Joan eduki nagusira

zoom Clive Stafford Smith Reprieve GKEaren ordezkariak jaso zuen NUPen azkeneko deialdiko Brunet Saria.

Clive Stafford Smith Reprieve GKEaren ordezkariak jaso zuen NUPen azkeneko deialdiko Brunet Saria.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Brunet Fundazioak 2017ko Jaime Brunet Nazioarteko Sariaren deialdia egin du, giza eskubideen defentsa sustatu eta hedatzeko, eta giza duintasunari lotzen zaizkion eskubideen gainetik jartzen diren egoera eta tratu krudelak edo iraingarriak behingoz amai daitezen laguntzeko.

Saria 1998tik aurrera eman da, eta giza eskubideen sustapenaren alde egindako lan bat edo ibilbide bat saritzen du. Hautagaitzak 2017ko irailaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean, edo bestela posta elektronikoa helbide honetara bidaliz: fundacion.brunet@unavarra.es

Saridunari 36.000 euro emango zaio, saria irabazi duela frogatzen duen diploma bat eta sariaren figura oroigarri bat. Saria jasotzeko aukera dute pertsona fisikoek, lan taldeek eta instituzioek edo erakundeek, zein den ere beren egoera edo nazionalitatea. Interesdunek berek edo bestelako pertsona edo erakunde batek eskatuta, hautagaitzak espainieraz, euskaraz, frantsesez edo ingelesez aurkezteko modua izango da, Unibertsitateko Idazkaritza Nagusian edo Fundazioaren webgunean interesdunei emango zaien eredu ofizialean. Oinarriak ere han daude, nahi dituenaren esku. Proposamenek txosten arrazoitu bat eduki beharko dute, eta egoki jotzen diren hautagaitzaren aldeko iritziak aurkezten ahal dira.

Jaime Brunet Fundazioak izendaturiko epaimahai batek aztertuko ditu proposamenak. Epaimahaia Nafarroako Unibertsitate Publikoan bilduko da. 2017ko Brunet Sariaren erabakia abenduaren 10ean aldarrikatuko da, horixe baita Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren urteurrena ospatzeko eguna.

Aurreko deialdietan sarituak

Saria, 1998an sortua, Brunet Fundazioak ematen du. Erakunde hori Jaime Brunet Romero jaunak sortu zuen, eta haren helburua da giza eskubideak hedatzea, eta horien alde egindako lanarengatik aitorpena jasotzeko merezimenduak dituztenak saritzea. Jaime Brunet jaunak bere ondasun guztia fundazio horri eman zion, eta haren kudeaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren esku utzi zuen. Fundazioan beste pertsonalitate batzuek ere parte hartzen dute.

Azkeneko edizioaren saria Reprieve britainiar GKEak jaso zuen, giza eskubideen alde egindako lanagatik, heriotza zigorraren kontra eta Estatu Batuek Guantanamo Badian (Kuba) duten presondegia ixteko egindako lanagatik. Clive Sttafford Smith aipatu erakundearen sortzaile eta ordezkariak jaso zuen saria, NUPen iragan maiatzaren 8an egindako ekitaldian. Bertan egon ziren Foru Erkidegoko agintari akademikoak eta ordezkari politikoak. 1998tik saria jaso dutenen zerrenda Unibertsitatearen webgunean dago ikusgai.