Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bere egresatuei aukera eskaintzen die beren graduko unibertsitate tituluari aukerako irakasgaien ibilbidez osatutako aipamenak gehitzeko. Gradu bakoitzean (guztira 11k eskaintzen dute aukera hori) egin daitezkeen aipamenen kopurua aldakorra da (2 eta 4 artean), eta horiek osatzen dituzten ECTS kredituak (kopuru aldakorra hori ere, graduaren arabera) gehitu egingo zaizkie ikasleak gradu titulua eskuratzeko gauzatu dituen 240 horiei (horien barnean daude lehen aipamen bat osatzeko egin beharreko aukerako irakasgaiak, halakorik eginez gero).
Aipamenak curriculum-ibilbideak dira, eta ikasleari aukera ematen diote gradu bakoitzaren barnean jakintza-adar zehatz batean espezializatzeko. Horrela, beren prestakuntza eta espezializazioa hobetzen ahal dute, lan merkatuan hobeki sartzeko.
Aipamen horiek egiteko ikaspostuak mugatuak dira, eta eskaera Administrazio eraikineko Erregistro Orokorrean (Iruñeko Arrosadiko campusean) aurkeztu ahalko da, 2017ko abuztuaren 1etik 16ra, 8:30etik 14:30era, eta onartuen zerrenda abuztuaren 18an jarriko da jendaurrean. Eskaerei erantzuteko, ikasketa-espedientea hartuko da irizpidetzat. Informazio guztia eskuragarri dago Unibertsitatearen webgunean, edo aukera dago Ikasleentzako Argibide Bulegoarekin harremanetan jartzeko, 948 169096 telefono zenbakian edo oficina.informacion@unavarra.es helbide elektronikoan.
Graduetako bakoitzean egin daitezkeen aipamenak osatzen dituzten irakasgaiak kontsultatzeko, ikasketa-planetara jo beharra dago, eta horiek ere eskuragarri daude Unibertsitatearen webgunean.
Aipamenen eskaintza, graduen arabera
NUPeko bi eskolek zenbait aipamen eskaintzen dituzte: alde batetik, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (NIGMET), Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza Graduan (Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Ustiapenak; Baratzezaintza, Lorezaintza eta Paisaia; Nekazaritzako Elikagaien Industriak; edo Landa Ingurunearen Ingeniaritza); bestetik, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoari (TIIGMET) dagokionez, Telekomunikazio Teknologietako Ingeniaritzako Graduan egin daitezkeen aipamenak dira Telekomunikazio Sistemak, Telematika, Multimedia Sistemak eta Ikus-entzunezkoak, edo Sistema Elektronikoak; Informatika Ingeniaritzako Graduan, berriz, Softwarearen Ingeniaritza, Konputazioa eta Sistema Adimendunak, edo Informazioaren Teknologiak; eta azkenik, Industria Teknologietako Graduan, aukera dago Mekanika, Elektrizitatea edo Industria Elektronika aipamenak egiteko.
NUPeko fakultateek, bestalde, titulazio hauetan daukate eskaintza: Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Graduan (Enpresen Kudeaketa, Marketina, Kontabilitatea eta Kontu-Ikuskaritza, edo Bankuak eta Finantzak) eta Ekonomiako Graduan (Analisi Ekonomikoa, Garapena eta Lankidetza, edo Ekonomia Publikoa); Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateari dagokionez, bestalde, Haur Hezkuntzako Irakasletzak eta Lehen Hezkuntzako Irakasletzak eskaintzen dituzten aipamenak dira Atzerriko Hizkuntza (ingelesa edo frantsesa), Pedagogia Terapeutikoa, Musika, edo Gorputz Hezkuntza, eta Soziologia Aplikatuko Graduak, bestalde, Joeren Analista edo Gizarte Berrikuntzako Politiken Teknikaria;
Bukatzeko, Zientzia Juridikoen Fakultateak Zuzenbide Graduan dauzkan aipamenak dira Zuzenbide Pribatua edo Zuzenbide Publikoa eta Administrazio Zuzenbidea, eta Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako Graduan, berriz, Enpresetako Lan Aholkularitza edo Giza Baliabideen Zuzendaritza.