Joan eduki nagusira

zoom Marysa Navarro Aranguren historialaria.

Marysa Navarro Aranguren historialaria.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Gobernu Kontseiluak Marysa Navarro Aranguren (Iruñea, 1934) historialaria izendatu du “honoris causa” doktore berri. Hortaz, NUPen aintzatespen hori jaso duen lehenengo emakumea da. Historiografia feministan eta Latinoamerikako emakumezkoen eta, bereziki, Eva Perónen historian espezialista da. Columbiako Unibertsitatean doktoratu zen Historian, eta Estatu Batuetan egin zuen karrera akademiko osoa; besteak beste, unibertsitateko irakasle izan zen zenbait hamarkadaz.

Marysa Navarroren ibilbidea ez da ezaguna bere sorterrian, Nafarroako hiriburuan sortu arren, Espainiatik kanpo bizi izan baita gehienbat. Historialariaren familiak erbesteratu egin behar izan zuen Gerra Zibilean arrazoi politikoengatik; izan ere, haren aita Vicente Navarro Ruiz (Cárcar, Nafarroa, 1887 - Montevideo, Uruguai, 1964) militante errepublikarra zen, Agoitzen eta Faltzesen aritu zen maisu, eta Lehen Hezkuntzako ikuskatzaile izan zen II. Errepublikan.

Haurtzaroa Frantzian eta nerabezaroa Urugain pasatu ondoren, Estatu Batuetara joan zen Columbiako Unibertsitatean (New York) ikasteko beka bati esker. Han, Historiako master bat eta doktoretza bat egin zituen. Zenbait hamarkadaz aritu zen unibertsitateko irakasle, batez ere, Darmouth Collegen. Erretiroa hartu zuenean, Ingalaterra Berriko unibertsitate horrek katedradun emeritu izendatu zuen, 42 urtez irakasle-lanetan jardun ondoren.

“Evita”ren biografia bat idatzi zuen

Marysa Navarroren ikerketa-gaiak historiografia feminista berria eta Latinoamerikako emakumeen historia, bereziki, XX. mendekoa izan dira. Interes horrek Eva Perón ikertzera bultzatu zuen, eta, 1983an hari buruzko biografia, “Evita”, argitaratu zuen, zeina behin baino gehiagotan berrargitaratu baita orduz geroztik.

Marysa Navarro irakasle bisitaria izan da bost herrialdetako (Espainia, Estatu Batuak, Mexiko, Erresuma Batua eta Uruguai) zenbait unibertsitatetan, eta LASA Latinoamerikar Ikasketen Elkarteko presidente ere bai. Hori dela eta, begirale gisa parte hartu zuen Esquipulasko II. Bake Akordioetan (1987an sinatu ziren), zeinek amaiera eman baitzieten Erdialdeko Amerikako gatazka armatuei.

Ibilbide profesionalean, zenbait sari jaso ditu historialariak, besteak beste, New Hampshireko Unibertsitateko ikertzaile gorenaren saria (“Distinguished Woman Scholar”, ingelesez), Buenos Aires Hiriko bisitari gorenarena eta “Elizabeth Howland Hand-Otis Norton Pierce Award for Outstanding Undergraduate Teaching” saria, Dartmouth Collegen irakasle bikaina izateagatik.

Marysa Navarrok hainbat ikerketa-beka irabazteko merezimenduak egin ditu. Azkena 2009an, erretiroa hartu baino urtebete lehenago, Harvard Unibertsitateko David Rockefeller Latinoamerikako Ikasketen Zentroak eman zion, eta historialariaren egonaldia luzatu zuen ikertzaile egoiliar (“Resident Scholar”) titulua emanez.

Gaur egun, Estatu Batuetan bizi da, eta egonaldi luzeak egiten ditu Argentinan eta Uruguain. Azken urteetan, maiz bidaiatzen du Espainiara, nazionalitate bikoitza baitu, espainiarra eta estatubatuarra.

“Honoris causa” doktoreen zerrenda

Horrenbestez, Marysa Navarro Aranguren da NUPeko “honoris causa” doktore titulua jaso duen lehenengo emakumezkoa. Aldez aurretik, beste hamabi pertsona gailen saritu ditu NUPek, zehatz-mehatz, hauek (ordena kronologikoan): Manuel Losada (landare-fisiologia eta biokimika arloetako zientzialaria), Ángel G. Jordán (Pittsburgheko Carnegie Mellon Unibertsitateko errektore ohia eta mikrotxipen diseinuaren aitzindarietako bat), Joseph D. Novak (espezialista hezkuntzaren teorian eta zientziak irakasteko metodoetan), Enrique Sánchez-Monge y Parellada (landare-genetikan espezialista den Nekazaritza-ingeniaria), Rafael Moneo (arkitektoa), Pedro Miguel Etxenike (fisikaria), Richard Serra (eskultorea), Montxo Armendáriz (zinemagilea), Agustín González Acilu (musikaria), Enric Trillas (adimen artifizialaren aitzindaria), Adolfo Eraso (kimikari eta geologoa) eta Miguel de la Quadra-Salcedo (erreportari eta kirolaria).