Joan eduki nagusira

zoom Jesús Balduz Calleja, NUPeko doktore berria

Jesús Balduz Calleja, NUPeko doktore berria

Isabel II.aren erregealdian zehar (1833-1868), Nafarroako Gorteetarako diputatuen hauteskundeak “iruzur praktiketan oinarritu ziren, herrialdeko gainerako lekuetan egiten zen moduan”.“Praktika horiek alderdiek gauzatzen zituzten –kideek hauteskunde-mahaien kontrola berenganatu nahi zuten, emaitzak faltsutzeko–, edo Gobernuak berak, presioa eginaz eta neurri arbitrarioen bidez, bereziki momentuko gobernadore zibila eta bere agenteak erabiliz, bai eta Aldundiaren bidez ere”. Horrela egiaztatu du Iruñeko Jesús A. Balduz Calleja historialariak, Nafarroako Unibertsitate Publikoan defendatutako doktoretza-tesian. Bertan, isabeldar erregealdian egindako 22 hauteskunde-deialdietan sufragioaren praktika nola gauzatu zen aztertu du. Praktika horrek izaera minoritarioa zuen, eta gizonezko jakin batzuentzat mugatutako errolda-sistema liberalaren bidez zuzentzen zen.

Francisco Miranda Rubio NUPeko Unibertsitate Eskolako katedradunak zuzendutako doktoretza-tesian, sufragio-prozesuaren oinarria den errolda-sistema liberala aztertu da. Aipatu sistema “zerga maila jakin bat ordaintzen zuten gizonezko dirudun gutxi batzuentzat mugatzen zen, eta ‘gaitasunen’ taldea delakoarentzat, hau da, jarduera intelektuala garatzen zuten norbanakoentzat, orokorrean goi-mailako ikasketek ziurtatuta”. “Denboraldi horretan zehar, errolda aldatu egin zen, indarrean egon ziren hauteskunde-lege desberdinengatik: 1834ko Errege Estatututik sortutakoa, alde batetik, eta 1837ko Konstituzio progresistatik eta 1845eko Konstituzio moderatutik eratorritakoak, bestetik”, azaldu du Jesús A. Balduzek.

20.000 boto-emaileko errolda

Zergak ordaintzen zituzten boto-emaileen gutxiengo batera murriztutako hauteskunde sistema horren mugak ulertzeko, adierazgarria da aipatzea Nafarroako hautesle-erroldak ez zituela inoiz 20.000 boto-emaile baino gehiago eduki, historialari horren ikerketen arabera. “1839an 3.095 boto-emaile izatetik, 19.060 boto-emaile izatera iritsi zen 1844ko hauteskundeetan, boto-eskubide gehien izan zen momentuan. Garai horretan, 1833tik 1868ra probintziako populazio ofiziala 221.000tik 300.000 biztanle izatera iritsi zen” azaldu du.

Hain zuzen ere, hautesleak erroldan sartzea edo ez sartzea zen hauteskunde horietako iruzur praktiketako bat, baita aukera politiko jakin bati laguntzeko hautesbarrutiak nahieran antolatzea ere. “Gainera, garai horietan jauntxoaren irudia iragartzen duten zenbait nafar hautagai agertuko dira, besteak beste Tomás Jaén progresista eta Nazario Carriquiri moderatua —aipatu du historialariak—.  Dena den, Nafarroak nazio mailako figura politiko handiak eman zituen garai horretan, hautetsontzietatik ateratakoak, eta ministro kargua izan zuten horietako batzuek, adibidez Agustín Armendáriz, Fermín Arteta, Joaquín I. Mencos edo García Goyena moderatuek –azkeneko hori Gobernuko Lehendakaria izan zen–, edo Pascual Madoz edo José Alonso progresistek”.

