

Stephanie Mutsaerts Hermans ingeleseko irakaslea, eskola ematen NUPeko Hizkuntzen Goi-mailako Ikastegian.
Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP), Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiaren bitartez, britainiar unibertsitatearen Cambridge English azterketak eskaintzen dituzten zentro aztertzaile baimenduen sarean sartu da. Hizkuntza-proba horiek ingeleseko titulu ofizialak eskuratzeko aukera ematen diete mundu osoko 20.000 erakundetan baino gehiagotan onartutako beste hizkuntzetako hiztunei. Unibertsitatean egingo den lehen deialdia aurtengo maiatzekoa izango da, hain zuzen Cambridge English: First diplomarena, First Certificate in English (FCE) izenez ezaguna, eta Hizkuntzen Erreferentziako Europako Esparru Komunaren B2 mailari dagokiona. Izena emateko epea ireki da dagoeneko, eta matrikula martxoaren 8a arte egin daiteke Unibertsitateko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiaren webgunean.
Cambridge Englisheko zentro aztertzaileak proben kudeaketa antolatzeaz arduratzen dira, eta zentroan bertan egiten dute azterketa. Zeregin horiek gauzatzeko, protokolo zorrotz bat ezarri da, bai eta Cambridgeko Unibertsitatearekin harreman estua ere.
Cambridge English Europako Hizkuntza Azterketen Elkarteko (ALTE) kide fundatzailea da eta ingelesezko ezagupenak egiaztatzen dituzten tituluak ematen ditu, Hizkuntzen Erreferentziako Europako Esparru Komunari jarraikiz. Horrez gain, Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak (CRUE) haren ziurtagiriak ezagutzen ditu. Cambridgeko Unibertsitateko ziurtagiriak ingelesezko ezagupenak egiaztatzeko froga moduan onartzen dira 20.000 instituziotan baino gehiagotan, hala nola mundu osoko unibertsitate, enpresa eta erakunde ofizialetan.
Deialdiak eta prestakuntza-ikastaroak
Cambridge English: First azterketaren maiatzeko deialdiari dagokionez, proba idatzia maiatzaren 13an egingo da, larunbata, eta ahozkoa, berriz, maiatzaren 9aren eta 12aren artean. Deialdi horretako azterketa-eskubideak 173 euro balio du.
Ekaineko deialdian parte hartzeko interesa dutenek aukera izango dute izena online emateko, martxoaren 9tik apirilaren 27ra. Azterketa idatzia ekainaren 24an, larunbata, egingo da.
Maiatzeko eta ekaineko azterketen ahozko atala prestatzeko, Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiak bi lantegi antolatu ditu. Lantegiak maiatzaren 5ean (maiatzaren 13ko deialdia) eta ekainaren 16an (ekainaren 24ko deialdia) emango dira. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu webgunea.
Ikastaro eta ingeles-diploma horiei buruzko informazio guztia Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiaren webgunean dago ikusgai; bestela, deitu 948 16 97 91 telefonora, edo bidali mezu bat centro.idiomas@unavarra.es helbidera, edota joan Ikastegiaren informazio-puntura (Sario eraikina, 3. modulua, lehenengo solairua), zeinaren ordutegia webgunean baitago ikusgai.