Irabazleak, finalistak eta epaimahaia, Planetarioan, 2016an egin zen lehiaketaren lehen edizioaren azken saioa jokatu eta gero. Goiko lerroan (ezkerretik eskuinera): Irati Jáuregui (finalista), Iñigo Santiago (finalista), José Miguel Múgica (epaimahaikoa), Jaione Berro (finalista), Fernando Jáuregui (epaimahaikoa), Marta Cildoz (irabazlea masterretan), Maite Berraondo (finalista), Ramón Gonzalo (epaimahaikoa), Fernando José Juárez (finalista), Borja Muerza (finalista) eta Iñaki González (epaimahaikoa). Beheko lerroan (ezkerretik eskuinera): Alfonso Urrizburu (finalista), Gadea Corral (finalista), José Miguel Garrido (finalista), Lidia de Diego (finalista), Deyo Maeztu (irabazlea graduetan) eta Óscar Orzaiz (epaimahaikoa).
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) "3 minutuan" lehiaketaren bigarren edizioa martxan jarri du. Lehiaketaren helburua da publiko ez-espezializatuari ikasketa amaierako lanen edukia 180 segundoan hobekien azaltzen dioten graduko, zikloko eta masterreko NUPeko ikasleak saritzea. Lehiaketa honek 1.000 euro banatzen ditu sarietan, eta eskaerak aurkezteko epea urriaren 2an amaituko da.
"3 minutuan" "Tesiak hiru minutuan" lehiaketaren ondorio bat da. Lehiaketa hau NUPek antolatu zuen 2012an, eta doktoretza ikasleentzako ere bazen. Bi urte geroago, 2014an, lehiaketa Campus Iberuseko lau unibertsitateetako (Errioxa, Lleida, NUP eta Zaragoza) prestakuntzako ikertzaileentzat ireki zen. Ekimena arrakastatsua izan zenez, Campus Iberusek berak erabaki du doktoretza tesi baten komunikaziorik hobea saritzen duen "Tesiak 3 minutuan" lehiaketa antolatzea.
Hori dela-eta, "3 minutuan" lehiaketa NUPeko gradu, ziklo eta masterreko ikasleei zuzentzen zaie. Parte hartzeko baldintza da unibertsitateko ikasleek gradu edo masterreko amaierako lanak edo karrera amaierako proiektuak aurkeztuak izatea aurtengo urriaren 2a baino lehen. Parte-hartzaileek jakin behar dute beren lanak hiru minutuan laburtzen, jendaurrean egingo duten adierazpen batean.
Sariak eta oinarriak
Lehiaketak 1.000 euro banatzen ditu sarietan: 500 gradu eta zikloetan, eta beste 500 masterretan.
Deialdiaren oinarriak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean daude kontsultatzeko.
Zientzia eta Teknologiarako Espainiar Fundazioak (FECYT) – Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatzen du ekimen hau. Iruñeko Planetarioak eta RNEk laguntzen dute.