Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) gaur, uztailaren 18an, asteartean irekiko du matrikula-aldia uztailaren 5ean argitaratutako zerrendetan lehen ikasmailarako onartuak izan ziren 2017-2018 ikasturteko Graduko titulazioetako ikasle berrientzat. Prozesu hori Interneten bidez egingo da, Unibertsitatearen webgunearen bidez (www.unavarra.es), eta uztailaren 20ko 9:00ak arte egongo da irekita. Graduko bigarren ikasmailak eta hurrengoak egin behar dituztenek abuztuaren 22tik 28ra bitartean egingo dute matrikula.
Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko eta Osasun Zientzien Fakultateko graduetan onartutako ikasleek uztailaren 18ko 9:00etatik uztailaren 19ko 9:00ak arte egingo dute matrikula, era jarraituan. Bestalde, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatean, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean eta Zientzia Juridikoen Fakultatean onartuak izan direnek uztailaren 19ko 9:00etatik uztailaren 20ko 9:00ak arte egingo dute matrikula, eta haiek ere era jarraituan. Matrikula urtekoa denez, ikasleek bi seihilekoetan matrikulatu beharko dute aldi berean.
Interneteko sarbiderik ez duenak, automatrikula Iruñeko Arrosadiko campusean egin dezake, Ikasgelategiko 017. ikasgelan, beheko solairuan, aurretik aipatu egunetan, 9:00etatik 14:00etara. Tuterako Campusean ere ikasgela bat egongo da bertan automatrikula egiteko, goizeko ordutegi berarekin.
Automatrikula egiterakoan sor daitekeen edozein zalantza argitzeko, ikasleek mezu elektroniko bat bidal dezakete helbide honetara: grado@unavarra.es. Era berean, Ikasleentzako Argibide Bulegora deitu ahal dute, 948 169 096 eta 948 169 000 telefonoetara.
Halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Zero Ikastaroak eskainiko ditu abuztuan, hurrengo ikasturtean graduko titulazioak hasiko dituzten ikasleei zuzenduta. Titulazioetako gaietarako sarrera moduko bat dira, eta ikasleoi Batxilergoko edo LHko ikasketak eguneratu, osatu eta sendotzeko aukera emango diete, bai eta unibertsitatean hasiko duten ibilbide berrirako oinarri metodologikoak jasotzeko ere. Aurten, ikastaro hauek eskainiko dira: Adierazpen Grafikoa, Estatistika, Fisikaren Hastapenak eta Matematika.