko kide da.