Joan eduki nagusira

zoom Joan den ikasturtean Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean egin zen Ateak Zabaltzeko Eguna.

Joan den ikasturtean Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean egin zen Ateak Zabaltzeko Eguna.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Iruñeko eta Tuterako campusetan programatu dituen Ateak Zabaltzeko hiru egunetako lehena egingo du datorren larunbatean, martxoak 25. Hain zuzen, egun horretan nafar hiriburuko lau fakultateetako titulazioak aurkeztuko dira, hots, Osasun Zientzien, Ekonomia eta Enpresa Zientzien, Giza eta Gizarte Zientzien eta Zientzia Juridikoen fakultateetakoak. Saio horiek 2017-2018 ikasturtean Unibertsitatean hasi nahi duten Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei zuzenduta daude. Ateak Zabaltzeko Egunak antolatzen dituzte ikastegiek eta titulazioek, eta zabalik daude ikasleentzat eta haien gurasoentzat, aldez aurretik izena eman behar izan gabe. Jardueren egun-orduak eta tokiak ikusi nahi izanez gero, hemen daude: Unibertsitatearen webgunea.

Ateak Zabaltzeko lehen Eguneko (martxoaren 25eko) egitarauak titulazio hauei buruzko informazio-saioak hartuko ditu barne: Osasun Zientzien Fakultateko titulazioak (Erizaintza eta Fisioterapia), Zientzia Juridikoen Fakultateko titulazioak (Zuzenbidea eta Lan Harremanak eta Giza Baliabideak), Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatekoak (Haur Hezkuntzako Irakasletza, Lehen Hezkuntzako Irakasletza, bi gradu horiei dagozkien eta oraindik onartzeko dauden nazioarteko programak barne, Gizarte Lana eta Soziologia Aplikatua) eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatekoak (Ekonomia, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza, Ekonomia eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzaren gradu bikoitzaren Nazioarteko Programa, Zuzenbidea eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzaren gradu bikoitza eta Zuzenbidea eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzaren gradu bikoitzaren Nazioarteko Programa). Saioetan, halaber, informazioa emango da ingelesa (“English Learning Programme”) eta frantsesa (“Programme d’Apprentissage du Français”) ikasteko programei buruz.

Jardunaldia goizeko 10:00etan hasiko da hitzaldi batekin Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean. Ondoren, hitzaldiak egingo dira Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatean, 10:30ean; Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatean, Gizarte Laneko eta Soziologia Aplikatuko graduei buruz, 11:30ean; Zientzia Juridikoen Fakultatean, 12:00etan; eta berriz Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatean, Haur Hezkuntzako Irakasletza eta Lehen Hezkuntzako Irakasletza graduei buruz, 12:30ean. Osasun Zientzien Fakultatearen kasuan izan ezik, bere saioa Iruñeko Barañaingo etorbidea z/g helbideko egoitzan emango baitu, gainerako aurkezpenak nafar hiriburuko Arrosadiko campuseko Ikasgelategian izango dira.

Ingeniaritzak apirilaren 1ean, larunbatean

Ateak Zabaltzeko hurrengo Eguna apirilaren 1ean, larunbatean, izango da. Informazio-saioak beste titulazio hauei buruz izango dira: Nekazaritza Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko titulazioei buruz (Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza, Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntza eta Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen eta Elikagaien Prozesuen eta Produktuen Berrikuntzaren gradu bikoitza), 10:00etatik aurrera, eta Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikokoei buruz (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa, Ingeniaritza Mekanikoa, Ingeniaritza Mekanikoaren Diseinua, Industria Teknologietako Ingeniaritza, Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritza eta Ingeniaritza Informatikoa), 11:30etik aurrera.

Aurreko kasuan bezala, ingeniaritzei dagozkien eta onartzeko dauden nazioarteko programak ere jorratuko dira, bai eta ingelesa eta frantsesa ikasteko programak ere.

Jardunaldiaren barruan informazio-hitzaldiak egin eta laborategiak eta lantegiak erakutsiko dira (osasun-arloko graduen eta bi ingeniaritza-eskoletako titulazioen kasuetan), bai eta unibertsitateko gainerako instalazioak ere (Liburutegia, Errektoretza...). Halaber, horretarako interesa daukatenek kirol-instalazioak eta Urkiak Unibertsitate Egoitza ikusteko aukera ere izango dute.

Ateak Zabaltzeko Egunetarako ezarritako egitaraua Tuterako campusean bukatuko da apirilaren 8an, larunbatean. Diseinu Mekanikoko Ingeniaritza titulazioari buruzko hitzaldia emango da 10:00etatik aurrera, eta Fisioterapiari buruzkoa 11:30etik aurrera. Irakasleek bi graduen edukiak zein diren eta lanerako zer aukera ematen duten azalduko dute, eta ibilaldi gidatu bat egingo dute laborategietatik eta lantegietatik.

Inskripzioa ekainean egingo da

2017-2018 ikasturtean graduko ikasketak Nafarroako Unibertsitate Publikoan hasteko interesa duten pertsonek ekainaren bigarren hamabostaldian eman beharko dute izena Interneten bidez, Unibertsitatearen webgunean (www.unavarra.es), eta zer gradutan sartu nahi duten adierazi beharko dute, gehienez ere sei hautatuta, lehentasunezko ordenan. Onartuen zerrendak uztailean ezagutaraziko dira, eta hilabete horren bukaeran irekiko da matrikulatzeko epea, zeina "online" izango baita halaber.