Mikel Ariz Galilea Telekomunikazio ingeniariak (Iruñea, 1984) metodo bat diseinatu du buruaren kokagunean kalkulatzeko. Lehen urrats bat da pertsona nora begira dagoen jakiteko, eta horrela begiez gailu mugikorrak kontrolatu ahal izateko, hala nola ordenagailu eramangarriak, telefono adimendunak edo tabletak. Ikerketa Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurritako doktoretza tesiaren emaitza da, eta bidea ireki du kostu txikiko teknologia lagundua eta erabilerraza eskaintzeko mugitzeko desgaitasun handia duten pertsonei.
Teknologia lagundua bereziki gomendagarria da mugitzeko desgaitasun handia duten pertsonentzat, esaterako tetraplegikoentzat. Begiradarekin kontrola daitezkeen ordenagailuak merkaturatzeari esker, pertsona horietako batuek bizi kalitate hobea dute. Nolanahi ere, ekipamendu oso garestiak dira, eta horregatik pertsona gutxik dute haiek erosteko aukera. Mikel Arizen ikerketaren helburua da pertsona horiek begiradaren jarraipen teknikak erabili ahal izatea edozein ordenagailuren web kameraren bidez, eta horrek asko merkatuko luke prozesua.
Begiradaren bidez kontrolatzen dira gailuak, eta egun begiradaren estimazioari buruzko proiektu gehienetan bereizmen handiko kamerak erabiltzen dira. Kamera horiek begien jarraipen zorrotza egiten dute, bi dimentsioko irudietatik abiatuz. Bereizmen handiagoa lortzeko, infragorrien bi argi-emaile erabiltzen dira. Argi-emaile horiek isla batzuk sortzen dituzte begi-ninietan, eta horrek begi-niniak hautematea errazten du eta erabiltzailea ordenagailuko pantailaren zein punturi begira dagoen jakiten laguntzen du.
Begiradaren jarraipena egiteko teknologiak aplikazio ugari ditu: pertsona tetraplegikoek gailu mugikorrak kontrolatzea ahalbidetzen duten aplikazioetatik hasi eta gidatzen laguntzeko aplikazioetara (pertsona bat nora begira dagoen jakinda hark gidatzen ari dela lo hartzea edo arreta galtzea eragozten dutenak), ingeniaritza biomedikoko eremu zabalak barne.
Buruaren kokagunea eta orientazioa
Mikel Arizek ordenagailuaren bidez ikusteko metodoak garatu ditu buruak kamerarekiko duen kokagunea eta orientazioa zehazteko. "Ideia zen buruaren kokagunearen estimazioa hiru dimentsiotan kalkulatzeko proposatzea, halako eran non errotazioa eta translazioa aipatuko baitira. Hori urrats garrantzitsua da, zeren buruaren kokaguneari buruzko informazioa erabiliz errazagoa baita jakitea pertsona nora begira dagoen. Hori litzateke hurrena egin beharreko urratsa proiektua amaitzeko”, esan du Mikel Arizek. Rafael Cabeza Laguna eta Arantxa Villanueva Larre Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakasleek zuzendu dute bere tesia, eta “cum laude” kalifikazioa lortu zuen.
Bere metodologiak bereizmen handiko kameren bereizmen bera eskaintzen ez badu ere, zehaztapen gehiago eta emaitza hobeak lortu dituzte aurretik egindako antzeko lanetan baino. "Asmo handiko proiektua da, eta garrantzitsuena: edonorentzat eskuragarria, bai kostuagatik, bai erraztasunagatik. Aski litzateke web kameradun ordenagailu eramangarri bat. Horretaz gainera, aplikazio mugikor gisa erabil liteke telefono adimendunetan edo tabletetan, eta egun lanean dihardute asmo horrekin”, azaldu du doktore berriak.
Halaber, Mikel Arizen ikerketaren beste abantailetako bat da ez dela beharrezkoa erabiltzailea aldez aurretik trebatzea, "prozesu konplexua eta denbora asko hartzen duena baita, eta, horrez gainera, idatziz jasotako datu-base handiak beharrezkoa baititu". “Metodologia honek, ordea, ez du behar, eta hori balio erantsia da”, esan du.
Azkenik, ikerketa horretan garatutako metodologia edozein objektutara orokor daiteke. "Tesian, aurpegi eta pertsonei aplikatu zaie, baina kameraren bidez espazioan jarraipena egin nahi zaion edozein objekturekin proba daiteke. Objektu horren hiru dimentsioko eredu bat aski da horretarako. Esaterako, eraikin turistiko bat hiru dimentsiotan berreraiki liteke argazkiak erabiliz”, esan du amaitzeko.
Curriculum laburra
Mikel Arizek 2008an lortu zuen Telekomunikazioa ingeniariaren titulua Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), bere promozioko ikasketa espediente hoberenaren aparteko sariarekin. Hamazortzi hilabetez lan egin zuen NUPen teknologoen prestakuntza beka batekin, Nafarroako Gobernuaren beka bat lortu zuen Ingeniaritza Biomedikoko Master bat egiteko Melbourneko Unibertsitatean (Australia). Itzuleran, Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioaren UIP (Unibertsitateko Irakasleen Prestakuntza) beka bat lortu zuen, eta bekaren bidez garatu du bere tesia irudi ikusmen artifizialaren eta irudi digitalaren prozesatze digitalaren esparruan. 2012an, ikerketa egonaldia egin zuen Imperial College London-en (Erresuma Batuko hiriburuko unibertsitatea).
Gaur egun Iruñeko CIMAren (Ikerketa Mediko Aplikatuko Zentroa) Irudi Plataforman lan egiten du, eta zenbait ikerketa proiektutan parte hartzen du, batez ere, minbiziaren irudiaren eremuan. Horretaz gainera, Histologia eta Anatomia Patologikoko Saileko irakasle elkartua da Nafarroako Unibertsitatean.