Proiektuan ari diren kideak. Ezkerretik eskuinera: José Luis Torres, Miguel García Solano, Almudena García Gorostiaga, Rafael Rodríguez Trías, Susana Irisarri, Jesús López Taberna eta Luis Marroyo, NUPeko campusean.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Europako proiektu batean hartu du parte, Mediterraneo hegoaldeko unibertsitateetan –zehazki, Maroko eta Egiptokoetan– energia berriztagarrien (bereziki, eguzki-energiaren) arloko graduondoko prestakuntza hobetzeko. Proiektuaren helburu orokorra da ikerketa aplikatuaren, enpresaren eta hezkuntzaren arteko loturak indartzea. Hamabi erakunde daude ekimenean, partzuergo bat osatzen dute, eta bost herrialdetakoak dira: gorago aipatutakoak eta Espainiako, Frantziako eta Portugalgo beste hiru. Guztira, 1.667.245 euro esleitu zaizkio ekimenari Erasmus+ programan. Erakunde horien artean daude NUP eta Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala (CENER), zeina Eguesen (Nafarroan) baitago.
NUPi dagokionez, hiru sailetako sei irakaslek hartzen dute parte: Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Saileko Almudena García Gorostiagak (proiektuaren koordinatzailea), eta José Luis Torres Escribanok; Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritzako Saileko Rafael Rodríguez Tríasek; eta Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko Miguel García Solanok, Jesús López Tabernak eta Luis Marroyo Palomok; bai eta Nazioartekotze eta Lankidetzako Zerbitzuko kudeatzaile den Susana Irisarri Primiciak ere.
MEDSOL izeneko proiektuaren hamabi kideetatik zazpi unibertsitateetakoak dira, eta bost, ikerketa-zentro eta enpresetakoak, eta Estrasburgoko (Frantzia) Unibertsitatearen zuzendaritzapean ari dira lanean. Horiez gainera, Egiptoko, Espainiako eta Marokoko beste sei instituzio eta enpresek laguntzen diote partzuergoari.
Mugikortasuna eta masterrak
Proiektuaren bidez, Marokoko eta Egiptoko unibertsitateetan (Rabateko Mohamed V.a, Ifraneko Al Akhawayn eta Karioko Helwan unibertsitateetan eta Alexandriako Zientzia, Teknologia eta Itsas Garraioaren Arabiar Akademian, hurrenez hurren) eguzki-energiarekin lotuta irakasten diren masterren curriculumak hobetu nahi dira. Aurreikuspenen arabera, 2019an bukatuko da proiektua. Irakasleen trebakuntza ere sendotu nahi da, erakundeen arteko mugikortasun-aukerak baliatuz, eta erdigunean teknologia berrienak, ikerketa-emaitzak eta irakaskuntza-metodologiak jarriz. Horren ondorio gisa, goi-mailako hezkuntzako instituzio horietako laborategietako eta lantegietako instalazioak eguneratuko dira, ikasketa-plan hobetuen eskakizun berriak ase ditzaten.
Eta, jakina, ezin ditugu ikasleak ahaztu: Marokoko eta Egiptoko 128 ikaslek mugikortasun-ekintzak egingo dituzte, bai ikasketa-aldiak osatzeko, bai praktikak egiteko Europako, Egiptoko eta Marokoko ikerketa-erakundeetan, enpresetan eta ETEetan. Zehazki, 32 ikaslek egingo dute egonaldia NUPen.
Proiektuaren epeaz harago joan nahi du elkarlanak, eta, beraz, asmoa dago proiektuko unibertsitateen artean nazioarteko masterrak antolatzeko. Horretarako, abiapuntu egokian dago NUP, dagoeneko irakasten baitu Unibertsitate Masterra Energia Berriztagarrietan: Sorkuntza Elektrikoa, 72 kredituko (hots, hiru seihileko akademikoko) graduondoko titulazio ofiziala.