Joan eduki nagusira

zoom NUPeko irakasle bat, eskola ematen.

NUPeko irakasle bat, eskola ematen.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) “English Friendly” izeneko 70 irakasgai ezarriko ditu datorren 2017-2018 ikasturtean, gaztelaniaz ongi moldatzen ez diren atzerriko ikasleei bereziki zuzenduak. Horren xedea da ikasleok eskolak hobeki jarraitu ahal izatea, eta hizkuntza ez dadila oztopo bat izan irakasgaia ikasteko eta gainditzeko. Azken helburua atzerriko ikasle gehiago erakartzea da, profil horrentzat egokiagoa den hezkuntza-eskaintza bat proposatuz.

“English Friendly” programa NUPeko Nazioartekotze Errektoreordetzak diseinatu eta Nazioartekotze Batzordeak koordinatu du, eta Unibertsitatearen Plan Estrategikoaren nazioartekotze ardatzean jasotako ekintza bat da. Gainera, irakasleak ditu hartzaile, hain zuzen ingelesez mintzo direnak baina irakasgai bat oso-osorik ingelesez eman baino lehen trantsizio prozesu bat behar izan dezaketenak.

Programa horretan jasotako irakasgaien berezitasuna da eskolak gaztelaniaz gauzatuko direla, baina ingelesezko materialak eta zerbitzuak ere edukiko dituztela. Hain zuzen, bai ikasleari emango zaizkion irakaskuntza-materialak (apunteak, material bibliografikoa, aurkezpenak, e.a.), bai tutoretzak eta ebaluazio probak (azkenak eta partzialak) hizkuntza horretan izango dira.

Irakasgai gehienak azken ikasmailetan biltzen dira hein handi batean, horietan egiten baitute mugikortasuna nazioarteko ikasleek, eta Unibertsitateko titulazio guztietan orekatuta dagoen eskaintza bat izan dadila espero da. Zehazki, programak 15 gradutako eta masterretako 70 irakasgai hartzen ditu barne, eta eskaintza osorik ikus daiteke Unibertsitatearen web orrialdean, beherago zerrendatuko diren graduetako bakoitza kontsultatuz.

“English Friendly” irakasgaiak eskaintzen dituzten graduak eta masterrak

Hauek dira 2017-2018 ikasturtean “English Friendly” irakasgaiak eskainiko dituzten graduak eta masterrak, NUPeko fakultateen arabera sailkatuta: Zientzia Juridikoen Fakultatea (Gradua Zuzenbidean), Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatea (Gradua Haur Hezkuntzako Irakasletzan, Gradua Lehen Hezkuntzako Irakasletzan, Gradua Soziologia Aplikatuan, Gradua Gizarte Lanean eta Masterra Bigarren Hezkuntzako Irakasletzan) eta Osasun Zientzien Fakultatea (Gradua Erizaintzan eta Gradua Fisioterapian).

Bestalde, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak “English Friendly” eskaintza edukiko du Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza Graduan eta Elikagaien Prozesuen eta Produktuen Berrikuntzako Graduan, eta, azkenik, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak, Ingeniaritza Mekanikoko Graduan, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Graduan eta Telekomunikazioko Ingeniaritzako Masterrean.