Alfonso Carlosena (ezk.) eta Ignacio Terés, Nafarroako Rural Kutxaren eta NUPen arteko hitzarmenaren sinaduran.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Rurak Kutxak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, irakaskuntzako, ikerketako eta unibertsitate zabalpenerako programak garatzeko. Testuak ezartzen du hauek finantzatuko direla: ikasleen mugikortasunerako bekak, ekintzailetzarekin lotutako jarduerak, zientzia dibulgazioa Zientziaren Museoaren bidez, eta, ohi ez bezala, Unibertsitatearen 30. urteurrenaren programa. Testua sinatu dute Alfonso Carlosena NUPeko errektoreak, eta Ignacio Terés Los Arcos Nafarroako Rural Kutxako buruak.
Kontusail handiena ikasleen nazioarteko mugikortasun beketarako erabiliko da. Ikasturte honetan, 31 herrialdetan dauden 302 ikaslek dauzkate laguntza hauek, gehienak Erasmus programaren bidez, eta gainerakoak, beste programa batzuen bidez, hala nola Palafox, Martín de Rada, ISEP USA, ISEP Nazioartekoa, eta aldebiko hitzarmenak.
Horretaz gainera, hitzarmenari esker ekintzailetza atal bat sortuko da, eta horri esker jarduera bereziak finantzatu ahal izango dira, unibertsitateko komunitate osoan ekintzailetza bultzatu eta sustatuko dutenak. Hala, zilegi izango da ezarritako diru-kopurua zeregin hauetarako erabiltzea: NUPeko “spin off” gisa aitortutako oinarri teknologikoko enpresen kapitaleko partaidetza ordaintzeko, ekintzailetza proiektuekin lotutako ikasketen amaierako lanak saritzeko eta gai horri buruzko eta zabalpenetako eta prestakuntzako beste gai batzuei buruzko ikerketa jarduerak sustatzeko.
Zientziaren Museoa eta 30. urteurrena
Aipatu testuan diru-kopuru bat ezartzen da, halaber, multimedia panelak eta azalpenezko beste elementu batzuk ezartzeko NUPeko Zientziaren Museoan. Unibertsitatean irakasten diren diziplinetako jardun profesional eta zientifikoan erabiltzen diren objektuen bildumak gordetzen eta erakusten dira museoan.
Halaber, Nafarroako Rural Kutxak Unibertsitatearen 30. urteurrenaren programa finantzatzen lagunduko du. Urrian egingo da gizarteari irekitako ekitaldi sail batekin, eta bankuak Foru Erkidegoaren garapenarekin lotutako bost gairi buruz duen ikuspegia eskainiko du.
Hitzarmenean jasotzen da, halaber, produktu eta zerbitzuen eskaintza zehatza egingo diela Rural Kutxak Nafarroako Unibertsitate Publikoari eta erakundea osatzen duten estamentuei, baldintza, ezaugarri eta tarifa bereziekin.