Ikasgelan erabilitako bideo-jokoetan aditua den Íñigo Mugueta NUPeko irakasle eta ikertzailea, bere bulegoan
Iraganeko garai desberdinetan girotutako bideo-jokoak erabiltzeak Historiako kontzeptu konplexuak ulertzen laguntzen die Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei, adibidez, denborarekin lotuta daudenak (aldaketak, iraupenak edota segidak), baita gizarte historikoetan egunerokotasunarekin lotzen diren errealitateak ere (ekonomia, desparekotasun soziala edo kultura). Horrela egiaztatu du Íñigo Mugueta Moreno Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasleak, 12-14 urte bitarteko ikasleekin ForuErkidegoko sei ikastetxetan zenbait tailer didaktiko egin ondoren. Landa-lan hori ikerketa proiektu zabalago baten parte da, "Historia eta Bideo-jokoak" izenburupean Murtziako Unibertsitateak gidatzen duena. Espainiako Gobernuko Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak ekimen horren finantzaketa berritu du duela gutxi.
Íñigo Mugueta Erdi Aroan aditu eta Geografia eta Historia Saileko irakasleak ikastetxe hauetan egin zituen aipatu tailer didaktikoak: Cardenal Ilundáin eta San Juan de la Cadena (biak Iruñean), Francisco Javier Sáenz de Oiza (Kasedan), Doña Álvara Álvarez (Faltzesen) eta Santa María la Real-Maristas (Sarrigurenen), eta gero Berriozar BHI batu zitzaien. “Tailer horietan, ikasleek inkesta erraz batzuetan emandako erantzunak aztertu ziren, eta, gainera, proposamen didaktiko txiki batzuk egin ziren Historia irakasteko, ez soilik baliabide klasikoen bidez, baizik eta iraganean girotutako bideo-joko komertzialak erabiliz ere, Erdi Arokoak, gure kasuan. Jokoetan oinarritutako ikaskuntza deritzo horri”, aipatu du. Landa-lana egiteko, Pablo Alonso del Vale, Leire Labiano Almiñana eta Ane Manzano Andrés ikasleen lankidetza izan zuen.
Jokoetan oinarritutako ikaskuntzan sakontzeko, NUPek, Creanavarra Goi Mailako Diseinu Ikastetxearen lankidetzarekin, udako ikastaro bat emango du Historia eta Bideo-jokoak ardatz hartuta. Ikastaroa Bigarren Hezkuntzako irakasleei zuzentzen zaie, aipatu jokoak ikasgelan erabiltzeko forma desberdinak ikas ditzaten. Prestakuntza jarduera horrek astebeteko iraupena duen tailerra edukiko du, Bigarren Hezkuntzako ikasleekin batera.
Diziplina anitzeko ikerketa
Ikerketa honen jatorria 2011. urtean koka dezakegu. Urte horretan, Espainiako Gobernuak Historiaren eta bideo-jokoen arteko erlazioa aztertzeko proiektu bat finantzatu zuen, aro historiko ezberdinetan girotzen diren joko elektronikoen ugaritzearen aurrean. Historian, filologian, publizitatean edota komunikazioan adituak diren ikertzaileek osatutako diziplina anitzeko lan taldea lau unibertsitatetatik dator: Murtziako Unibertsitatetik, Nafarroako Unibertsitate Publikotik, Errioxako Nazioarteko Unibertsitatetik eta Argentinako Mar de Platako Unibertsitatetik. Ikerketa horren buru da Juan Francisco Jiménez Alcázar, Murtziako Unibertsitateko Erdi Aroko Historiaren katedraduna. “Bideo-jokoek Erdi Aroa ezagutzeko duten eragina aztertzen du proiektuak, eta horregatik da interesgarria”, aipatu du Íñigo Muguetak, ikerketa taldeko kideak.
Edukia webgune batean jaso dute
Aipatu proiektua “IGN España” (bideo-jokoetan espezializatutako hedabidea) eta FX Interactive (Espainiako bideo-joko banatzailerik handienetarikoa) enpresen lankidetzarekin egin da, eta bere emaitzak www.historiayvideojuegos.com webgunean jaso dira..
Ikerketa lau urtez luzatu zen, eta lan ildo bikoitza jarraitu zuen. “Alde batetik, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, nola Nafarroan hala Murtzian, egindako aipatu tailerren bidez, bideo-jokoek ikasgelan duten eragina ezagutu nahi zen —azaldu du Íñigo Muguetak—. Bestetik, Erdi Aroak gizartean dituen irudikapenak aztertu ziren. Aipatu irudikapenak bideo-jokoetan, "gamer" edo jokalarientzako produkzio elektronikoetan –adibidez, foro, txat edo atari ezberdinetan– edota publizitatean aurki daitezke”.
Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak bigarren proiektu bat egiteko finantzaketa berritu du, eta kideek osatu dute dagoeneko ikerketa taldea. Argentinako Gerardo Fabián Rodríguez irakasleak zuzentzen du proiektua, Mar del Platako Unibertsitate Nazionalean, eta 2.0 Teknologiak-Hezkuntza-Ludifikazioa aztertzen ditu. “Proiektu honen helburua ikasketa eremua beste aro historiko batzuetara zabaltzea da”, azaldu du Íñigo Muguetak