NUPeko Entitate Nabarmenaren epaimahaiko zenbait kideren irudia Ezkerretik eskuinera: Iosune Pascual (Unibertsitate - Gizarte Fundazioaren kudeatzailea), Iñaki Pérez de Landazabal, InaMATeko zuzendaria, Cristina Bayona (Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordea), Izaskun Goñi (Nafarroako Gobernuko zuzendari nagusia), Idoya Zabaleta (Alumni programako zuzendaria), Emilio J. Domínguez (Ekonomia Fakultateko dekanoa) eta Rafael Rodríguez Trías (TIIGMETeko zuzendaria).
Ingeteam enpresak NUP Entitate Nabarmenaren saria jaso du, Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2017 honetan lehen aldiz antolatutakoa,. Sari horren helburua da NUPekin edo Unibertsitate-Gizarte Fundazioarekin lankidetza-akordioa duten edo izan duten erakunde eta entitateen lankidetza-praktikak onak aitortzea.
Sariak Ingeteam enpresaren, zehazki Energy Produkzio Unitatearen, eta NUPen arteko erlazioa aitortzen du, azken batean langileen ia erdiak (293tik 113) Unibertsitateko egresatuak baitira, eta Unibertsitateko irakasle elkartuak izan diren zazpi profesionalek egiten baitute lan bertan. Enpresa horretan lanean diharduten NUPeko tituludunak ez dira soilik Ingeniaritza alorrekoak, baizik eta Zuzenbidekoak, Ekonomiakoak edo Administrazio eta Enpresen Zuzendaritzakoak.
Gainera, aipatu enpresa NUPeko Energia Berriztagarrien Katedraren parte da, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoaren (TIIGMET) barruan, eta 2010etik aurrera ikasketa amaierako 49 lanen eta 16 doktoretza tesien finantzaketan eta garapenean lagundu du. Bisitak ere antolatzen ditu ikasleek haien instalazioak ikus ditzaten, praktiketan dauden ikasleak jasotzen ditu (138, 1999tik aurrera) eta prestakuntza jardueretan edota hitzaldietan laguntzen du.
Bestalde, enpresak ikerketa bultzatzeko duen konpromisoa nabarmentzen du sariak, NUPen lankidetzarekin 15 patente erregistratu baititu. Gainera, 2010etik aurrera 45 ikerketa-kontratu sinatu ditu Unibertsitatearekin, 2,7 miloi euroko balioarekin.
Ingeteam enpresa espezializatuta dago potentzia eta kontrolerako elektronikan, sorgailu eta motor elektrikoetan, ingeniaritza elektrikoko eta automatizazioko proiektuetan eta operazio eta mantentze zerbitzuetan. Zenbait produkzio- eta negozio-unitatez osatua dago, hainbat geografia gunetan kokatuta, bai nazio mailan baita nazioartean ere. Nafarroan Energy kokatzen da, Sarrigurengo Berrikuntza Hirian du egoitza, eta fabrika Sesman. Bere jardueraren ardatzak hauek dira: haize bihurgailuen eta inbertitzaile fotovoltaikoen diseinua eta fabrikazioa, zentral hidroelektrikoen automatizazio integrala, eta berriz kargatzeko sistemak ibilgailu elektrikoetarako.
Saria eta epaimahaia
Andoni Urtasun, INGEPER Ikerketa Taldeko laguntzaile doktorea, Ingecon Sun Storage gamako Ingeteameko inbertsiogile batekin.
Entitate Nabarmenaren Sariak urteroko izaera du, eta horren bidez zenbait alderdi bultzatu nahi dira: ezagutzaren transferentzia Unibertsitatetik berrikuntza teknologiko eta gizarte berrikuntzara; prestakuntza integralari babesa ematea; NUPeko egresatuen laneratze kualifikatua; ekimen ekintzailea sustatzea ikertzaileen, ikasleen eta egresatuen artean; eta topaketetan, mintegietan, hitzaldietan eta beste edozein jardueratan parte hartzea errealitate ekonomikoa eta gizarte errealitatea unibertsitateko komunitate osoari hurbiltzeko. Halaber, Unibertsitate eta gizartearen arteko lankidetza-ekintzak indartu nahi dira garapen teknologiko eta ekonomikoari eta gizarte aurrerapenei bultzada emateko.
Saria eman duen epaimahaiaren kide dira Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordea, epaimahaiburua dena, Gizarte Kontseiluko kide bat, NUPeko Ikerketa Institutuen ordezkari bat, Unibertsitateko ikastegien bi ordezkari, Nafarroako Gobernuak proposatutako pertsona bat, eta Foru Parlamentuak proposatutako beste bat.