Joan eduki nagusira

zoom Alejandro Bello irakaslea, NUPen Enpresen Ekonomia, Antolaketa eta Kudeaketako Masterra egiten ari den ikasle taldearekin.

Alejandro Bello irakaslea, NUPen Enpresen Ekonomia, Antolaketa eta Kudeaketako Masterra egiten ari den ikasle taldearekin.

Hamabost herrialdetako 26 ikaslek parte hartzen dute guztira Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 2016-2017 ikasturte honetan eskaintzen duen Enpresen Ekonomia, Antolaketa eta Kudeaketako Masterrean (Master in Management, Organization and Business Economics). Graduondo ofizial hori osorik egiten da ingelesez, 60 kreditu dauzka, eta nazioartekoa eta unibertsitateartekoa da; izan ere, Bartzelonako Unibertsitatearekin eta Balear Uharteetako Unibertsitatearekin batera eskaintzen da.

Ikasturte honetan, masterrean matrikulatu diren 26 ikasleetatik 25 atzerritarrak dira, hamabost herrialdetatik etorriak. Ikasle gehien dituen herrialdea Txina da (5), eta ondotik Ukraina (3). Horiez gain, bina ikasle etorri dira Austria, Azerbaijan, Kroazia eta Turkiatik, eta bakarra herrialde hauetatik: Alemania, Afganistan, Brasil, Espainia, Estatu Batuak, Herbehereak, Suedia, Serbia, Mexiko eta Vietnam.

Hamahiru urteko ibilbidean, graduondoak 55 herrialdetako 164 ikasle bildu ditu guztira (% 54 emakumezkoak izan dira). Horietatik 131k bukatu dute beren Master Amaierako Lana, eta, horien artean, 21ek amaitu dute doktoretza-tesia. Ikasleen % 53 enpresarekin lotutako titulazioetatik dator, % 22 ekonomiarekin lotutakoetatik, % 16 ingeniaritzarekin lotutakoetatik, % 6 giza zientziekin lotutakoetatik eta % 3 zientziekin lotutakoetatik. Gaur egun, nazioartean ongi finkatutako masterra da; izan ere, izena emateko 200 eskaeratik gora jasotzen du, eta horietatik 25 ikasle aukeratzen dira, gehienez ere.

zoom Masterreko eskola baten argazkia.

Masterreko eskola baten argazkia.

Ikerketara bideratutako graduondo hori ingelesez egiten da oso-osorik. Bestalde, lehen bi hiruhilekoak Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan gauzatzen dira; hirugarrena NUPen, apiril erdialdetik ekain hasiera arte; eta, azkenik, Balear Uharteetako Unibertsitatean aurkezten da Master Amaierako Lana.

Masterreko irakasgaiak lau modulutan banatzen dira, eta lantzen dituzten gaien artean daude giza baliabideak, ekonomia estrategikoa, finantzak, ekintzailetza, ekonometria aplikatua, metodo kuantitatiboak edota marketina. NUPeko master horren zuzendari akademikoa Alejandro Federico Bello Pintado NUPeko Enpresen Kudeaketako Saileko irakasle titularra da.

Graduondoaren xehetasunak eta nazioarteko izaera

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan, Ekonomian, Industria Ingeniaritzan eta gisako arloetako ingeniaritzetan lizentziadunak edo graduatuak direnei zuzentzen zaie graduondo ofizial hori. Halaber, hura egiteko aukera dute gai horiekin lotutako jakintza-arloetako ikasketetan titulua duten beste herrialde batzuetako unibertsitateko tituludunek. Master horretan izena eman dutenei ingeles-maila aurreratua edukitzea aholkatzen zaie (Erreferentziako Europako Esparru Komuneko B2-1 maila), irakaskuntza osoa hizkuntza horretan egiten baita.

Graduondoaren helburu nagusia da profesionalak erakundeen azterketan prestatzea, masterrean berenganatutako oinarri kontzeptual eta kualitatiboaren bidez gauza izan daitezen ikerketa-analisiak egiten eta jarduketak bultzatzen enpresentzat, gobernuentzat eta nazioarteko erakundeentzat. Enpresa baten estrategia eta giza baliabideen antolaketa-diseinua eta estrategia analizatzeko eta haien emaitzak neurtzeko gai izan behar dute graduondo horretako tituludunek.

Halaber, egresatuek jasotako prestakuntza baliagarria izango zaie ezagutza horiek guztiak ekonomia-erakundeekin lotutako ikerketarako eta analisirako lerro bereki aurreratuak garatzeko, eta enpresen arazoak konpontzera, beren barne-efizientzia hobetzera edo beren gizarte-ingurunera egokitzera bideratutako politiken eta praktiken balioespenak egiteko.