Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera: Inés Olaizola, Alfonso Carlosena eta Joaquín Romero, NUPeko campusean.

Ezkerretik eskuinera: Inés Olaizola, Alfonso Carlosena eta Joaquín Romero, NUPeko campusean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 30. urteurrena ospatuko du aurten gizarte osoari irekitako ekitaldi multzoarekin. Urrian izango dira, bost egunez, eta Foru Erkidegoaren garapenarekin lotutako bost mintzagairi buruzko ikuspegi propioa emango du Unibertsitateak. Erakusketak, zientzia saioak eta erakustaldiak Kondestablearen Jauregian, sarbide irekiko eskolak Arrosadiko campuseko Ikasgelategian eta kalean egingo diren jarduera ludikoek betetzen dute egitaraua, zeina unibertsitate komunitatearen ekarpenekin osatzen ari baita. Momentuz, logotipoa diseinatu, eta webgunea (www.upna30.es/eu/) argitaratu da, eta hiru hamarkada hauetako oroitzapen fotografiko eta bideografikoekin hornitzen joango da. Gainera, Instagram sarean kontu bat ireki da ikasle ohiek haien irudiak parteka ditzaten, eta Twitterren ere #MomenticoUPNA etiketa sortu da ikasleek bizipenak gogora ekar ditzaten.

30. urteurrenaren egitaraua gaur, apirilaren 26an (asteazkena), aurkeztu du Alfonso Carlosena errektoreak Arrosadiko campusean. Harekin izan dira Unibertsitateko gobernu taldeko beste bi kide ere: Inés Olaizola Nogales, idazkari nagusia, eta Joaquín Romero Roldán, kudeatzailea.

Bost egun, bost mintzagai

Jarduerak bost egunez egingo dira (urriaren 2tik 6ra), bost mintzagairen inguruan, hau da, gai bakoitza jardunaldi batean garatuko da. Mintzagaiak hauek izango dira: zibilizazio aldaketa (historia, ondarea eta kultura); osasun publikoa; XXI. mendeko elikatze katea; 4.0 industria; eta energia garbi eta iraunkorra. Gai horiek bat datoz Nafarroaren Espezializazio Adimendunaren Estrategiaren arloekin. Estrategia hori, izan ere, Europar Batasunak diseinatutako lanabesa da, eskualde bateko garapen ekonomikoa indartzeko, baliabide publiko eta pribatuak uztartuz eskualdea lehiakor izateko bereizgarri dituen sektore edo arloetan. Mintzagai bakoitzean, NUPek bere ikuspuntuaz hornituko ditu jarduerak.

Iruñeko Udalak Kondestablearen Jauregia (Kale Nagusian) utzi du jarduerak egiteko. Hor izango dira jarduera garrantzitsuenak; adibidez, zenbait erakusketa antolatuko dira NUPeko materialekin, besteak beste, NUPeko liburutegiko altxor bibliografikoekin eta Zientziaren Museoaren zenbait piezekin. Halaber, zenbait erakusketa eta parte hartzeko jarduera antolatu dira publiko orokorrarentzat, hala nola dastatze saioak eta tailerrak. Horien bidez, ikerketa jardueren gaineko jakin-mina piztu nahi da, eta gizartearentzat garrantzitsuak diren alderdiei buruzko kontzientzia harrarazi ikuspegi ludiko baten bidez. Zientzia hitzaldien xedea, berriz, zientzia dibulgatzea da; amaieran, eztabaidatzeko aukera egongo da. Azkenik, saio zientifikoak eta teknikoak egingo dira Kondestablearen Jauregian, kasu horretan profesional eta ikertzaileentzat.

Bestetik, kalean ere egingo ditu jarduerak NUPek, ludikoak izango dira, eta herritarrei zuzenduak. Hirigunean eta Arrosadiko campusean izango dira. Zehazki, Arrosadiko campuseko Ikasgelategian, "Gela Irekia" izeneko ekimenaren barruan, zenbait saio egingo dira: sarbide irekiko eskolak izango dira, zeinak gizarteari gure irakaskuntzei buruzko azalpenak emateko balioko baitute, azken batean sei bosturteko hauetan 35.000 egresatu baino gehiago trebatu ditugu eta.

Azkenik, unibertsitate komunitatearentzako jarduerak daude egitarauan. Haien partaidetza ezinbestekoa izan da egitaraua osatzeko, nahiz eta oraindik lanketa prozesuan dagoen. Hain zuzen ere, NUPen 30. urteurrenari buruzko informazio eguneratua webgune berrian dago, bai eta logotipoa ere. Hurrengo hilabeteetan, gune digital hori azken hiru hamarkadak laburtzen dituzten argazki eta bideoekin osatzen joango da.

Nahi dutenek beren bizipenak ekar ditzakete gogora Twitter sare sozialeko #MomenticoUPNA etiketaren bidez. Mezu horiek webgunean ere egongo dira ikusgai. Gainera, Unibertsitateko Instagram kontua irekita dago egresatuek campusetik pasa zireneko argazkiak bidal ditzaten.

Aurrerapen kulturala, zientifikoa eta teknikoa

Nafarroako Parlamentuak 1987ko apirilaren 21ean onetsitako 8/1987 Legearen bidez sortu zen Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Foru Erkidegoaren kultura, zientzia eta teknika aurrerapena laguntzeko helburuarekin. NUPen sorreraren xedea zen zegoen titulazio eskaintza zabaltzea eta ordu arte erakunde ezberdinen mende zeuden ikastegi publikoetan ematen ziren unibertsitate ikasketak biltzea.

Hogeita hamar urte geroago, Nafarroako Unibertsitate Publikoa erreferentziako ezagutza zentroa da, nafar gizartearen aktibo garrantzitsua, era oso nabarmenean laguntzen baitu jakintzan oinarritutako baliabide produktiboak lortzen: giza kapitala, kapital teknologikoa eta kapital ekintzailea, guztiak ere ezinbestekoak Nafarroa bezalako eskualde lehiakor batentzat, lehiakortasunari eutsi eta hobetu nahi baldin badu.