Garai horretako parte handi batean burgesia liberalak monopolizatu zuen Nafarroako hauteskundeen ordezkaritza, “sistema egituratu zuten bi alderdi politiko handien bidez: bata moderatua, bestea progresista. Ondoren, jarrera zentrista batetik, Unión Liberal batu zitzaien”. “Dena den, ezkutuko karlismoa egon zen Nafarroan, eta puntualki agertu zen aldeko egoeretan, adibidez 1844ko hauteskundeetan hautesle-errolda handitu zenean, edo erregealdiaren azkeneko deialdietan,1865ean eta 1867an. Orduan, errolda-sistemaren krisi geroz eta larriagoak aurretik eraman zuen liberalismoaren aurrean geroz eta autoritarioagoa eta kontserbadoreagoa zen moderantismoari esker mantendutako erregina bera ere”, gaineratu du bikain “cum laude” kalifikazioa lortu duen tesiaren egileak.

Tesiaren ekarpenak

Egilearen iritziz, ikerketa honek, "eskas landutako eta oro har ezezaguna den Nafarroako historiaren atal bat betetzen du”. “Nazio mailan ere garai horretako hauteskundeen ikerketak urriak direnez, batez ere iturrien arazoarengatik, Nafarroa horrelako ibilbide luzeko ikerketa orokorra duen eskualde bakanetakoa da, isabeldar garaiko hauteskundeei dagokienez” aipatu du.

Historialariak gogorarazi digu garai horretako probintziako egunkarien ale gutxi batzuk kontserbatu direla gaur egun. “Nafarroan adibide gutxi batzuk ditugu, eta salbuespena dira bai aldizkari ofizialak bai Madril, Bartzelona eta halako hiri handietan argitaratzen ziren egunkariak” baieztatu du. Doktore berriak, eskualdeko egunkaririk ia ez zegoenez, Madrileko eta beste eskualdeetan argitaratutako egunkariekin konpentsatu du. Horiek Espainiako hemeroteka nagusienetan daude, eta guztira berrogeita hamar bat egunkari batu ditu ikerketa egin ahal izateko. Gainera, Diputatuen Kongresuko agiritegian, Nafarroako udaletxeetan, Nafarroako Errege Artxibo Nagusian eta dokumentu pribatuetan lortutako dokumentazio eta bibliografia ugarian oinarritu da.

Curriculum laburra

NUPen doktoretza erdietsi baino lehen, Jesús A. Balduz Callejak Irakasletza ikasketak (Zaragozako Unibertsitatean) eta Geografia eta Historia ikasketak (UNEDen) egin zituen, baita Kultur Kudeaketari buruzko graduondoko ikasketak ere (Zaragozako Unibertsitatean). Ikertzaile moduan, historia fiskala aztertzen duten proiektuetan parte hartu du, bai UNEDen baita Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan ere. Nafarroako bertako historia ikertzen duten lanetan ere lagundu du, Iruñeko Erruki Etxearen edo Gerra Zibilaren inguruko ikerketetan adibidez. Halaber, Diputatuen Kongresuko “Diccionario biográfico” hiztegian hainbat sarrera landu ditu.

2003an, Jesús A. Balduzek Iruñeko UNEDeko ikastegi elkartuko eta Nafarroako Aurrezki Kutxako ikerketa-beka lortu zuen “Orígenes del liberalismo en Navarra” izenburuko proiektuarekin; eta, 2007an, Atarrabiako Udaleko Antso VI. Jakitunaren beka erdietsi zuen udalerriko trantsizio politikoa aztertzeko. Halaber, NUPek 2007an antolatutako Gerra, gizartea eta politika (1808-1814). Ebro erdiko harroa nazioarteko Kongresuaren koordinatzailea izan da. Hainbat artikulu idatzi ditu, eta bi libururen egilea da (“Segunda República y Guerra Civil en Villava, 1931-1939” eta “La Transición en Villava, 1975-1982”, 2008koa), baita beste zazpi libururen egilekide ere.

NUPen ikertzaile-lanetan aritu da, eta, gaur egun, maisua da Iruñean, eta Historia Garaikidearen irakaslea Iruñeko UNEDeko ikastegi elkartuan.