Nafarroako Bigarren Hezkuntzako lau ikastetxetako ikasleek (Leitzako Amazabal BHI, Iruñeko Julio Caro Baroja BHI, Noaingo Elortzibar BHI eta Zizur Txikiko San Fermin ikastola) Zientzia Azokan parte hartuko dute martxoaren 29an, asteazkena, Iruñeko Planetarioan. Elhuyar Fundazioaren ekimen bat da: unibertsitateko atarian dauden ikasleek proiektu zientifiko edo teknologikoak sortzen dituzte ikasturtean zehar, taldeka, unibertsitateko ikertzaile eta irakasleen aholkuak jasoz. Nafarroako ikasleek azoka batean aurkeztuko dizkiote publikoari beren lanak, horregatik du ekimenak Zientzia Azoka izena. Bilboko erdialdean izango da, maiatzean, eta EAEko ikasleekin batera ariko dira han nafar ikasleak. Iruñeko topaketa honetan, beren proiektuak Nafarroako Unibertsitate Publikoko (UPNA) ikertzaile gazteekin kontrastatu ahal izango dituzte. Ekimen honek Foru Erkidegoaren, Unibertsitatearen, Planetarioaren eta Zientziaren Lagunen Klubaren laguntza du.
"Parekoen topaketa" izeneko saioa goizeko 10:00etan inauguratuko da, Planetarioko Martín de Rada aretoan, eta han izango dira, besteak beste, Leire Cancio Orueta Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia, Ramón Gonzalo García UPNAko ikerketako errektoreordea, Joaquín Sevilla Moróder UPNAko Ezagutzaren Dibulgazioko arduraduna, Javier Armentia Fructuoso Iruñeko Planetarioko zuzendaria, Silvia Díaz Lucas Zientziaren Lagunen Klubeko lehendakaria eta Aitor Etxarte Berezibar, Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakaria.
Zientzia Azokako parte-hartzaileek bi eta lau ikasle arteko talde txikiak osatzen dituzte, eta berek aukeratutako gai baten inguruan egiten dute lan. Bi modalitate daude: ikerketa-proiektua aukeratuz gero, ikasleek berek aukeratutako arazo edo galdera bati irtenbidea edo erantzuna aurkitzeko proiektu bat garatu behar dute. Proiektu teknologikoa aukeratuz gero, berriz, jarritako erronkari erantzungo dion produktu teknologiko bat gauzatu behar dute. Proiektuen aurkezpenak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez egin daitezke. Ikasleek unibertsitateko ikertzaile profesionalen eta irakasleen laguntza dute proiektuak gauzatzeko, eta aukera dute haiekin bizipenak partekatzeko ere.
Esperientzia, ez lehia
Elhuyar Fundazioarentzat, ekimen honen antolatzailearentzat, Zientzia Azoka ez da lehiaketa bat, talde-lanean oinarritutako esperientzia aberasgarri bat baizik. Nafarroako bilkuran, beren proiektuak UPNAko ikertzaile gazteekin kontrastatuko dituzte ikasleek; ikerketarekiko konpromisoa handitzea da helburua.
Aurtengo Zientzia Azokan, Nafarroako 80 gaztek hartuko dute parte; izan ere, arestian aipatutako lau ikastetxeez gainera, Zangozako ikastolako ikasleek ere parte hartuko dute. Lau erakundeen (Elhuyar Fundazioa, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Planetarioa eta Zientziaren Lagunen Kluba) helburua da ikerketarekin konprometitutako Bigarren Hezkuntzako zentroen sarea indartzea Nafarroako foru-erkidegoan, unibertsitatearen atarian dauden ikasleen trebakuntza eta gaitasunak hobetzeko.
Elhuyar Fundazioa 1972an sortu zen, eta EAEn du egoitza. Zientziaren eta teknologiaren dibulgazioaren eta euskararen garapenaren alde jarduten duen irabazi asmorik gabeko erakunde bat da.