Kevin Guadalupe Rodríguez eta Ander Prada Sanz de Galdeano ikasleek irabazi dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zientzia Juridikoen Fakultateak antolatzen duen Berri Juridiko Laburrei buruzko V. Clarín Saria eta Mikrokontakizun Juridikoen II. Kafka Saria (ikasleen kategorian) , hurrenez hurren. Gainera, Francisco Javier Gorostieta Villanueva izan da Kafka Sariaren irabazlea I-I/AZL kategorian (Irakasle-Ikertzaileak eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak), eta Pedro Navarro Ruizek aipamen berezia jaso du.
Epaimahaiaren erabakia duela gutxi ezagutarazi dute San Raimundo Peñafortekoaren jaieguna ospatzeko ekitaldi akademikoan. Aipatu ekitaldian, Íñigo Santiago Beorleguiri eman zioten Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako Gradu Amaierako Lan Onenaren Saria, "El reconocimiento médico previo a la contratación: especial referencia a los cuerpos de seguridad" izenburuko lanagatik. Aipatu sariak Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoarekin lankidetzan antolatzen dira, eta hirugarren edizioa izan da aurtengoa.
Ekitaldiaren burua José Francisco Alenza García izan zen, aipatu fakultatearen dekanoa, eta bertan izan ziren Leticia Jericó Ojer dekanordea, Joaquín Galve Sauras Nafarroako Auzitegi Nagusiko burua, eta esparru juridikoko zenbait erakunderen ordezkariak (Iruñeko Abokatuen Elkargoa, Gizarte Graduatuen Elkargoa, Iruñeko Notarioen Elkargoa edo Iruñeko Udala). Miguel Cardenal Carro, Rey Juan Carlos Unibertsitateko (Madril) Gizarte Segurantza eta Lanaren Zuzenbidearen katedraduna eta Kiroleko Estatu idazkari ohia bertan izan zen, eta “Derecho y Deporte” izenburuko hitzaldia eman zuen. Osasunako lehendakaria, Luis Sabalza Iriarte, eta lehendakariordea, Pedro Baile Torrea, ere ekitaldian izan ziren.
Beste sarituei dagokienez, Rebeca González Orayen ikasleak bigarren postua erdietsi zuen Clarín Sarietan, eta Julen Ardaiz Galék, aipamen berezia. Lehiaketako idatzi guztiak, irabazleen izenak eta sariaren zenbatekoak Unibertsitatearen webgunean kontsulta daitezke.
Kirola arautzearen bilakaera eta joerak
Bere hitzaldian, Cardenalek zuzenbidearen eta kirolaren arteko erlazioa aztertu zuen. Funtsezkoa da, Cardenalek adierazi zuen hasieran kirol jarduera aisialdiaren autoerregulazioan oinarritzen zela, eta ohiko zuzenbidearen esparrutik at gelditzen zela. Horrek, besteak beste, Lanaren Zuzenbidea ez aplikatzea edo horren kontrako arauak sortzea ekarri zuen, adibidez, "atxikitze eskubidea" deitutakoa (talde batek jokalari bat gogoz kontra mantentzea ahalbidetzen zuen adibidez). Dena den eta hizlariak adierazi bezala, kirolaren garrantzi ekonomiko eta sozial gero eta handiagoak alderdi guzti horien etengabeko arauketa ekarri zuen, zeina gehiegizko arauketa inbaditzailea bilakatu baita gaur egun. Ez dago garbi arauketa horrek kirolarien edo kirol taldeen interesei erantzuten dien kasu guztietan.
Hizlariak beste joera aldaketa kezkagarri bat azpimarratu zuen: nahiz eta hasiera batean Kirol Zuzenbidea dinamikoa eta berritzailea izan, gaur egun "guztiz kontserbadorea" da. Hizlariaren iritziz, horren arrazoia da kirolaren esparruan buru den klase bat sortu dela, bizitza guztian postu berean egoteko joera duena, eta horiek beldurra diotela beren estatusa astintzen ahal duen edozeri. Horregatik, “beharrezkoa da kiroletako buruzagien agintaldietan mugak jartzea eta gobernantza egokia egiteko beste arau batzuk ezartzea, kirol erakundeen funtzionamendu gardena eta etikoa berma dadin”, adierazi zuen.